Iñigo Urkulluk lehendakari karguaren zina egin du
Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu du Gernikako Batzar-etxean egingo den ekitaldian. Bertan izan dira erakundeetako ordezkariak, politikagintzako, ekonomiako eta justizia alorretako kideak eta euskal gizarteko ordezkariak.
Hamabietarako minutu gutxi falta zirela heldu da Urkullu Gernikako Batzar-etxera. Emaztearekin batera heldu da, eskuan aginte-makila zuela. Bertaratu direnek txalo artean hartu dute lehendakaria.
Ondoren, Legebiltzarreko presidenteak, Bakartxo Tejeriak, eta Legebiltzarreko Mahaiko kideek harrera egin diote. Elkarrekin sartu dira Batzar-etxean.
Saioari hasiera eman ondoren, Batzar-etxearen kanpoko aldera irten da Urkullu Legebiltzarreko presidentearekin eta Mahaiko kideekin batera. Gernikako aritzaren azpian egin du zin.
Formula tradizionala
Duela lau urte karguaren zina egiteko erabili zuen formula berdina erabili du. Jose Antonio Agirrek, Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak eta Juan Jose Ibarretxek erabilitakoaren antzekoa da, baina aldaketa txikiekin. Urkulluk Bizkaiko Foru Zaharra jasotzen duen XVII. mendeko liburu baten eta Gernikako Estatutuaren ale baten gainean eskuak jarrita egin du karguaren zina, euskaraz.
Zin egiteko erabili duen esaldia honakoa da: "Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko-lur gainean zutik eta Gernikako aritzaren azpian asaben gomutaz? herri-ordezkari zareten zuen aurrean nire agintea zintzo beteko dudala, zin dagit".
?Denentzako Euskadi baten alde eta Euskadi hobe baten alde? lan egingo duela agindu du Urkulluk Gernikako Batzar-etxeko sinadura-liburuan idatzi duen testuan.
Zin egitearen ondoren, Ertzaintzaren musika bandak Euskadiko ereserkia jo du eta dantzariek aurreskua dantzatu dute.
Urkulluren familiak bertatik bertara eta emozioz jarraitu du ekitaldia Gernikako Zuhaitzaren albo batean. Bertan izan dira Urkulluren ama, Lucia Arieta-Araunabeña emaztea, eta Karlos, Kerman eta Malen seme-alabak.
Ohorezko aurreskuaren ondoren, lehendakaria Gernikako Batzar-etxean sartu da berriz ere. Bertaratu direnek txalo artean eta zutik hartu dute.
Hemizikloaren barruan, lehendakariak juntetxeko tribunatik hartu du hitza, eta karguaren jabetzaren adierazpena egin du. Urkulluk aditzera eman du Koroari leial izango zaiola eta Konstituzioa, Gernikako Autonomia Estatutua eta indarrean dauden gainerako legeak errespetatuko dituela. Karguaren jabetza hartu ondoren, guztiek zutik entzun dute Agur Jaunak.
Urkulluk aginte-makila Batzar-etxera bertaratu direnei eskaini die, bai aretoan zeudenei, baita kanpoko aldean zeudenei ere.

Ondoren, lehendakaria Zuhaitz Zaharra dagoen lekura gerturatu da. Isilean hainbat minutuz egon da zuhaitzaren aurrean.
Gonbidatuak
Ekitaldi solemnean 300 gonbidatu baino gehiago izan dira. Horien artean zeuden Soraya Saenz de Santamaria, Espainiako gobernuko presidenteordea, Carles Puigdemont, Kataluniako presidentea, Fernando Clavijo, Kanarietako presidentea, eta Uxue Barkos, Nafarroako presidentea.
Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideak eta Gernikan izan dira. Horrez gain, ekitaldian parte hartu dute erakundeetako ordezkariek, politikagintzako, ekonomiako eta justizia alorretako kideek eta euskal gizarteko ordezkariek.
"Lan egiteko borondatea"
Soraya Saenz de Santamariak ?leialtasuna eta elkar ulertzeko borondatea? helarazi dizkio gaur Eusko Jaurlaritza berriari.
Gernikan egin den ekitaldiaren amaieran kazetariei adierazi dienez, ?Espainiako gobernuaren izenean zorterik handiena, eta leialtasuna eta elkar ulertzeko borondatea? helarazi dizkio Urkulluri. ?Denok elkarrekin lan egiteko unea? dela uste du Saenz de Santamariak.
Euskadik Kataluniaren laguntza "aurkituko du"
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak errespetua agertu dio Euskadik bere etorkizunaren gainean hartuko duen "aukerari", eta, baieztatu duenez, Kataluniaren laguntza "aurkituko du" hala behar duen orotan. Ekitaldian zehar Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearen aldamenean egotea egokitu zaio Puigdemonti, baina esan duenaren arabera "kortesiazko hitzak" besterik ez dituzte trukatu. Horrez gain, deitoratu egin du Estatua "desagertu" egiten dela hitzarmenei buruz hitz egiten zaionean.
Bestalde, Puigdemontek plazertzat jo du eta "pozik" azaldu "Eusko Jaurlaritzako ordezkari gorenari babesa ematen egoteagatik".
Otegik eskua luzatu dio lehendakariari
Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak Iñigo Urkullu zoriondu du lehendakariaren kargua zin egin ostean, eta "eskua luzatu" dio "esparru politiko berri bat" eraikitzeko. Horrez gain, prest azaldu da "preso politikorik gabeko herri bat" lortzeko.
Agintari abertzaleak nabarmendu duenez, euskal herritarrentzat Gernika "bakearen eta askatasunaren sinboloa da", eta ekitaldira Urkulluri errespetua adierazteko eta hura zoriontzeko joan direla gaineratu du.
Podemosek "elkarrizketarako irekia" dagoen Gobernua espero dute
Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusiak gaur esan duenaren arabera, "elkarrizketarako irekia" egongo den Eusko Jaurlaritza bat aurkitzea espero du bere alderdiak, baita euskal gizartearen ezaugarri den "aniztasuna" bere egin eta "bertute eta sendotasun" bilaka ditzala ere. Albak baieztatu duenez, Podemoseko taldeak "konstruktiboa den eta euskal gizartearen gehiengoaren eskubideak defendatzen direla bermatzen duen oposizioa egingo du".
Eusko Jaurlaritza berria astelehenean osatuko da
Eusko Jaurlaritza berria datorren astelehenean osatuko da, Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, larunbatean Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu ostean.
Astelehenean hamaika sailburuen kargu-hartze ekitaldia izango da, eta, ziurrenera, asteartean egingo dute Eusko Jaurlaritza berriaren lehendabiziko gobernu bilera.
Zure interesekoa izan daiteke
Ollo: "Demokraziaren aldeko borrokan ari zen alderdi karlista baten jarraitzaileak zituzten helburu"
Lizarrako Udaleko Memoria Batzordeak ekitaldia egin du 1976an Montejurran izan ziren gertakarien 50. urteurrenaren kariaz, eta bertan izan da Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako kontseilari Ana Ollo.
Gaur amaitu da Ernairen IV. kongresua
Ezker abertzaleko gazte antolakundeak, Ernaik, gaur amaitu du laugarren kongresua, Bergaran. Bi konpromiso berretsi dituzte bertan: gazteriarekiko konpromisoa eta Euskal Herriarekiko konpromisoa. Horren harian, gazteriaren behar eta kezkak politizatu eta askapen prozesuan txertatzeko ardura hartu dute.
Berdintasuna "betebehar demokratikoa" dela defendatu du EAJk emakume jeltzaleen lana omentzeko ekitaldian
Euzko Alderdi Jeltzaleak emakume jeltzaleen lana goraipatzeko ekitaldia egin du 1922an sortutako Emakume Abertzale Batzaren urteurrenean. Bertan azpimarratu duenez, berdintasuna "ez da aukera politikoa, betebehar demokratikoa baizik".
José Luis López de Lacalle kazetaria omendu dute haren hilketaren 26. urteurrenean
Andoaingo PSE-EEk antolatutako ekitaldian, frankismoaren aurkako militante sozialista historikoa omendu dute. Jose Luis Lopez de Lacalle 2000. urtean tirokatu zuen ETAk, etxeko atarian, egunkariak erostetik zetorrenean.
Pradalesek autoritarismoaren gorakadaz ohartarazi, eta Europa "arinago eta kohesionatuago" baten alde egin du
Lehendakariaren esanetan, nazioarteko zuzenbidea eta demokrazia liberalak mehatxupean daude mundu mailako populismoaren eta autoritarismoaren gorakadaren ondorioz. Euskadik Europa federal batean ahots propioa izatea aldarrikatu du.
50 urte Montejurrako gertakarietatik: karlisten arteko talka, italiar neofaxistak eta… Estatuaren konplizitatea?
Karlismoaren barne-gatazka bat ez ezik, Montejurrako hilketen atzean botere postfrankistek bultzatutako konspirazio izan zen, eskuin-muturreko beste elementu batzuekin batera.
Gurutze Gorriak 3.121 pertsona migratzaile artatu zituen Irunen 2025ean, aurreko urtean artatutakoen erdiak
Euskadik "iparraldeko muga" dela aldarrikatu du, eta "ziurtasuna" eskatu du Europako Migrazio eta Asilo Itunaren aurrean.
Maskaren epaiketa amaituta, epaiak argitu beharko ditu zalantzak
Jose Luis Abalosek, Koldo Garciak eta Victor de Aldamak pandemia garaian maskarak erosteko bi kontratu enpresa jakin bati eta akordio "itxi eta pribilegiatu" batekin esleitzeko erakunde kriminala osatu ote zuten argitu beharko du Auzitegi Gorenak. Zalantza hori eta beste batzuk argitzeko eperik ez du izango.
Polemikak gorabehera, Lander Martinezek ez du arriskuan ikusten EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernua
Lander Martinez Sumarreko diputatuak antzerkitzat jo du EAJren eta PSE-EEren arteko azken krisia. Horren arabera, jeltzaleek erabaki dute Moncloarekin harremana tenkatzea Eusko Jaurlaritzako edo aldundietako koalizio gobernuak zalantzan jarri beharrean. "Ez dute interesik gehiengo hori galtzeko", gaineratu du.
EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk zibersegurtasunari buruzko akordioa lortu dute, eta aliantzak PP haserrearazi du
Euskal Polizia modernizatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari, ziberdelituen egungo hazkundeari eta ziberkrimenek etorkizunean ekarriko dituzten erronkei aurre egiteko.