'Biktimak-presoak bileren helburua arriskuan jartzen ari dira'
Biktimen Arretarako Eusko Jaurlaritzaren Bulegoak ohartarazi du azken asteotan ETAko presoen eta biktimen arteko bilerek izan duten oihartzun mediatikoak batzar horien benetako helburua arriskuan jartzen duela.
Txema Urkijo eta Jaime Arrese Biktimen Bulegoko aholkulariek, Xabier Etxebarria topaketa horien koordinatzaileak eta Iñaki Garcia Arrizabalaga batzar horietan parte hartu duen biktimak gutuna igorri dute El Pais egunkarira, "gizarteratze plan berriak dituen arriskuez ohartaraztea ezinbestekoa delako"; eta gogora ekarri dute eurak direla gisa horretako bilerak antolatzen hasi ziren lehendabizikoak.
Alabaina, "ETA utzi duten presoen eta euren biktimen arteko bilerak arriskuan egongo dira, produktu mediatiko bihurtu eta batzar horien helburu pedagogiko eta sozialaren gainetik morboa ezartzen bada", ohartarazi dute.
Horrez gain, topaketa horiek egiteko prozedura zein den azpimarratu dute: "Elkarrizketa horiek biktimak nahi badu egingo dira, baina bilera egin aurretik presoarekin egin behar da lanketa eta presoa batzar hori egiteko prestatuta dagoenean biktimari harekin biltzeko aukera eskaini behar zaio, baino ez lehenago, aukera zapuzten bada biktima aterako baita kaltetuta".
Ildo horretan, akats larritzat jo dute elkarrizketa horiek bitartekari profesionalen laguntza barik egitea. "Biktima bat espetxe batera joan eta preso batekin profesional baten babesik gabe elkartzen bada, arriskuak neurtezinak dira", nabarmendu dute.
Consuelo Ordoñez-Valentin Lasarte bilera
Gauzak horrela, bilera hauen inguruko hausnarketa eskatu dute eta ostiral honetan Consuelo Ordoñezek Valentin Lasarterekin izango duen batzarra gogor kritikatu dute; izan ere, Gregorio Ordoñez PPko zinegotzi izandakoaren arrebak dagoeneko argi adierazi du ez duela elkarrizketa hauen helburuetan sinesten.
"Biktima horrek behin baino gehiagotan esan du iniziatiba hau desegitea dela bere asmoa eta, ondorioz, ez dugu emaitza onik espero bilera horretatik", erantsi dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Jaurlaritzak adierazi du adingabeen harrera zentroen sistema "tentsionatuta" dagoela; Garmendia Ceutako haurrak hartzearen alde dago
Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri