'Koroari arau gehiago jarriz gero, arazo asko aurreztuko genituzke'
Espainiako Konstituzioak erregearen abdikazioa jasotzen du, baina haren ondorioak arautzeko lege organiko bat sortu behar da: "Ez da Konstituzioa aldatu behar, oro har ondo baitago, baina garatu egin behar da. Koroari arau gehiago jarri izan bagenizkio, arazo asko aurreztuko genituzkeen", azaldu du Javier Tajadura Tejada EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak.
Tajaduraren aburuz, "ezjakintasun handia dago" horren inguruan. "Printzeak, adibidez, zenbait lan egin ditu, baina, Konstituzioaren arabera, ezin du ezer egin. Hau da, orain arte egin duena legez kanpo edo Konstituzioa alde batera utzirik egin du, printzearen jarduna arautzeko legerik ez baita onartu oraindik. Ez dira arautu beharreko alor guztiak arautu, bateraezintasunak (Urdangarinen inguruan sortutako iskanbila saihestuko zatekeen) eta kontuen gardentasuna, esaterako".
Konstituzioak erregearen irudia jasotzen du, "munduko konstituzio guztiek estatuburua jasotzen duten bezala". Horregatik, berdin dio: "Monarkia edo errepublika izatea bigarren mailako kontua da".
"Erregea Estatuaren bateratasunaren eta iraunkortasunaren ikurra da": hitz horiekin deskribatzen du Konstituzioak erregea. Hau da, "ikurra da". Hala ere, Frantziako Konstituzioak gauza bera esaten du presidenteari buruz. Eta, hain zuzen ere, bateratasunaren ikur direnez, estatuburu guztiak "arduragabeak" dira, hau da, epaileek ezin diete konturik eskatu.
Hala eta guztiz ere, errege baten eta presidente baten arteko desberdintasunik ere bada: "Karguan dagoen bitartean, errepublika bateko presidentea estatuburua da, erregea bezala, baina, urteak joan ahala, presidenteak izateari uzten dio eta erregeak ez, biziartekoa da".
Demokraziak
"Monarkia parlamentarioa sintagman, adjektiboak du pisua. Zer esan nahi du horrek? Parlamentarioa izatea dela garrantzitsuena. Hau da, monarkia eta errepublika parlamentarioen arteko desberdintasun bakarra oinordekoa dagoela da. Biak dira demokraziak. Hortaz, 'monarkia parlamentarioa' kontzeptuak herrialde demokratikoa dela esan nahi du", azaldu du Tajadurak.
Konstituzioak abdikazioa jasotzen duen arren, ez dago araututa: "Egia da Konstituzioak abdikazioa arautzeko lege organiko bat behar dela diola, baina oraindik ez da sortu".
"Abdikatzea erregearen aldebakarreko erabakia da, eta, prozedurari buruz, ez dago zalantzarik. Aldebakarreko ekintza hori norbaiten aurrean egin behar da betiere, eta, monarkia parlamentarioetan, Parlamentuaren aurrean egin behar da. Abdikazioaren efektuak arautzeko legerik ez izateak, ordea, zenbait arazo eragin ditzake", esan du EHUko irakasleak.
Hortaz, errege izateari uzten dionak zein estatutu du? Arduraduna edo arduragabea da? Epailearen aurrera eraman dezakete, errepublika bateko presidenteak kargua uzten duenean bezala? "Nire ustez, monarkia parlamentarioaren eta erakundearen beraren logika dela eta, erantzuna oso erraza da, baina esaten ari naizen hori arautuko lukeen legea sortzea komeniko litzateke; izan ere, ados ez dagoen norbait ere egon liteke", uste du Tajadurak.
