74. zinemaldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

21 film ariko dira 74. zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera Saria irabazteko lehian

Maria Alche eta Benjamin Naishtaten 'Pedro en el país' filmak emango dio hasiera sekzioari, eta Isaki Lacuestaren 'Jaleos' filmak itxiko du. 13 film luzek, zazpi film laburrek eta film ertain batek saria aukeratuko dute, eta sailak, lehiaketatik kanpo, ikus-entzunezko performance bat ere izango du, Albertina Carri zinemagile eta idazlearen eskutik.

Jaleos_Flamenco_Sketches Zinemaldia Isaki Lacuesta

Isaki Lacuestaren 'Jaleos' filmeko fotgrama bat. 

Zabaltegi-Tabakalera Saria eskuratzeko lehian ariko dira 74. Zinemaldian 21 lan, zehazki, 13 film luze, zazpi film labur eta film ertain bat, besteak beste, Maria Alche eta Benjamin Naishtat, Tizza Covi eta Rainer Frimmel, Radu Jude, Lee Chang-dong, Federico Luis, Tsai Ming-Liang eta Jane Schoenbrun zuzendarienak. Irailaren 18tik 26ra Gipuzkoako hiriburuan egingo den Zinemaldiko saiol honetan, halaber, Albertina Carri zinemagile eta idazlearen ikus-entzunezko performance bat ere izango da, lehiaketaz kanpo. 

Sailak mundu mailako bost estreinaldi aurreikusten ditu, eta Maria Alcheren eta Benjamin Naishtaten 'Pedro en el país' filmak emango dio hasiera atal honi; eta amaiera, berriz, Isaki Lacuestaren 'Jaleos' filmak emango dio, Zinemaldiak jakinarazi duenez.

Zabaltegi-Tabakalera saria 20.000 eurokoa da, zuzendariari (6.000 euro) eta filmaren Espainiako banatzaileari (14.000 euro) zuzendua.

Hamahiru film luze

  1. Pedro en el pais / Pedro in the Land izango da sailari hasiera emango dion obra, ez-fikziozko film luze bat; pelikulan, Pedro Catellak, Latinoamerikako jazokizun historiko nagusien lekuko izan zenak, bere bizitzaren errepasoa egiten du. Film luzea Maria Alchek (Buenos Aires, 1983) eta Benjamin Naishtatek (Buenos Aires, 1986) zuzendu dute, Donostia Zinemaldiarekin lotura estua duen bikote argentinarrak, hain justu. 
  2. Isaki Lacuestak (Girona, 1975) itxiko du saila Jaleos / Flamenco Sketches ez-fikzioarekin, flamenkoaren historiaren ibilbide bat, C. Tangana, Alba Flores, Solea Morente, Rocio Molina, Georges Didi-Hubermann edo Pedro G. Romerok kontatua, artea, politika eta kultura herrikoia lotzen dituena. 
  3. Maria Aparicio (Cordoba, 1992) Zabaltegi-Tabakalera sarirako lehiatuko da A veces me entra tristeza, otras veces rebelión / Sometimes Sadness, Sometimes Rebellion filmarekin, Veneziako zinema-jaialdiko Giornate degli Autori atalean estreinatu ondoren. Filmeko protagonista Eva da, emakume argentinar bat, Madrilen dagoela Juan Bialet Masseren irudia eta Argentinako langile-borrokak ikertzen dituen historialari bat ezagutuko duena. 
  4. The Loneliest Man in Town lanean, Tizza Covik (Bolzano, 1971) eta Rainer Frimmelek (Viena, 1971) aktore ez-profesionalen eta jokaleku naturalen aldeko apustua egin dute oraingoan ere, eta blues-musikari adindun baten bizitza hauskorra kontatzen digute euren lan berrian. Protagonistaren bizitzak bira handia izango du higiezin-sustatzaile batzuek gizonaren etxeari erreparatzen diotenean (eraitsi nahi dutelako). The Loneliest Man in Town obra Donostiara iritsiko zaigu aipamen berezia jaso ondoren aurtengo Berlinaleko lehia ofizialean.
  5. Veneziako Giornate degli Autorin estreinatu ondoren, David Lamelas (Buenos Aires, 1946) eta Ignacio Masllorens (Buenos Aires, 1973) zuzendariek El fantasma / The Phantom, aurkeztuko digute. Argentinarren filmeko protagonistak bi ekoizle gazte dira, enkargu bat jasoko dutenak: 60ko hamarkadako abangoardia argentinarreko pertsona zaputz bati buruzko dokumental bat zuzentzea; ikerketak David Lamelasen beraren partaidetza eskatzen du. 
  6. Lee Chang-dong hegokorearrak (Daegu, 1954) Ga-neung-han Sa-rang / Possible Love, aurkeztuko digu, Venezian lehiatu eta Torontotik igaro ondoren. Pelikulako protagonistak bi bikote dira, eta kontrako bizimoduak dituztela badirudi ere, gurutzatu egingo dira azkenean eta duten errutinaren oreka aldatu egingo da. 
  7. Berlinaleko Panorama Dokumente sailean estreinatu ondoren, Tobias Nölle (Zürich, 1976) eta Loran Bonnardot (Paris, 1973) Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko dira Tristan Forever dokufikzioarekin; bertan, Bonnardot medikua Tristan da Cunhara itzuliko da, biztanleak dituen uharterik urrunena eta gizonaren erretiro espirituala azken hiru hamarkadotan. Bidaia horren ondoren, medikuak ez du handik irteteko inolako asmorik. 
  8. La belle annee, luzaroan aldenduta egon ondoren duela gutxi hildako aitaren asuntoetaz arduratzen zen bitartean filmatutako autofikzio honetan, Angelica Ruffier (Lulea, 1988) zuzendari suediarrak bere burua interpretatzen du. Film labur ugari zuzendu, editatu eta ekoitzi ondoren, Ruffierrek film luze hau zuzendu du, lehena bere ibilbidean, eta Rotterdameko zinema-jaialdiaren azken edizioan Tiger Competition Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen.
  9. Jane Schoenbrunek (New York, 1987)Teenage Sex and Death at Camp Miasma aurkeztuko digu. Zuzendari gazte bat slasher frankizia dekadente bat berpizten saiatuko da, eta, azkenean, jatorrizko filmeko protagonistarekin batera, desio, beldur eta eldarnio odoltsuko unibertso batean barneratuko.
  10. Isaki Lacuestaren filmaz aparte, espainiar produkzioko beste lau pelikula ere leihatuko dira Zabaltegi-Tabakalera sailean; tartean, HAMALAU gau, Oskar Alegria Suescun zuzendari nafarraren (Iruñea, 1973) azken filmak Ramon Andres, Julia Otxoa, Josebe Blanco, Josu Venero, Iban Urizar (Amorante), Bertha Bermudez, Mixel Etxekopar eta Jean-Christophe Galtxetaburu eta abarren ahotsak biltzen ditu, Oteizaren unibertsoa birsortzeko. 
  11. Meritxell Colell Aparicio (Bartzelona, 1983) Zabaltegi-Tabakalera sailera iritsiko da Locarnoko zinema-jaialdiko sail ofizialean lehiatuko den Lejos de los árboles / Far From the Trees bere film luze berriarekin (Ikusmira Berriak, 2022 eta Proyecta, 2021). Filmean, Adela artista mexikarrak Perura bidaiatuko du, eta erbesteratu errepublikarren biloba gisa, bere aitonaren ondarearekin jarraituko du: desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen soinu-mapa bat sortzea.
  12. Bruno Dumont (Bailleul, 1958) zinegile frantsesaren Les Roches rouges / Red Rocks koprodukzioa Cannesko Quinzaine des Cineastes atalean estreinatu zen; maitasunari, bizitzari eta heriotzari aurre egin beharko dieten haur txikien bi talderen arteko lehiari buruzkoa da obra. 
  13. Sailak Dust lanaren estreinaldia ere hartuko du; Tsai Ming-Liang (Kuching, 1957) zinemagile malaysiarrak zuzendutako filma da Dust. El caminante seriearen atal berria da, oraingoan bere meditazio-ibilaldia egiteko Donostia eta Gipuzkoa aukeratu dituen monje budistari jarraitzen diona haren munduan zeharreko bidaian. 

