Euskadirako itun politiko berria aldarrikatu du Urkulluk
Politika Orokorreko Eztabaida hartu du Eusko Legebiltzarrak. Iñigo Urkullu lehendakariak urte politiko berrirako dituen asmoen berri eman du goizeko saioan. Asteon eman ditu jakitera zeintzuk izango diren lan-urte berriko hiru giltzarriak: autogobernua, ekonomia eta bizikidetza. Alor guztietan, akordioetarako deia egin du Urkulluk. Politikan Konstituzioaren erreforma eskatu du, Euskadi nazio gisa aitortua izan dadin. Ekonomiaz, berriz, 2015ean enplegua sortuko dela nabarmendu du.
Autogobernuan sakontzeko, Euskadirentzako itun politiko berria aldarrikatu du Urkulluk. "Lehendabizi, euskal gizartearen baitan adostu behar da itun politiko berria, eta, ondoren, Estatuarekin. Gure foru tradizioan jasota dagoen prozedura bat da. Gernikako Estatutua eta 1936koaren gainean eraiki dugun tradizioa, hain zuzen". Horretarako, mendebaldeko demokrazien ereduetan sakontzeko beharra nabarmendu du: Eskoziako eta Quebeceko prozesuak ekarri ditu gogora. Ildo horretan, euskal gizartearen borondatea errespetatzea ahalbidetuko duen itun politiko berri baten premia jarri du mahai gainean.
Itun politiko berriak ez du esan nahi "subiranotasunen arteko talka", Urkulluren ustez. "XXI. mendeko errealitate politikora eta sozialera egokitu behar da subiranotasuna", esan du.
"Errealitate politiko berriaren araberako aldaketa planteatzen dut. Planteatzen dut bide bat ematea euskaldunek beren bizi-baldintzak hobetzeko duten zilegizko asmo eta nahiari. Aldebikotasun afektiborako bermeak izango dituen sistema bat planteatzen dut. Euskadik Europan ahots propioa edukitzea planteatzen dut. Autogobernu-eredua eguneratzea planteatzen dut, sistema hitzartua bermatuz", esan du hitzez hitz.
Lehendakari modura, lanerako metodo bat jarri du mahai gainean: "elkarrizketa, negoziazioa akordia, berrespena". Horren hitzetan, "elkarrizketaren harmailan gaude. Izan dezagun nahiko garaiera politikoa eta estatu-ikuspuntua".
Espainiako Gobernuari elkarlanerako deia egin dio: "Benetan gertatzen dena da ez goazela aurrera. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean aztertzeke dagoen gai-saldoak hazten jarraitu du azken urte honetan. Bion artean zuzendu beharreko gaiak 'sine die' atzeratzen dira, eta aldebakarkerira jotzen da etengabe". Horren harira, bi aldeen arteko elkarrizketa "ahitzen" eta harremana "ahultzen" ari direla uste du lehendakariak.
'Aitorpena, elkarrizketa eta akordioa'
Elkarbizitzarako oinarria finkatzea da Urkulluk urte politikorako duen beste helburuetako bat. Gaiari buruz hitz egiten hasteko, egoeraren diagnosia egin du, lehenik eta behin. "Egiteke geratzen zaigunaz eta zailtasunez mintzatuko naiz; baina gizartearen aurrean mezu positibo bat azpimarratu nahi dut. Asko egin dugu aurrera, hiru urtetan besterik ez", esanaz hasi du bigarren atala.
"Sentsibilitate politiko guztiek daukate ordezkaritza legeztatu bat. Denak elkarrekin hitz egin, akordioak eta eztabaidan aritzen gara. Oraintxe bertan, bada Ponentzia bat osaturik eta lanean, Oroimenaren eta Bizikidetzaren Institutuari buruz", esan du.
Inolako bazterketarik gabe, eta indarkeria mota bat bestearekin alderatu gabe, biktima guztiak aitortu eta babestuko dituztela nabarmendu du, iraganaren irakurketa kritikoa eta egindako minaren aitortza erdigunean jarrita. Horretarako, beharrezkotzat eta ezinbestekotzat jo du 'Euskadiko lau familia politikoen' arteko akordio zabal bat.
ETAren, GALen, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktimak aipatu ditu. Horren harira, Jaurlaritzak landuko dituen programen artean Gertu egitasmoa azpimarratu du: hildako biktima guztien familiekin hitz egiteko asmoa agertu du. "Terrorismoaren biktimen alorrean, Jaurlaritzaren konpromiso irmoa agerian uzten du Gertu programak", esan du. Urkulluk ulergaitza iritzi dio Espainiako Gobernuak GALen biktimei dagozkien diru-laguntzak ukatzeari.
