Akusatu gehienek Gürtel auziaren epaiketa baliogabetzea eskatu dute
Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Bigarren Sekzioa gaur hasi da Gürtel auzian 1999 eta 2005 bitartean atzemandakoak epaitzen. Francisco Correa (sarearen ustezko burua), Pablo Crespo (Galiziako PPko Antolakuntza idazkari ohia), Luis Barcenas (PPren diruzain ohia) eta beste 34 pertsona (horien artean, PPko 10 kargudun ohi) jesarriko dira akusatuen aulkian.
Gürtelen lehen garaian egindakoak argitzeko epaiketa Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen (Madril) duen egoitzan egingo dute, Baltasar Garzon epaileak (auziaren instrukzioa berak hasi zuen) lehen atxiloketak agindu zituenetik zazpi urte igaro direnean. Aurtengo epaiketarik entzunenetakoa izango da, Espainian izan den ustelkeria sarerik handienetakoa eta agenda politikoa zeharo baldintzatu duen auzia baita.
Angel Hurtado (presidentea eta txostengilea), Jose Ricardo de Prada eta Julio de Diego magistratuek osatzen dute epaimahaia, eta, zehatz-mehatz, 1999 eta 2005 bitartean Correaren sareak, Cresporen laguntzaz, egindako operazioak epaituko dituzte bertan.
Fiskaltzaren arabera, enpresa sare bat sortu zuten eta, PPko kargudunekin zuten harremanaren bidez, legez kanpoko kontratu publikoen esleipenak, komisioak, opariak eta irabaziak (40 milioi euro ingurukoak) ezkutatzea lortu zuten.
Delituok Madril eta Gaztela eta Leon erkidegoetan eta Madril, Majadahonda, Pozuelo de Alarcon eta Estepona hirietan egin zituzten. Horregatik erabaki zuen Pablo Ruz epaileak auzia zatitzea, sei urte horietan egindakoak eta ustezko delitu horietan parte hartu zutenak antolatzeko.
Hain zuzen ere, Pablo Ruz garai hartako Auzitegi Nazionaleko 5 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentraleko epaile nagusiak azaldu zuenez, sarea erakundeetan zituen harremanez baliatzen zen "legez kanpoko esleipenak lortzeko euren enpresentzat sozietate sare baten bidez, eta, sare horri esker, opariak, komisioak eta hornitzaileei egindako ordainketak bideratzen zituzten, egiaztagiri faltsuak eginda".

125 urteko kartzela-zigorra, Correarentzat
Guztira, 37 pertsonak (politikariak, enpresariak, Correaren langileak eta senideak) erantzun beharko dizkiete Fiskaltzaren eta abokatuen galderei, hainbat delitutan parte hartu zuten eta zein neurritan egin zuten argitzeko. Honako hauek dira horiei leporatzen dizkieten delituak: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, influentzia-trafikoa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, administrazio publikoari iruzur egitea, agiriak faltsutzea, iruzur fiskala, kapitalak zuritzea, prozesuetan iruzur egitea, bidegabeko jabetzea eta kontratuen esparruan legez kanpoko elkartzea egitea.
Francisco Correarentzat eskatu dute zigorrik handiena Concepcion Sabadell eta Concepcion Nicolas fiskalek, sarearen buruzagia izatea egotzita: 125 urteko espetxealdia. Epaiketa hasteko astebete falta zenean, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak erantzukizun zibilagatik Correari eskatzen dion dirua Suitzan dituen kontuetatik ateratzeko baimena eskatu zuen enpresariak, zigorra murrizteko helburuarekin.
Bigarren zigorrik handiena, 85 urte eta sei hilabetekoa, Pablo Crespo Galiziako PPko Antolakuntza idazkari ohi eta sarearen bigarrenarentzat eskatu dute. Luis Barcenas PPko diruzain ohiari dagokionez, Fiskaltzak 42 urte eta sei hilabeteko kartzelaldia eskatu du.
Alberto Lopez Viejo Madrilgo PPko Zuzendaritza Batzordeko kide ohia eta Jose Luis Peñas Majadahondako zinegotzi ohi eta Gürtel auziaren salatzailea ere akusatuen artean daude. Viejorentzat 46 urteko kartzelaldia eskatu dute, eta Peñasentzat, sei urte eta 5 hilabetekoa (80 ordu baino gehiagoko grabazioak entregatu zituen, Correaren elkarrizketekin). Biek, baina, zigorrak murrizteko aukera izan lezakete; Ogasun Publikoaren aurkako delituekin egindako kaltea arintzeagatik, batak, eta egindakoa aitortzeagatik, besteak.