Lau film labur eta film ertain bat

  1. Tanmay Chowdhary (Kalkuta, 1990) eta Tanvi Chowdhary (Kalkuta, 1995) anai-arrebek Abhinetri / Actress aurkeztuko digute, mundu-estreinaldi gisa. Aktore izan nahi duen emakume gazte bat da film labur honen protagonista, eta errealitatearen eta interpretazioaren arteko lerroa lausotzen hasi dela ikusiko du. 
  2. Rotterdamgo zinema-jaialdian estreinatu ondoren, Mo Harawek (Muqdisho, 1992) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Whispers of a Burning Scent film laburrarekin. Filmak ezkontza-musikari bat du protagonista, funtzio garrantzitsu baten eta bista judizial erabakigarri baten egun berean, bere bizitza pribatua azterketa publikoaren pean nola geratuko den ikusiko duena. 
  3. Radu Jude (Bukarest, 1977) eta Adrian Cioflanca (Piatra Neamț, 1974) Zabaltegi-Tabakalera saria beretzeko lehian ariko dira, besteak beste Berlinalen eta Cinéma du Réelen proiektatutako Plan contraplan / Shot Reverse Shot film laburrarekin. Istorioaren alde komikoa erakusten digute bi zuzendari errumaniarrek, Edward Serotta kazetariak Errumania komunistara egindako bisitaldian ateratako argazkiak eta polizia sekretuak Serottari berari ateratakoak kontrajarriz. 
  4. Cannesko Zinemaldian film labur onenaren Urrezko Palma irabazi ondoren, Federico Luisek (Buenos Aires, 1990) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Para los contrincantes / For the Opponents filmarekin, boxeo-txapeldun bihurtzeko ametsa duen gazte mexikar bati buruzkoarekin, hain justu. 
  5. Marie-Rose Osta libanoarrak (Zahle, 1987) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Yawman ma walad / Someday a Child film laburrarekin. Filmean —aurtengo Berlinalen film labur onenaren Urrezko Hartza irabazi duenean—, osabarekin bizi den haur batek bere botere apartak ezkutatu behar ditu Libanoko herrixka batean, gerra-hegazkinen zaratak entzuten dituela etengabe. 
  6. Dorothea Sing Zhang (1999) Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da As a Cure film laburrarekin; Mommy trilogy delakoaren azken zati hau Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu ondoren iritsiko da Donostiara. Bertan, emakume gazte bat bere nortasun-agiriaren bila dabil dunen artean, Pekingo Opera Akademian matrikulatzeko behar baitu.
  7. Salka Tizianak (Munich, 1992) Gluey Feathers fikziozko film laburra aurkeztuko digu, mundu-estreinaldi gisa; bertan, sasoi-langileen talde batek zalantzaz egiten dio aurre Alemaniako iparraldeko baratze-ustiategi batean uztaren amaierari. 
  8. Bojina Panayotovak (Sofia, 1982) 1980an kokatzen du With Love and Rage film ertaina; Ronald Reagan AEBko presidente hautatua izan da, eta 2.000 emakumek Pentagonoa inguratu dute gerra-makineriaren aurka protestatzeko.

Arteaz hausnartzeko performancea

Azkenik, Albertina Carri (Buenos Aires, 1973) zinemagile eta idazleak Cine vivo: un artefacto aurkeztuko du lehiaz kanpo, Cine vivo liburuko testuen irakurketa konbinatzen duen ikus-entzunezko performance bat, hain zuzen ere, zinemari, memoriari, artxiboari eta irudiak eta soinuak sortu eta begiratzeko moduei buruz hausnartzeko. Tabakalerak antolatuta, espainiar Estatuan egingo den lehen emanaldia izango da, eta Paloma Peñarrubiak soinuzko esku-hartzeak egingo ditu bertan, landareen soinutik abiatuta. Proposamena osatzeko, Cine puro film laburra emango da, onddoek degradatutako film-materialarekin egina, jatorrizko irudiak desagerrarazi arte.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X