Sanchezi hauteskundeetan "ahal den zigorrik handiena" ematea espero du Feijook
"PP-Vox putreen koalizioaren" aurrean indar aurrerakoien babesa handitzea espero du PSOEk. Voxek "idiak erosi aurretik uztarria ez erosteko" eskatu du.
Alberto Nuñez Feijoo PPren buruzagia. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri eta segituan iritsi dira estatu mailako alderdi politikoen erreakzioak, lurrikara politiko horren aurrean.
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak aldaketa eskatu du "aro beltza" amaitzeko eta "nazioa berreraikitzeari" ekiteko. Deialdiak "beldurrak" eragin duela adierazi ostean, Pedro Sanchezen kudeaketak "zigorrik handiena" merezi duela esan du.
PPren egoitzan egindako adierazpen instituzionalean, Feijook esan du hilaren 29an "gainbehera edo aldaketa", "gezurra edo aldaketa", "gaitasunik eza edo aldaketa" eta "ustelkeria edo aldaketa" izango dela hautagai.
Bestalde, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak adierazi du Sanchez "ezinean" dabilela, eta hauteskundeen deialdiak "aukera handia" ireki duela Espainia "zapaltzeari" uzteko. "Prest gaude", adierazi du. Ildo horretan, orain "komunismoaren edo askatasunaren arteko borroka zaharra" datorrela esan du.
PSOE
Bestalde, PSOEk ohartarazi du "prest" dagoela hauteskundeak aurreratzeko, eta "babesa zabaltzeko" eskatu du, PPren eta Voxen aurrean "Gobernua aurrerakoia" izan dadin.
"Estatu zentzurik gabeko buloak darabiltza oposizioak, gure hauteskunde sistema zalantzan jartzeraino", adierazi du PSOEk ohar batean.
Hauteskundeei aurre egiteko "proiektua, taldea eta indarra" dituela defendatu du PSOEk, "lortutako aurrerapausoak defendatzera eta eskubideak zabaltzen eta jendearen bizitza hobetzen jarraitu nahi duen proiektu bat defendatzera" aterako direla argudiatuta.
Vox
Santiago Abascal Voxen burua zuhur agertu da, eta "erne" egoteko, "inkestetan konfiantzarik ez izateko" eta "idiak erosi aurretik uztarria ez erosteko" eskatu die hautesleei, PPren eta Voxen balizko garaipenari erreferentzia eginez.
Antena 3 TV telebista katean egindako elkarrizketan, Abascalek berretsi egin du hauteskundeen emaitza "oso zalantzagarria" dela, "inkestek diotena gorabehera".
"Nik dagoeneko ikasi dut uztarria ez erosteko idiak erosi aurretik; izan ere, 2023an gauza bera gertatu zen (inkestek PPk eta Voxek gehiengo zabala izango zutela) eta Sanchezek gehiengoa osatzea lortu zuen", ohartarazi du Abascalek.
Fronte Zabala
Sumarren koalizio berriak, Fronte Zabala deiturikoak, deialdia "egokia eta beharrezkoa" dela uste du, eta etxebizitzaren arazoa konponduko duen eta "eskubideetan aurrera egiten" jarraituko duen "gehiengo berri baten giltza" izango dela iragarri du.
Ohar labur batean, Fronte Zabala osatzen duten lau alderdiek (Sumar, IU, Mas Madrid eta Comuns), oraindik zerrendabururik gabe, hauteskundeak aurreratzea babestu dute. "Vox, PP eta Junts eskuindarrek Parlamentua blokeatu dezakete, baina ezin izango dute demokrazia blokeatu", adierazi dute.
"Fronte Zabalak konponduko du arazo hau (etxebizitza) eta eskubideetan aurrera egiten jarraituko du gehiengo berri baten giltza. Borroka egingo dugu. Datozen egunetan hauteskunde-marka, hautagaitza eta aliantzak jakinaraziko ditugu, urriaren 17an egingo dugun ekitaldi handiaren atarian", gaineratu dute.
BNG "olatuaren aurrean dikea" osatzen duela aldarrikatu du, eskuin-muturrari erreferentzia eginez.
Oriol Junqueras ERCko buruak esan du "prest" daudela "Katalunia defendatzeko" eta "jendearen bizitza hobetzeko".
Pepe Alvarez UGTko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuak enpleguaren arloan egindako kudeaketa goraipatu du, eta Pedro Sanchezen zortzi urteetako ondarea "izugarria" dela defendatu.