Koordinakundea desegingo da
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bakearen Aldeko Koordinakundearen ekarpena eskertu dute alderdiek

ETAren aurkako borrokan Koordinakundeak izandako papera azpimarratu du Euskadiko alderdi politikoek. Koordinakundeak desegiteko azken batzarra egin du gaur.
Bakearen Aldeko Koordinakundea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB

ETAren terrorismoaren aurkako borrokan Bakearen Aldeko Koordinakundeak egindako lana aitortu eta eskertu dute euskal alderdi politikoek. Larunbat honetan desegiteko azken batzarra egin du Koordinakundeak.

EAJ

Joseba Egibar EAJren legebiltzarkideak Radio Euskadin eskainitako adierazpenetan esan duenez, Koordinakundeak "ibilbide luzea izan du herritarren giza eskubideen defentsaren alde". Halaber, "politika arloan, oso baldintza txarretan lanean aritu izana" azpimarratu du. Ondorioz, "egindako bidea" eskertu du.

EH Bildu

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, Bakearen Aldeko Koordinakundeari "miresmena" diola esan du. "ETAren indarkeriazko ekintzak salatu zituen, eta desegitea erabaki badu, horrek esan nahi du, logikari jarraituta, ETA mehatxua izateari utzi diola".

PSE

Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkideak ere egindako lana eskertu dio Koordinakundeari. "Euskal gizarteak beldur handia zuenean hasi zen lanean, eta horrek hainbat kontzientzia esnatu zituen", esan du, "kalera irteteko animatu gintuen ahots ausarta izan zen Koordinakundea".

PP

Bestalde, Laura Garrido PPko legebiltzarkidearen hitzetan, Koordinakundeak "kontzientziak astindu" ditu, eta "ETAren biktimen inguruko hainbat aurreiritzi suntsitzen lagundu zuen".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Hasi da hauteskunde kanpaina Andaluzian

Sevillan ekin die kanpainako ekitaldiei Alderdi Popularrak; Granadan, Alderdi Sozialistak. Moreno Bonilla PPko hautagai eta gaur egungo presidenteak gehiengo absolutua nahi du; ez du Vox nahi bere gobernuan. Jarraitzaileei botoa ematera joateko deia egin die, inkestek iragartzen duten gehiengo absolutua ziurra ez delakoan. Alderdi Sozialistaren hautagai Maria Jesus Monterok, berriz, inkestek iragartzen dizkioten emaitza txarrak irauli nahi ditu eta zerbitzu publikoen aldeko defentsan oinarritu du kanpaina.

REBEKA UBERA LAURA GARRIDO
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Medikuen gatazkan esku hartzeko eskatu diote EH Bilduk eta PPk Osasun sailburuari

Medikuen grebaz aritu dira gaur, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk medikuen lan-baldintzak hobetzeko mozioa eraman du ganberara, eta Rebeka Ubera koalizioko legebiltzarkideak Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari eskatu dio, fitxa mugitu eta neurriak hartzeko aferan.  Alderdi Popularreko Laura Garridok ere defendatu du Jaurlaritzak badituela eskuduntzak, medikuen egoera hobetzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X