Imanol Uribek jasoko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren sari berezia
Palestine 1936 filmak inauguratuko du eta Rebuilding filmak itxiko du zinema jaialdiaren 23. edizioa.
Imanol Uribe zinemagilearen ibilbide oparoa sarituko du Donostiako Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak, 23. edizioan. Datorren ostegunean inauguratuko du jaialdia Palestine 1936 filmak, eta apirilaren 30ean itxiko du Rebuildingek, kapitalismoak AEBn bazterrean utzi dituenenganako hurbilketa.
Zortzi egunez, 27 film luze eta 19 film labur proiektatuko ditu Donostiako jaialdiak, eta gai hauek jorratuko ditu, besteak beste, horien bidez: errefuxiatuen egoera munduko hainbat lekutan, haurren osasuna, emakumeek erlijioetan duten papera, Afrikako haur soldaduak eta gizarte mobilizazioen indarra.
Aurtengo saridun berezia Imanol Uribe (El Salvador, 1950) zuzendaria izango da, eta Bwana proiektatuko dute sari horren kari. Immigrazioari eta arrazakeriari buruzko istorioa da, eta Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen 1996an, Días contados filmarekin sari berbera lortu eta bi urtera.
Giza Eskubideen Zinemaldiak "azken 50 urteetako euskal zinemaren izen handienetako bat" bezala aurkeztu du Uribe, "eta zenbait euskal film klasikoren egilea da, hala nola El proceso de Burgos, Segoviako ihesa eta Mikelen heriotza (1983).
Sail Ofizialean, Lutxi eta zuhaitza Lander Garroren lana aurkeztuko dute, Lucia Urigoitia ETAko kideari buruzko dokumentala (1987an, Pasaian, egoera nahasian hil zen, Guardia Zibilaren operazio batean), baita Natxo Leuza nafarraren Black water ere.
EITBk euskal film labur onenaren saria emango du.
Zure interesekoa izan daiteke