Auzitegi Nazionala
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Crespo: Zurrumurruek zioten Rubalcabak antolatu zuela Gürtel operazioa

Pablo Crespo Gürtel sareko ustezko bigarrenak ez ditu onartu bere kontrako akusazioak, nahiz eta aitortu "konpainien arduraduna" izan dela. Fiskaltzak 85 urteko kartzela-zigorra eskatu du horrentzat.
Pablo Crespo, Auzitegi Nazionalean, deklaratzen. Argazkia: EFE
Pablo Crespo, Auzitegi Nazionalean, deklaratzen. Argazkia: EFE

Pablo Crespo Gürtel sareko bigarrenak baieztatu duenez, 2008ko azaroan sortutako zurrumurru batzuen arabera, Alfredo Perez Rubalcaba garai horretako Barne ministroaren "bulegoan" PPren aurkako operazioa antolatu zuten, "polizia lagunekin eta konfiantzazko pertsonekin".

Hala mintzatu da Crespo, Gürtel sarearen aurkako makroepaiketan egindako lehen deklarazioan, Baltasar Garzon epaileak 2009ko otsailean agindutako atxiloketak baino lehen operazioaren zurrumurrurik jaso ote zuen fiskalak galdetu ostean.

Crespok baietz erantzun du, lau hilabete lehenago esan baitzioten Rubalcabaren bulegoan "PPren aurka zuzendutako operazio bat" antolatzen ari zirela, Antonio Camacho orduko Segurtasun Estatu idazkariaren laguntzarekin, eta, tartean, Francisco Correa sareko ustezko burua ere bazegoela, Alejandro Agag Jose Maria Aznarren suhiarekin harremana zuelako.

Zurrumurru horiengatik, hain zuzen, agertu zen urduri Correaren aurrean, uste zuelako entzuketak egiten ari zitzaizkiela, Garzonek aginduta grabatutako elkarrizketa batean jasota dagoenez. Horretan, Correak "paranoiko" deitu zion Crespori.

Fiskalak, ondoren, galdetu dio nork helarazi zizkion esamesak, baina Crespok esan du ez duela argituko "auziarekin loturarik ez duen pertsona bat" delako.

Bestalde, Crespok ez ditu onartu bere kontra egindako akusazioak, nahiz eta aitortu egin duen Francsico Correa sareko ustezko buruzagiaren "konpainien arduraduna" izan dela.

"Onartzen al dituzu zure aurkako akusazioak?", galdetu dio Concepcion Sabadell fiskalak, "ez, inolaz ere", erantzun du Crespok. "Publikoa eta jakina zen Correla zela konpainien jabea", zehaztu du ondoren.

Sareraren lehen garaiko jarduerak epaitzeko bere lehen deklarazioan azaldu duenez, 1994tik lan egin izan zuen PPrentzat, hasieran lanpostu tekniko batean eta, ondoren, Galiziako PPren Organizazio idazkari gisa.

Correaren aginduen transmititzailea

Bestalde, berretsi egin du Correaren "aginduak transmititu" besterik ez zuela egiten, ez zuelako inolako eskarmenturik enpresa munduan, Correarentzat lan egin aurretik.

"Correa atzerrian zegoen etengabean eta konfiantzazko pertsona bat behar zuen bere kontuez arduratzeko, hori zen nire egitekoa, aginduak transmititzea", azaldu du.

Correarentzat lan egiten hasi zenean -azaldu du- Galiziako PPtik zetorren, eta ez zeukan inolako esperientziarik enpresa esparruan: "Nire eskarmentua ezdeusa zen, bai ordea kudeaketa lanetan, PPn, baina enpresari gisa hutsekoa, hori dela eta, etengabe eskatzen nizkion jarraibideak Correari".

Suitzaren oniritzia

Concepcion Sabadell Ustelkeriaren aurkako fiskalak Suitzak emandako baimena aurkeztu du Auzitegian, Luis Barcenas PPren diruzain ohiaren bankuetako datuak erabiltzeko.

"Irmoa da", esan du Fiskaltzaren ordezkariak saioa hasi denean, diruzain ohiaren gaineko kontuen informazioa erabiltzeko baimena jasotzen duen epaiaren inguruan.

"COU eta Zuzenbideko lehen maila dauzkat eginak"

Crespok akusatuen eserlekuan eseri da, epaitegira eraman duen agiri mordoa alboan zuela (hainbat karpeta eta koaderno). Hasieran, duen formakuntza maila baieztatu du Concepción Sabadell fiskalaren aurrean: "COU eta Zuzenbideko lehen maila dauzkat eginak", esan du.

Crespo Gürtel sareko ustezko bigarren eta Galiziako PPren idazkari ohiak gaur, astelehena, deklaratuko du Auzitegi Nazionalean, 37 pertsona akusatuen aulkian eserarazi duen auzia dela eta, Francisco Correa sareko ustezko buruak errugabetu ostean.

Fiskaltzak 85 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Cresporentzat. Akusatuak, Correak ez bezala, ez du Fiskaltzarekin akordiorik egin nahi, Miguel Duran bere abokatuak EFE albiste-agentziari azaldu dionez.

Duranen arabera, Crespok itaunketa "bizia" egingo du, eta Concepcion Sabadell fiskalaren galdera guztiei erantzungo die; alabaina, ez du zehaztu gainerako akusazioen eta defentsen galderei erantzungo ote dien.

Auzitegiak deklarazioa hartzeko zehaztutako ordenaren arabera, 10:00etan deklaratuko du Crespok, Correaren hitzen babespean, deliturik egin izana ukatu baitzuen.

Correak hiru egunez deklaratu zuen, eta Crespok sozietateen kudeatzaile soila zela esan zuen deklaraziootan. Gainera, PPren politikariek kontratuak esleitzeko asmoz enpresarien komisioak berak jaso izana ezeztatu zuen.

Galiziako PPren idazkari ohia ez dute soilik Gürtelen lehen garaiko atalagatik (1999-2005 garaia epaitzen du) epaituko. Izan ere, Crespo beste bost auzitan ere ikertzen ari dira: sareak Valentzian egindako jarduerengatik; Gürtelen bigarren garaiagatik (2006-2009); Boadilla del Monteren garaiagatik (Madril) eta Fiturrengatik. Azken hori dela eta, epaitu dute dagoeneko, eta epaiaren zain geratu da.

Cresporen ostean, Alvaro Perez 'El Bigotes'ek deklaratuko du. Correak, Cresporekin egin bezala, errugabetu egin zuen, politikariei dirua ematen ziela ukatuta. Gainera, Jesus Sepulveda Pozueloko alkate ohi eta Ana Mato Espainiako Osasun ministro ohiaren senarrari egotzitako ordainketa bat (Gürtelen kontabilitatean JS siglekin ageri da identifikatuta) Jose Sevilla delako batek egin omen zuen, mailegu bat dela eta.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X