Akusatu gehienek, Correak salbu, epaiketa baliogabetzea eskatu dute
Lehen saioan, 37 akusatuetatik 18k deklaratu dute eta gehienek epaiketa bertan behera uztea eskatu dute, auzia agerian utzi zuen entzuketak legez kanpo egin zirela argudiatuta.
Aipatzekoa da Francisco Correa Gurtel sarearen buruaren defentsak ez duela inolako alegaziorik aurkeztu entzuketa horien kontra, ezta Correaren emazte ohiaren (Carmen Rodriguez Quijano) defentsak ere. Fiskaltzak Correarentzat eskatu du zigorrik handiena: 125 urteko espetxealdia.
Keinu horren bitartez Justiziarekin kolaboratzeko asmoa duela erakutsi nahi omen du Correak. Kontuan hartu behar da, gainera, duela egun batzuk abokatu berria kontratatu zuela eta 2,2 milioi euroko berme zibila ordaindu zuela.
Luis Barcenas Alderdi Popularreko diruzain ohiaren defentsak uste du Correak eta epaiketa baliogabetzea eskatu ez duten gainerako hiru auzipetuek akordioren bat lortu dutela Fiskaltzarekin. Horrenbestez, epai-mahaiari eskatu dio Ministerio Publikoari galde diezaiola hori ote den galdeketen txanda aldatzeko benetako arrazoia; izan ere, deklaratzen lehendabizikoa Correa izango zela zegoen aurreikusita.

Akusatuen zerrenda luzea
Hauek dira eserlekuan jesartzekoak diren akusatuak: Angel Sanchis Perales PPko diruzain ohia; Carlos Clemente Madrilgo Erkidegoko Immigrazio kontseilari ohia; Guillermo Ortega eta Jesus Sepulveda Majadahonda eta Sepulvedako alkate ohiak; Jesus Marino diputatu nazional ohia; Ricardo Galeote Esteponako zinegotzi ohia; Juan Jose Moreno Majadahondako zinegotzi ohia, eta Roberto Fernandez Pozueloko zinegotzi ohia.
Horiez gain, hauek egongo dira bertan: Alvaro Perez 'El Bigotes', Gürtel sarearen arduraduna Valentzian; Luis de Miguel, finantza antolatzailea; Jose Luis Izquierdo, kontularia; Antonio Villaverde, kontuen kudeatzailea; Isabel Jordan, langilea; Carmen Rodriguez Quijano, Correaren emazte ohia; Rosalia Iglesias, Barcenasen emazte ohia; Ivan Yanez, Barcenasen ordezkaria Suitzan; Teresa Gabarra, Lopez Viejoren emaztea; Angel Sanchis Herrero, Angel Sanchisen semea, eta Jacobo Ortega, Majadahondako alkate ohia.
Gehiago daude: Alfonso Garcia, Pozuelo Sufi eta Constructora Hispanica enpresetako presidentea; Jesus Calvo Soria eta Jacobo Gordon, enpresariak; Alicia Minguez, Javier Nombela, Carmen Garcia Moreno, Antonio Martin Sanchez, Juan Ignacio Hernandez Rodriguez, Inmaculada Mostaza, Pablo Ignacio Gallo-Alcantara, Luis Valor San Roman, Pedro Rodriguez eta Jose Antonio Saenz.
Gainera, Ana Mato Osasun ministro ohiari 28.467,53 euroko fidantza ezarri diote, irabaziak jasotzea egotzita. PP alderdiari ere delitu bera leporatu diote, Majadahonda eta Pozueloko alkate ohiek egindako delituengatik. Alderdiak 245.792 euroko bermeari egin beharko dio aurre. Guillermo Ortegaren emazteak 45.066 euro ordaindu beharko ditu.

Bestalde, Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohia eta Rafael Anegon ez dituzte epaituko. Aretoak artxibatu egin zituen akusazioak, dementzia dutela egiaztatu dutelako.
Aurreikuspenen arabera, epaiketak 32 saio izango ditu, eta abenduaren 20ra arte egingo dituzte. Lehen bi saioetan, urriaren 4ko eta 5eko saioetan, aurretiko gaiak jorratuko dituzte.
