Lorcaren lanari buruzko “La bola negra” filmak 150.000 ikusletik gora bildu ditu EAEn
La bola negra pelikula espainiarra arrakasta handiz igarotzen ari da bere ibilbidearen lehen asteak Espainiako eta Hego Euskal Herriko areto komertzialetatik.
Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak emandako datuen arabera, Javier Calvok eta Javier Ambrossik zuzendutako filmak 150.760 ikusle bildu ditu bi astean EAEn. Bizkaian 77.086 pertsona joan dira zinemara La bola negra ikustera, Gipuzkoan 54.245 lagunek ikusi dute eta Araban 19.429 ikusle bildu ditu.
Movistar Plusen ekoizpenak Federico Garcia Lorca idazleak argitaratu gabe utzitako antzezlana du inspirazio iturri, Espainiako Gerra Zibilaren aurretik, bitartean eta gaur egun kokatutako hiru gizon homosexualen istorioak kontatzen ditu. Lorca 1936ean hil zuten Espainiako Errepublikaren kontrako estatu-kolpea egin zuten matxinoek, ezkertiarra eta homosexuala izateagatik.
Cannesen arrakasta handiz estreinatutako eta Zinemalditik igarotako filmak dagoeneko 1.017.192 euro bildu ditu EAEko zinemetan: 528.659 euro Bizkaian, 353.412 Gipuzkoan eta 135.121 Araban.
Espainian, 3 milioi pertsonak baino gehiago ikusi dute pelikula, eta 21 milioi eurotik gora bildu ditu. Beraz, hamar espainiar ekoizpenen arrakastatsuenen zerrendan sartu da.