Espetxeen eskuduntzaren transferentzia eskatu du Urkulluk; Langraitz bidea nabarmendu du eta gaixo dauden presoei giza eskubideetan oinarritutako irtenbidea emateko eskatu du. Espetxe politikak aldatu eta sakabanaketa amaitzeko beharra ere ekarri du gogora. Memoria historikoa eraikitzeko beharra nabarmendu du, "giza eskubideak eta oinarri demokratikoak" kontuan hartuko dituena.
Uneotan lantzen ari diren proiektu garrantzitsuenak aipatu ditu: Elkarbizitzaren eta Memoriaren Institutua, Biktimei laguntzeko politikak eta Hitzeman Programa. Bukatzeko, Jaurlaritzaren konpromisoa Bake eta Bizikidetza Plana zuzen eta zorrotz betetzea dela esan du.
"Hamarkadak eman ditugu terrorismo eta giza eskubideen urraketen artean, banaturik eta haserre. Orain, bizikidetza-esparrua nabarmen sendatzen ari den gaixo baten antzekoa da. Pronostikoa positiboa da. Errekuperazio hori indartzeko eta amaierara eramateko, bada tratamendu bat ezinbestekoa: aitorpena, elkarrizketa eta tradizio politiko handien arteko gutxieneko elkarbizitza-akordioak", zehaztu du.
'2015ean Euskadik enplegua sortuko du'
Ekonomiari buruz hitz eginez ekin dio Urkulluk saioari. Jarduera ekonomikoa egonkortzeko eta finantza publikoak sendotzeko, Euroguneko gobernuek "inoiz ez bezalako neurriak" hartu behar izan dituztela esan du. Euskadin "poliki-poliki ari gara hazten, baina, gutxienez, hazten ari gara", esan du. "Astiro-astiro, ekonomia berriro konfiantza hartzen ari da, hori da hazteko ezinbesteko oinarria. Hazkundea % 1ekoa izan daiteke aurten, eta % 1,17koa datorren urtean", gaineratu du. Baina, "zailena egiteko" dagoela aitortu du: hazkunde iraunkorrera itzuli eta enplegu egonkorra sortzea.
Azken urtebetean Jaurlaritzak maila ekonomikoan egin duen lana errepasatuz hasi du hitzaldia lehendakariak. Krisi egoerari aurre egiteko, Jaurlaritzak ondorengo mugarriak ezarri dituela nabarmendu du: kudeaketa zuzena ziurtatzea, oinarrizko zerbitzuak bermatzea eta hazkunde ekonomikorako bidea zabaltzea. Horren hitzetan, Jaurlaritzak egin behar zena egin du: aurrekontuak doitu, ekonomia suspertzeko neurriak hartu, eta hazkunde iraunkorrerako eta giza garapenerako estrategia bultzatu.
Hazkundearen lehen zantzuak agerikoak direla esan du, eta enplegua jarri du adibidetzat: "Afiliazioa hazten ari da. Azken lau hilabeteotan goranzko joera nabarmena da, eta 2008an krisia hasi zenetik lehendabiziko hazkunde aldiaren aurrean gaude. Egiteko asko dagoen arren eta dagoenarekin konformatuko ez garen arren, hazkunde hau ikusita, 2015ean Euskadik enplegua sortuko duela esateko moduan gaude". Halaber, 2015ean ekonomiaren hazkundea % 1,4tik % 1,7ra pasatuko da, Urkulluren esanetan.
Hazkundea egonkortzeko, Jaurlaritzak hartuko dituen konpromisoen artean ondorengoak nabarmendu ditu: 8.000 enpresa berri sortzea, ikerkuntzarako 75 egitasmo estrategiko finantzatzea, 1.750 enpresa txikiri atzerriko merkatura sartzen laguntzea, 1.100 enpresari lehiakortasunerako bidean hobetzeko tresnak eskura jartzea eta 3.000 enpresari ikerkuntza, garapena eta berrikuntza garatzeko laguntzak ematea.
Urtea amaitu aurretik, Eusko Jaurlaritzak hainbat proiektu estrategiko onartuko dituela iragarri du: tartean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2020 eta Unibertsitate Plana eta Lanbide Heziketarako plan estrategikoa.