2017. urtetik aurrera deklaratuko dute deitu dituzten ia 300 lekukoek. Besteak beste, Esperanza Aguirre, Francisco Alvarez Cascos, Angel Acebes, Rodrigo Rato, Javier Arenas eta Jaime Mayor Oreja arituko dira lehiaketan lekuko gisa.
Honako ataletan zatitu dute Gürtel auzia: 'I. aldia: 1999-2005'; 'II. aldia: 2000-2009' (nagusia); Boadilla del Monte, Valentziako sei atal; Jerez, AENA eta 'Barcenasen agiriak'.
Zure interesekoa izan daiteke
Ollo: "Demokraziaren aldeko borrokan ari zen alderdi karlista baten jarraitzaileak zituzten helburu"
Lizarrako Udaleko Memoria Batzordeak ekitaldia egin du 1976an Montejurran izan ziren gertakarien 50. urteurrenaren kariaz, eta bertan izan da Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako kontseilari Ana Ollo.
Gaur amaitu da Ernairen IV. kongresua
Ezker abertzaleko gazte antolakundeak, Ernaik, gaur amaitu du laugarren kongresua, Bergaran. Bi konpromiso berretsi dituzte bertan: gazteriarekiko konpromisoa eta Euskal Herriarekiko konpromisoa. Horren harian, gazteriaren behar eta kezkak politizatu eta askapen prozesuan txertatzeko ardura hartu dute.
Berdintasuna "betebehar demokratikoa" dela defendatu du EAJk emakume jeltzaleen lana omentzeko ekitaldian
Euzko Alderdi Jeltzaleak emakume jeltzaleen lana goraipatzeko ekitaldia egin du 1922an sortutako Emakume Abertzale Batzaren urteurrenean. Bertan azpimarratu duenez, berdintasuna "ez da aukera politikoa, betebehar demokratikoa baizik".
José Luis López de Lacalle kazetaria omendu dute haren hilketaren 26. urteurrenean
Andoaingo PSE-EEk antolatutako ekitaldian, frankismoaren aurkako militante sozialista historikoa omendu dute. Jose Luis Lopez de Lacalle 2000. urtean tirokatu zuen ETAk, etxeko atarian, egunkariak erostetik zetorrenean.
Pradalesek autoritarismoaren gorakadaz ohartarazi, eta Europa "arinago eta kohesionatuago" baten alde egin du
Lehendakariaren esanetan, nazioarteko zuzenbidea eta demokrazia liberalak mehatxupean daude mundu mailako populismoaren eta autoritarismoaren gorakadaren ondorioz. Euskadik Europa federal batean ahots propioa izatea aldarrikatu du.
50 urte Montejurrako gertakarietatik: karlisten arteko talka, italiar neofaxistak eta… Estatuaren konplizitatea?
Karlismoaren barne-gatazka bat ez ezik, Montejurrako hilketen atzean botere postfrankistek bultzatutako konspirazio izan zen, eskuin-muturreko beste elementu batzuekin batera.
Gurutze Gorriak 3.121 pertsona migratzaile artatu zituen Irunen 2025ean, aurreko urtean artatutakoen erdiak
Euskadik "iparraldeko muga" dela aldarrikatu du, eta "ziurtasuna" eskatu du Europako Migrazio eta Asilo Itunaren aurrean.
Maskaren epaiketa amaituta, epaiak argitu beharko ditu zalantzak
Jose Luis Abalosek, Koldo Garciak eta Victor de Aldamak pandemia garaian maskarak erosteko bi kontratu enpresa jakin bati eta akordio "itxi eta pribilegiatu" batekin esleitzeko erakunde kriminala osatu ote zuten argitu beharko du Auzitegi Gorenak. Zalantza hori eta beste batzuk argitzeko eperik ez du izango.
Polemikak gorabehera, Lander Martinezek ez du arriskuan ikusten EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernua
Lander Martinez Sumarreko diputatuak antzerkitzat jo du EAJren eta PSE-EEren arteko azken krisia. Horren arabera, jeltzaleek erabaki dute Moncloarekin harremana tenkatzea Eusko Jaurlaritzako edo aldundietako koalizio gobernuak zalantzan jarri beharrean. "Ez dute interesik gehiengo hori galtzeko", gaineratu du.
EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk zibersegurtasunari buruzko akordioa lortu dute, eta aliantzak PP haserrearazi du
Euskal Polizia modernizatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari, ziberdelituen egungo hazkundeari eta ziberkrimenek etorkizunean ekarriko dituzten erronkei aurre egiteko.