Urkulluk nazioartearen babesa eskatu du konponbidean aurrera egiteko
Bakearen eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko Euskadik babesa behar duela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Horrela, "ikuspegi objektiboago bat" beharrezkoa dela esan die Urkulluk Latinoamerikako enbaxadoreei Madrilen.
Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak ETAren armagabetze keinuaren berri emango du bi egun barru, eta Urkulluk deialdi hori egin die nazioarteko ordezkariei.
Latinoamerikako 20 bat enbaxadoreekin bildu da. Euskadik bizi duen egoeraren ikuspegi "objektiboago" bat ematen duten atzerriko ekarpenei ongietorria egin die lehendakariak.
Urkulluren hitzetan, Euskadin bakea lortzeko aukera "bakarra eta historikoa" da eta "terrorismoa betirako bukatu da".
Hala ere, "ETA behin betiko desagertu" behar dela gogorarazi du, eta "prozesua bukatzeko guztien arteko lana" eskatu du, "amaiera ondo egiteko", gaineratu du.
Lehenik eta behin, "ahalik eta azkarren ETAren erabateko desarmatzea" gertatu beharko litzatekeela gogorarazi du agintariak, ondoren erakunde armatuak "egindako kalte bidegabea" onartu beharko luke eta azkenik "biktima guztiak aintzat hartu" beharko lirateke.
Bestalde, "espetxe politikan legezko irtenbideak" aplikatzea eskatu du Urkulluk. "Elkarbizitza normalizatu bat lortzeko lau tradizio politiko nagusien integrazioa" beharrezkoa dela esan du, hau da, EAJ, ezker abertzalea, PSE eta PP.
Autogobernua
Bestalde, Euskadiren etorkizun politikoa hizpide izan du lehendakariak. Urkulluren hitzetan, "Espainiak bere errealitate nazionalak hobeto kokatu behar ditu".
Lehendakariaren arabera, "zenbat eta autogobernu handiagoa, ongizate handiagoa", bistakoa da. Horregatik, Gernikako Estatutua "eguneratu" behar dela defendatu du.
Besteak beste, Argentina, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Txile, Dominikar Errepublika, Ekuador, Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Uruguai eta Venezuelako enbaxadoreak izan dira bileran.
Zure interesekoa izan daiteke
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri