Nafarroako Parlamentua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Oposizioak Barcinaren gestioa kritikatu eta aldaketak aldarrikatu ditu

Nafarroako sozialisten buruak gogor kritikatu du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Foru Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaida zabaltzeko egin duen hitzaldia.
Foru Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaida, Nafarroako Parlmentuan. EFE
Foru Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaida, Nafarroako Parlmentuan. EFE

Roberto Jimenez PSNk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea izan da taldeen txandan hitza hartzen lehena, Foru Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidan. Gogor kritikatu du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak saioa zabaltzeko egin duen hitzaldia. Jimenezen iritzian, "Nafarroak aldaketak behar ditu, pertsonenak eta politikenak".

"Nafarroako gizartearen zatiketari" aurre egiteko politikak aldarrikatu ditu. Era berean, "garai berria" kudeatzeko "eragile berriak" ezinbestekotzat jo ditu. "Foru Erkidegoak aldaketak behar ditu, erreformak egiteko, eta ez erreforma arinak", zehaztu du.

Barcinak bere diskurtsoan oposizioari egin dizkion kritikak gogor gaitzetsi ditu PSNko buruak. UPN gutxiengo batekin gobernatzen ari bada, berak hala nahi izan duelako dela esan dio Barcinari, UPN-PSN itunaren hausturaren harira.

Nafarroak bi urte aurrekonturik gabe daramatzala gogorarazi du Jimenezek. Gobernu batek "egonkortasunik ez duenean"eta "akordioak erdiesteko gai ez denean", herritarrei eman behar diela hitza esan du.

Barcinak esan duen moduan, Nafarroa atzeralditik ateratzen ari denaren zantzuak egon badaudela onartu du Jimenezek, baina etorkizunera begiratuta, "laino beltzak" ikus daitezkeela gaineratu du.

Bildu: 'Politika toxikoa egin du UPNk'

Handitik txikira hartu dute hitza taldeek, eta, beraz, Jimenezen atzetik Bilduko Bakartxo Ruizen txanda heldu da. Horrek ere kritika zorrotzak egin dizkio Barcinari, eta presidenteak gaurko hitzaldian aurkeztu duen Nafarroaren argazkia ez dela benetakoa nabarmendu du. Barcinaren "ezintasuna" agerian geratu da, esan du.

"Egiazko autogobernua" aldarrikatu du ezker abertzaleko kideak. "Nafarrok erabaki behar dugu nola bizi nahi dugun eta zer eredu nahi dugun bizitzeko", gaineratu du.

Elkarbizitzari dagokionean, UPNk "politika toxikoa" egin duela salatu du. Gatazkaren konponbidean ekarpenak egiteko prest egon den jendeari ateak ixtea leporatu dio Barcinari.

Euskararen eta euskal kulturaren esparruetan UPNk ezarri dituen politikak ere gaitzetsi ditu Ruizek, elkarbizitzari mesede gutxi egin diotelakoan.

Aralar-NaBai: 'Estatuaren kontrolpean bizi da Nafarroa'

Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko parlamentarioak, berriz, esan du Nafarroa Estatuaren kontrolpean bizi dela. Gobernu berri bat aldarrikatu du, "aurrerakoia, egiazkoa eta eskumenekoa". Bere  hitzetan, bakea, giza eskubideak, elkarbizitza eta berdintasuna dira Nafarroak behar duen gobernuaren ardatz nagusiak.

"Estatuaren kontrolpean dago Nafarroa: Foru Erkidegoaren kontuak eta plan ekonomikoak Estatuak kontrolatzen ditu. Horrek Yolanda Barcinak foru erregimena defendatzeko duen ezintasuna agerian uzten du", esan du.

Bestalde, ETAren inguruan egindako adierazpenak kritikatu dituenean Barcina gezurretan ari dela salatu du Zabaletak. Adierazpenak “lazeria moralaz partzialki” erabili dituela kritikatu du Zabaletak.

“Barcina anderea, gezurti bat zara, gezur ugari esan dituzu”, azaldu du. “Zure hitzak ez du ezer balio”, gaineratu du.

PPNren: 'UPNren gestioa antzua izan da'

Ana Beltran PPNko eledunak hartu du ondoren hitza: UPNren gobernuaren hasierako proiektua, ekonomia bultzatzeko eta enplegua sortzeko aurkeztutakoa, "motz" geratu dela eta UPNk egindako lana "antzua" izan dela nabarmendu du.

Legealdiaren errepasoa egin du buruzagi popularrak. Horren iritzian, Nafarroak inoizko gobernurik egonkorrena eta sendoena behar izan duenean, "krisi instituzional etengabea" gailendu da.

I-E: 'Politikoki agonikoa izan da legealdia'

Jose Miguel Nuin I-Eko kideak ere gogor kritikatu du UPNren kudeaketa. "UPNren  Gobernua zama eramanezina izan da Nafarroarentzat", nabarmendu du.  "Politikak eta gehiengo politikoak" berehala aldatzeko premia aldarrikatu du.

"Beste gehiengo batzuk behar ditugu, beste akordio politiko batzuk", esan du Nuinek. Gizartea aldaketa eske ari dela esan du eta bere alderdia eskakizun horri erantzuteko prest dagoela gaineratu du. "Legealdi hau politikoki agonikoa izan da, ekonomikoki oso kritikoa eta gizarte mailan dramatikoa. Agortuta dagoen Gobernu baten aurrean gaude, egonkortasuna lortzeko gai ez dena", esan du.


 

Zure interesekoa izan daiteke

Sare convoca manifestación el día 28 en Bilbao por los presos de ETA



REMITIDA / HANDOUT por SARE

Fotografía remitida a medios de comunicación exclusivamente para ilustrar la noticia a la que hace referencia la imagen, y citando la procedencia de la imagen en la firma

18/8/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bilboko Konpartsek eta Sarek manifestazioa deitu dute abuztuaren 28rako, 2027an "euskal presorik egon ez dadin" aldarrikatzeko

Sarek eta Bilboko Konpartsek Etxera Eguna deitu dute abuztuaren 28rako, Aste Nagusi betean, “euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzea” aldarrikatzeko. Horretarako, manifestazioa eta herri-bazkaria egingo dute. Halaber, gaurko agerraldian, 2027ko jaiak presorik eta errepresaliaturik gabeko lehenak izatea jarri dute helburutzat.

CEUTA, 17/08/2026.- Comparece el presidente de la Ciudad Autónoma de Ceuta, Juan Jesús Vivas (c), este lunes, en compañía de varios miembros del ejecutivo local. EFE/Reduan
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Errealitatea makillatzea" egotzi dio Ceutako presidenteak Gobernuari, eta krisia konpontzeko 30 egun eman dizkio

Juan Vivasek gogor kritikatu du Gobernua uztailaren 30ean eta 31n Marokotik 70.000 pertsona inguru hiri autonomora sartu ondoren sortu den migrazio-krisiaren aurrean "erantzun ezagatik" eta "pasibotasunagatik". Agerraldi batean, Vivasek galdetu du ea Gobernuaren pasibotasunak Maroko "ez molestatzea" bilatzen duen, eta iragarri du botere judizialera eta beste estamentu batzuetara joko duela krisia 30 eguneko gehieneko epean konpontzen ez bada.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X