Autogobernua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kataluniaren bidea ez hartzeko galdegin dio Patxi Lopezek EAJri

PSOEko Ekintza Politikoko idazkariaren hitzetan, jeltzaleek "ondo ikasita eduki beharko lukete 'Ibarretxe Plana'ren porrotaren lezioa".
Patxi Lopez
Euskal autogobernuan sakontzeko itunaren alde egiteko eskatu dio Lopezek EAJri. EFE

Patxi Lopez PSOEko Ekintza Politikoko idazkariak Kataluniako bidea ez hartzeko eta euskal autogobernuan sakontzeko itunaren alde egiteko galdegin dio gaur EAJri. Lopezen hitzetan, jeltzaleek "ondo ikasita eduki beharko lukete Ibarretxe Planaren porrotaren lezioa".

"Ibarretxe Planean ere kontsultaz eta erabakitzeko eskubideaz hitz egin zen, eta erabateko porrota izan zen", esan du Lopezek TVEn egin dioten elkarrizketan. Buruzagi sozialistaren aburuz, Katalunian gertatzen ari dena Juan Jose Ibarretxe lehendakariak proposatutakoaren oso antzekoa da. "Letra eta musika oso antzekoak dira", erantsi du.

"Ibarretxe Planak kalte egin zion EAJri eta euskal gizarteari, liskarra baino ez zuen eragin", adierazi du Lopezek.

"Euskadin indarrak batzen ditugunean, askoz hobeto gaude. Bat eginda aurrera egin dugu, eta batuta ez egotea, berriz, txarra izan da denontzat. EAJk lezioa ondo ikasita eduki beharko luke, eta, abertzalea izan arren, Euskadi denon artean eraikitzen jarraitzeko batasunaren alde egin beharko luke", agertu du.

Horren harira, euskal sozialistak autogobernuaren lantaldean arituko direla iragarri du, betiere Gernikako Estatutua eta elkarbizitza hobetzeko, ez Espainia zatitzeko.

"Euskal gizartea zatitzea eta herritarrak nortasun auziengatik aurrez aurre ipintzea besterik lortzen ez duen independentziaren bidea proposatzen duen horrek aurrez aurre edukiko gaitu", ohartarazi du Lopezek.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X