Kataluniako Parlamentuak deklaratzera deituko ditu Pujol eta Ferrusola
Iruzurra ikertzeko Kataluniako Parlamentuak abiatutako ikerketa batzordeak bigarren saioa egin du ostiral honetan. Bertan, onartu egin du deklaratzera deitzea Jordi Pujol Generalitateko presidente ohia, Marta Ferrusola emaztea eta horien lau seme (Jordi, Oleguer, Oriol eta Pere). Agerraldi horiek deitzeko eskaerak talde guztien babesa jaso du, CiUrena salbu.
Bestalde, ERC, PP, ICV-EUiA eta C's alderdiek eskatuta, Pujolen gobernuko bi goi-kargudunek agerraldia egiteko eskaera ere bozkatu dute, baina ekimenak ez du aurrera egin, CiUk eta PSCk kontra egin baitute.
Azkenik, batzordeak onartu egin du Cristobal Montoro Ogasun ministroa, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa eta Alicia Sanchez Camacho PPCko burua ere deklaratzera deitzea.