Udaleko langileek ezingo dute sexu-delituen aurrekaririk izan
Iruñeko Udaleko langileek, Haur Eskolen organismo autonomoan eta adingabeekin lan egiten dutenek barne, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren agiri negatibo bat aurkeztu beharko dute, edo Udalari kontsulta egiteko baimena eman beharko diote, bertan lan egin ahal izateko.
Aholkularitza juridikoak proposatuta, ostegun honetan onartu dute Udalean hilabetean bete beharko duten baldintza hori. Iazko uztailean onartu zen Adingabearen Babes Juridikoaren Lege Organikoa betetzea du helburu.
Iruñeko Udalak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, Alkatetzaren dekretu hau onartu eta biharamunean, ostiralean, sartuko da indarrean.
Alkatetzaren ebazpenak Udalarekin loturaren bat duten langileei eta adingabeekin lan egiten duten boluntarioei eragiten die. Halaber, adingabeekin loturaren bat duten enpresetako beharginei eta Udaleko ondasunak erabiltzen dituzten erakundeei ere eragiten die.
Ez betetzearen ondorioak
Aurreikuspen hauek ez betetzeak kontratuak indargabetzea erraztuko dio Udalari. Gainera, baldintza horrek delitu sexualekin lotutako zigor-aurrekariak dituzten pertsonek parterik ez hartzea ahalbidetuko du.
Nazionalitate espainiarra ez duten Iruñeko Udaleko langileek, berriz, beraien jatorrizko herrialdeko aurrekari penalen agiri bat aurkeztu beharko dute.