Bilera sorta datorren astean
Legebiltzarreko taldeei zuzendutako erantzunen txandan, Urkulluk iragarri du datorren astean bilera sorta abiatuko duela legebiltzarreko taldeekin, eta ‘’herriaren etorkizunaren inguruan’’ elkarrizketa ‘’ireki eta argia’’ eskaini die.
Halaber, lehendakariak eskua luzatu dio Idoia Mendia sozialisten buru berriari, orain urtebete sinatutako akordiak indarrean jarrai dezaten, Urkulluren hitzetan ‘’akordioak betetzeko daudelako’’.
Bere agerraldian lehendakariak berretsi egin du Eskoziako erreferenduma prozesu demokratiko bikaina izan dela, eta Quirogari erantzunez, Urkulluk esan du eredu hori dela aldarrikatzen duena, baina ez ‘’aldarrikapena’’ bera, ‘’Eskoziako, Kataluniako eta bertako errealitateak erabat propioak direlako’’. PPko Euskadiko bururi, halaber, eskatu egin dio Madrilen defendatu dezan Gernikako Estatutua betetzea.
EH Bilduri zuzenduta, lehendakariak esan du autogobernuaren inguruko proiektuak batzordetik irten behar duela.
Zure interesekoa izan daiteke
Burlatako Udalak aho batez gaitzetsi du UPNko zinegotzi bati jaietan egindako erasoa
Pasa den larunbatean Carlos Oto UPNko zinegotziari eraso egin zioten alderdi erregionalistaren egoitzan, hainbat alderdikide eta beste hainbat pertsona bilduta zeudela.
"Errealitatea makillatzea" egotzi dio Ceutako presidenteak Gobernuari, eta krisia konpontzeko 30 egun eman dizkio
Juan Vivasek gogor kritikatu du Gobernua uztailaren 30ean eta 31n Marokotik 70.000 pertsona inguru hiri autonomora sartu ondoren sortu den migrazio-krisiaren aurrean "erantzun ezagatik" eta "pasibotasunagatik". Agerraldi batean, Vivasek galdetu du ea Gobernuaren pasibotasunak Maroko "ez molestatzea" bilatzen duen, eta iragarri du botere judizialera eta beste estamentu batzuetara joko duela krisia 30 eguneko gehieneko epean konpontzen ez bada.
Javier Lasagabaster hil da, Lurralde Politika eta Herri Lan sailburua 1980 eta 1984 artean
Lasagabaster Carlos Garaikoetxea buru zuen Jaurlaritzako kide izan zen lehen legegintzaldian, 1980 eta 1984 artean.
Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk
Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.
Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Monica Garciak ukatu egin du Ceutan osasun-kolapsorik dagoenik, eta pilaketen arriskuaz ohartarazi du
Osasun ministroak azken 15 egunetan 5.800 migratzaile artatu dituztela azaldu du, eta arrisku sanitario eta epidemiologikoak prebenitzeko gune gehiago eskatu ditu.
PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek uko egin diote Ceutako adingabe migratzaileen arreta hurrengo Sektore Konferentzian eztabaidatzeari
Abuztuaren 27ko Sektore Konferentzia izango da Ceutan atzerritarren sarrera masiboa izan zenetik egingo den lehena. Ceutarako 25 milioi euroko aparteko kredituaren transferentzia ere aztertuko dute, bakarrik dauden adingabe migratzaileen arretari lotuta.
Ceutako adingabeak familiekin elkartzea defendatzen du Euskadik, banatu beharrean
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak esan duenez, Euskadik "ez du onartuko inposatutako, inprobisatutako edo bermerik gabeko deribaziorik", eta gogorarazi du EAEk dagoeneko bere ahalmenaren gainetik hartzen dituela adingabeak.
Marlaskak segurtasun neurriak indartu ditu Ceutan, eta Marokorekiko lankidetza aldarrikatu du
Barne ministroak iragarri duenez, 45 polizia gehiago bidaliko dituzte Ceutara, herritarren segurtasuna indartzeko asmoz. Oraindik ez da erabat berreskuratu normaltasuna hirian, nahiz eta modu irregularrean sartu ziren migratzaile gehienak itzuli.
Sei atxilotu Gasteizen, Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman gazte bati eraso egiten saiatzea egotzita
Futboleko Munduko Txapelketa baino egun batzuk lehenago gertatu omen zen. Atxiloketetako bat astelehenean izan zen, eta beste bostak asteartean.