Katedradunaren aburuz, "erregeak abdikatzen duenean eta errege izateari uzten dionean, egun horretatik aurrera egiten duenaren ardura izango du, ordutik aurrera ez baita Espainiaren ikur izango. Hala ere, egun horretatik aurrera egiten duenari bakarrik erantzun beharko dio, eta ez errege izan den garaiko kontuei". Horrek guztiak eztabaida sor lezake, eta, hortaz, abdikazio lege bat egotea komenigarria izango litzateke, "oso sinplea den prozedurarako baino gehiago, abdikazioaren efektuak zein diren ondo zehazteko, hau da, errege ohiaren estatutua zein izango den zehazteko".
Abdikazioa egin eta gero, ondorengotza berehalakoa da: "Juan Carlosek erregea izateari uzten dion unean bertan, Asturiasko printzea errege bihurtuko da, eta Gorteetan, minutu gutxiko zeremonia batean, aldarrikatu besterik ez da egin beharko; izan ere, Felipek 18 urte zituenean egin zuen Konstituzioaren zina. Orain, Gorteetan aldarrikatu beharko litzateke, besterik ez".
Monarkia edo errepublika?
Konstituzioak berak jasotzen du, azken artikuluetan (168), aldaketak nola egin daitezkeen eta, zehazki, monarkiaren ordez errepublika ezartzeko zer egin beharko litzatekeen. Aldaketa hori egiteko prozedurak hiru fase ditu.
"Lehenik eta behin, proposamen hori Gorteetan aurkeztu behar da, eta, gizartearen babes zabala duela erakusteko, diputatuen eta senatarien bi herenek baiezko botoa eman behar dute, ez gehiengo sinple batek ezta absolutuak ere. Hau da, bi alderdi nagusiek bat egin beharko lukete", azaldu du Tajadurak. Hortaz, hemizikloan 350 diputatu daudela kontuan izanik, PPk bakarrik ere (180 diputatu ditu) ez luke ekimena aurrera ateratzeko ahalmenik izango. "Diputatuen bi heren 233 izango lirateke", gaineratu du.
"Ondoren, hauteskunde orokorrak egin behar dira. Hau da, Kongresua eta Senatua aldatu behar dira, eta, ondoren, bi hereneko bozketa egin behar da berriz ere. Azkenean, erreferenduma egin behar da, herritarrek zer nahi duten adierazteko. Ateratzen dena herriak nahi duena izango da, orduan", esan du.
Hala ere, errepublika aldarrikatuz gero, hainbat galdera sortuko lirateke: "Nolakoa izango da errepublika hori? Nork aukeratuko du estatuburua? Zenbat denborarako?". EHUko irakaslearen arabera, "oso konplikatua izango litzateke".
"Politikoki, monarkia parlamentario baten konstituzioa dugula esaten dugunean, azken finean, erregea konstituzioa den eraikin horren oinarria dela esan nahi dugu. Hartara, oinarria erortzen bada, eraikin osoa etorriko da behera. Hau da, eraikin hori gustuko ez badugu, oinarria kendu eta beste berri bat sortuko dugu", azaldu du.
"Hala ere, gauza bat kendu eta beste bat jartzea baino askoz ere gehiago izango litzateke: konstituzio berri bat egin, goitik behera".
Leonor, oinordekoa
Feliperen eta Letiziaren lehen alaba, Leonor, ezingo da erregina izan 18 urte betetzen dituen arte, eta, bitartean, "beharrezkoa izango litzateke, eta Konstituzioak horrela agintzen du, erregeorde bat aukeratzea".
Oinordekoa adingabea bada, ezin dute estatuburu izendatu: "Estatuburutza ez du adingabe batek hartzen, erregeorde edo erreginaorde batek baizik. Gorteek aukeratu behar dute, baina, ama edo aita bizirik badago, bera izan ohi da erregeordea. Hau da, Letiziak bizirik jarraituko balu, erreginaordea izango litzateke, baina Gorteek izendatu beharko lukete". Hala ere, "erregeordeak ez du zertan errege familiakoa izan".
Zure interesekoa izan daiteke
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
Bilboko aireportuan ere kontrol aleatorioak ezarri dituzte Italiatik datozen bidaiarientzat
Kontrolak goizean egin dituzte Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan gauerdian hasi dira ausazko kontrolak egiten.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.