Sarek Europan salatuko du presoekiko politika judiziala
Sare euskal presoen eskubideen aldeko sare herritarrak presoen egoeraren inguruko txostena aurkeztuko du Europako erakundeetan. Bertan, Espainiako politika judizialak ''etengabe'' eta ''oinarri juridikorik gabe'' eskubide horiek urratzen dituela salatuko dute.
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaile eta Justizia sailburu ohiak prentsaurrekoan azaldu duenez, ikerketa ia bukatuta dago, eta EHUko Ikasmirak ikerketa juridikoen zentroarekin eta hainbat juristekin elkarlanean egin dute. Besteak beste, Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emerituak, Rafa Sainz de Rozas Zuzenbide penaleko irakasleak, Juan Porres Justizia sailburu ohiak, Iñaki Lasagabaster Zuzenbide katedradunak eta Joaquin Oquiñena eta Juan Mari Vidarte abokatuek hartu dute parte bertan.
Ikerketa 2016ko lehen hiruhilekoan bukatuko dute, eta orduan aurkeztuko du Sarek Europako Kontseiluan, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian eta Europako Parlamentuan, talde parlamentarioen bidez.
Ondorioak
Astearte honetako agerraldian, Azkarragak aurreratu egin ditu txosten horretako hainbat ondorio. Sareko bozeramailearen arabera, ikerketak salatu egiten du ''euskal presoen eskubideen etengabeko ukatzea, eta ukapen hori helburu politikoekin erabiltzen da, inolako oinarri juridikorik ez dagoela''.
Halaber, txostenak defendatzen du ''Espainiako Gobernuaren politika judizialak ez duela bilatzen ez bakegintza ezta legezkotasun printzipioa ere''.
"Mendekuaren espiritua elikatzen duen politika da'', gaitzetsi du Azkarragak.
Justizia sailburu ohiak ohartarazi duenez, Espainiako espetxe politika ''gogorragoa eta mendekatiagoa'' da orain ETA jardunean zegoenen baino, eta salatu egin du presoen familia bakoitzak 63.000 kilometro egin behar dituela urtean (munduari bira bat eta erdi). Horrek, gainera, urtean 20.000 euroko kostua du, Azkarragak adierazi duenez.
Manifestazioak
Egoera salatzeko eta jarrera aldaketa askatzeko, manifestazioa deitu dituzte Sarek eta Bagoazek Bilbon eta Baionan, urtarrilaren 9an.
Zure interesekoa izan daiteke
Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri