Aldundien autonomia errespetatzea eskatu dio Gonzalezek Montorori
Cristobal Montoro Ogasun ministroari Foru Aldundiek duten "autonomia fiskala" errespetatzeko eskatu dio gaur Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak. Diputazioen politika fiskala "bere hauteskunde kanpainiaren onerako" erabiltzea egotzi dio Gonzalezek ministroari.
Montorok "zergak jaistea" proposatu zien foru aldundiei, Kongresuan egin zuen azken agerraldian. Gonzalezek gogoratu duenez, Montorok "Estatuan" du aginduak emateko eskumena eta, hortaz, "ez da inor Aldundiei zer egin behar duten esateko".
Aldundiek "autonomia fiskal osoa" dutela gogoratu du Arabako ahaldun nagusiak. "Hortaz, ez digu ezer esan behar".
Bilera-sorta oposizioarekin
Bestalde, Arabako diputatu nagusia harremanetan hasiko da datozen egunetan oposizioko taldeekin, "datorren legealdiko lehentasunak" lantzen hasteko.
Hortaz, datorren astean hasiko da Gonzalez oposizioko bozeramale guztiekin harremanetan, datorren legealdiko lehentasunak lantzen hasteko. "Prest gaude akordioak guzti-guztiekin egiteko, inor baztertu gabe", gogoratu du.
Halaber, itxaropena agertu du "elkarrizketarako eta akordiorako prest izango den oposizio bat aurkitzeko".
Bestalde, Gonzalezek balantze “zuhurki optimista" egin du Arabako Lurralde Historikoko datu ekonomikoei buruz. Adierazi duenez, “foru gobernuaren datorren urteko desafio nagusia zera izango da: ekonomiaren susperraldia egonkortu dadin lortzea”.
Horretarako –gaineratu du– "bai foru gobernuak, bai oposizioak gauza direla erakutsi behar dute”. “Erronkari biek batera egin behar diote aurre, Gobernuak eta oposizioak", berretsi du.
“Gure asmoa da zerbitzu sozialen kalitatea berreskuratzea, eta, horri begira, politika sozialak hobetzea, eta garrantzi berezia ematea adinekoekin eta desgaituekin zerikusia duten politikei”, azpimarratu du.
Eta horren harira esan duenez “Araba liderra izan da eremu horretan. Lidergo hori berreskuratu nahi dugu”.