Nork irabaziko ditu azaroaren 29ko bozak? Hauxe diote inkestek
CISek salbu, gainerako inkestek PP eman dute garailetzat, eta denek aurreikusi dute Voxen igoera nabarmena. Ultraeskuinaren balizko babesek alde batera ala bestera mugiaraziko dute gehiengo aurrerakoiaren edo eskuindarraren arteko banaketa.
Kongresuaren ikuspegi orokorra, osoko bilkura batean. Argazkia: Europa Press
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hala erabakita, azaroaren 29an izango dira hauteskunde orokorrak. Hauteskundeak aurreratu egingo direla baieztatu da, eta demoskopia kontsultatzeari ekin diote gainerako alderdiek, hedabideek eta, akaso, baita herritarrek ere. Zer diote, bada, boto asmoari buruzko azken inkestek? Gehienek PP jo dute irabazle eta ultraeskuinak gora egingo duela iragarri. 2023an bezala, blokeen arteko banaketa izango da gobernagarritasunaren gakoa. Hona hemen azken hilabeteotan argitaratutako galdeketa nagusien emaitzak:
40db barometroa (2026ko urria)
El Pais egunkariak eta Ser irrati kateak gaur bertan eman dute inkestaren berri. Zundaketa horren arabera, PPk irabaziko lituzke bozak, botoen % 31,6rekin, baina 2023ko emaitzekin alderatuta, beherakada txikia pairatuko luke (puntu eta erdi). PSOEk bigarren tokiari eutsiko lioke (botoen % 27,4), jaitsiera handiagoarekin (duela lau urte baino 4,3 puntu gutxiago). Voxek gora egingo luke (babesen % 18,4), eta 2023ko emaitzetan baino sei puntu gehiago lortu. Sumarrek eta Podemosek atzera egingo lukete, apur bat bada ere (% 5,6 eta % 2,7). Galdeketak ez du boto estimazioaren inguruko daturik eman gainerako alderdiei dagokienez (ERC, EH Bildu, PNV, Junts eta beste).
CIS (2026ko iraila)
Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroak (CIS) irailean kaleratutako galdeketa Ceutako krisialdi betean egin zuten, eta horrek eragina izan zuen emaitzetan. Dena den, Tezanosen galdeketaren arabera, PSOE izango litzateke garaile (botoen % 31), baina bi puntu egingo luke behera. PPk tartea murriztuko luke, babesen % 25,5ekin. Voxek gorakada izango luke, eta Sumarrek, aldiz, legealdi osoko emaitzarik txarrena lortuko luke (% 5,7). Podemosek, ordea, gora egingo luke, % 3,7raino. ERCk seigarren postuari eutsiko lioke (botoen % 2,5). CISen arabera, EH Bildu nabarmen haziko litzateke (botoen % 1,3) eta EAJk eta Juntsek babesen % 0,7 lortuko lituzkete.
GAD3ren inkesta (2026ko iraila)
ABC egunkariarentzat egindako galdeketaren arabera, PPk erdietsiko luke garaipena, eta botoen % 31,1 eskuratuko lituzke, baina bost eserleku galdu. PSOEk ere behera egingo luke (% 26,1), eta 16 diputatu gutxiago izango lituzke. Aipatzeko modukoa da Voxen balizko gorakada: babesen % 19,2 erdietsiko lituzke eta 36 eserleku gehiago. Sumarrek 9 diputatu eskuratuko lituzke (botoen % 7), egungo 31tik nahiko urrun. Gainerako indarrak (Podemos, EH Bildu, ERC, EAJ eta Adelante Andalucia —lehen aldiz sartuko litzateke Kongresuan—): guztien baturak 34 eselerku izango lituzke. Hori horrela, eta betiere zundaketa horren arabera, orain arteko inbestidura blokeak ez luke gehiengo osorik lortuko.
Sigma Dosen barometroa (2026ko iraila)
El Mundo egunkariarentzat egindako galdeketak ere PP jo zuen irabazle (botoen % 33,1 eta 143 eserleku, 2023an baino sei gehiago). PSOEk danbatekoa jasoko luke, eta 20 diputatu galdu (101 eserleku eta botoen % 25,4). Voxek babesak bikoiztu egingo lituzke ia: 32 diputatu izatetik 61 izatera igaroko litzateke (babesen % 17,9). Sozialisten antzera, Sumarrek ere behera egingo luke, eta 10 aulkirekin geratuko litzateke (26 ditu egun). Podemosek ordezkari bakarra lortu luke (botoen %2,8), 2023ko lauen aldean. ERCk, aldiz, gora egingo luke eta 8 diputatu lortuko lituzke, gaur egun baino bat gehiago. EH Bilduk babesa galduko luke (6 diputatu, bat gutxiago) eta EAJk koalizioarekin berdintzea lortuko luke (bost diputatu ditu egun, bat irabaziko luke). Juntsek nabarmen egingo luke behera: 7 diputatu izatetik 4 eskuratzeraino.
Ipsosen inkesta (2026ko iraila)
La Vanguardia egunkariak Kataluniako hauteskundeen inguruko boto asmoari buruzko inkesta argitaratu zuen atzo. Galdeketa ez da hauteskunde orokorrei buruzkoa, baina boto joeren inguruko arrastoren bat eman lezake (irail amaiera eta urri hasiera artean egin zuten). Galdeketaren arabera, PSCk eta Aliança Catalana alderdi ultrak 30na eserleku lortuko lituzkete. Sílvia Orriolen alderdiak (ez da Espainiako hauteskundeetara aurkeztuko) sekulako astindua emango luke, eta bi diputatu izatetik 30 izatera pasatuko litzateke. Sozialistek kopuru hori berdintzea lortuko lukete, baina 12 galduta. Juntsen porrota ere nabarmena da: 16 aulki erdietsiko lituzke (35 ditu egun). ERCk hirugarren postua lortuko luke, eta hiru diputatu gehiago (23). Galdeketak Voxen igoera ere aurreikusi du, zazpi eserleku irabaziko lituzke eta (11tik 18ra). PPk eta Comunsek atzera egingo lukete (lau eta bi diputatu gutxiago, hurrenez hurren). CUPek dituen lau ordezkariei eutsiko lieke.