“Los domingos”ek loria erdietsi du, Urrezko Maskorra irabazita
Alauda Ruiz de Azua barakaldarraren filmak irabazi du Zinemaldiko sari nagusia, baita Euskal Zinemaren Irizar saria ere. Jose Ramon Soroizek “Maspalomas” pelikulan egindako interpretazio erraldoiak, bestalde, interpretazio onenaren saria ekarri dio aktore legorretarrari, Zhao Xiaohong txinatarrarekin "ex aequo".
Los domingos pelikulak, 17 urteko neskato batek moja bizitzarekin duen liluraren gainean eraikitako gure garaiaren erradiografia oso askoak, irabazi du Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioaren Urrezko Maskorra., film onenaren saria.
Alauda Ruiz de Azua barakaldar zinemagileak jaso du gaur gauean Kursaalen, edizio honetako itxiera galan, aurten J.A. Bayona kataluniar zinemagileak gidatu duen epaimahai ofizialaren sari gailena. Querer serie laburraren egileak idatzi eta zuzendu duen bigarren film luzea da Los domingos, Cinco lobitos debuteko film sarituaren ondoren.
Ainararen istorioa kontatzen du Los domingos lanak, Euskal Zinemaren Irizar saria ere irabazi duen filmak. 17 urteko neskato idealista eta aparta da Ainara; ezustean, Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela adieraziko du, eta klausurako moja sartzea aztertzen ari dela. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa, eta proba erabakigarri bati egin beharko diote aurre senideek.
Zinemaldia
“Los domingos”: jainkoaz, baina, batez ere, gizakiaz
Alauda Ruiz de Azuak idatzi eta zuzendu duen bigarren film luzea aurkeztu du Zinemaldiko Sail Ofizialean. “Los domingos” gure garaien erradiografia oso askoa da, 17 urteko neskato batek moja bizitzarekin duen liluraren gainean eraikia.
Epaimahaiak, gainera, aipamen berezia egin dio Historias del buen valle Jose Luis Guerinen filmari, Bayonaren hitzetan, “gutxitan filmatzen diren aurpegi eta paisaiei begiratzen baitie”.
Jose Ramon Soroiz, poz bitsetan
Jose Ramon Soroiz legorretar aktore beteranoarentzat izan da interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra, Zhao Xiaohong txinatar aktorearekin ex aequo. Soroizek Maspalomas Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendu duten filmean egindako lan erraldoia azpimarratu du horrela epaimahai ofizialak, baita Xiaohongek Her heart beats in its cage fikzioa eta errealitatea nahasten dituen pelikulan egindakoa. Txinatarrak hamar urte egin zituen kartzelan, senarra hiltzeagatik, eta filmean bere burua gorpuztu du bere historia kontatzeko.
Bestalde, Soroiz Vicente da Maspalomas moriartitarren filmean, bikotekidearekin hautsi ondoren Kanaria Handiko herri horretan gustuko duen bizimodua egiten hasi den 76 urteko gizon homosexuala. Istripu batek Donostiara itzultzera behartuko du, eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin elkartu beharko da. Vicentek adinekoen etxe batean bizi beharko du, eta bertan armairura itzultzera bultzatua sentituko da.
Soroizek 50 urteko ibilbidea du atzean, batez ere telebistan eta antzokietako oholtzetan, eta zuzendariek ez zuten zalantzarik izan papera hari eskaintzeko. Soroizek, baina, hausnartu behar izan zuen, baiezkoa eman aurretik, sexu eszena esplizitu askoak baititu filmak.
Azkenean, proposamena onartu egin zuen Soroizek, zorionez, eta publikoaren oniritziak eta gaurko sariak erabaki hori berretsi dute. “Hustu egin naiz”, esan zuen pelikula aurkezteko prentsaurrekoan, “50 urteko ibilbidean bizi izan ditudan bi hilabete gogor eta zoragarrienak izan ziren”.
Saria jasotzeko orduan, Soroizek publikoaren babes estu eta ozena jaso du, eta eskerrak eman dizkie Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zuzendariei, “50 urtean egin didaten saria handiena” izan baita Maspalomas. Soroizek eskerrak eman dizkie, halaber, pelikularen lantalde osoari, familiari, Legorretako herriari eta publikoari, eta Palestinako genozidioa eta gerra guztiak bukatzeko deia egin du.
Gainerako sari ofizialak
Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Joachim Lafosse belgikar zuzendariak jaso du, Six jours ce printemps-là filmagatik, eta antzeztaldeko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Camila Plaate Belén filmeko aktorearentzat izan da.
Halaber, argazkilaritza onenaren saria Pau Estevek eraman du, Los tigres euskal koprodukzioan egindako lanagatik, eta gidoi onenarena Joachim Lafossek berak, Chloé Duponchellerekin eta Paul Ismaëlekin batera, Six jours ce printemps-là lanagatik.
Sail ofizialetik kanpo, Kutxabank New Directors saileko film onena Weightless danimarkarra (Emilie Thalund) izan da, Horizontes Latinosekoa Un poeta kolonbiarra (Simón Mesa Soto) eta Zabaltegi Tabakalera atalekoa La tour de glace (Lucile Hadzihalilovic).
Gainera, New Directors atalean, Aro berria Irati Gorostidiren filmak aipamen berezi jaso du.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
“Palestine 36” filmak irekiko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia
Apirilaren 23tik 30era 23. edizioa egingo duen jaialdiko pelikuletan hizpide hartuko dituzte, besteak beste, emakumeek erlijioetan duten zeregina, larrialdi klimatikoa, prekarietatearen feminizazioa eta pertsona transek landa giroan duten egoera.
Piztu ziren argi gorriak Hernaniko eskalextrikean
"Argi Gorriak" telesailaren zortzi ataletan, krudela oso da komedia, bizitza nola. Zortzi atal horietan, algarak izozten dizkizute gidoilariek eztarrian.
Stephen Colbertek "Eraztunen jauna" sagako film berria idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, Eraztunen jauna: eraztunaren komunitatea liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.