Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Matxinada eta sedizioa egotzi die fiskalak Generalitateari eta Mahaiari

Estatuko Fiskaltza Nagusiak kereila jarri du Generalitateko eta Kataluniako Parlamentuaren Mahaiko kideen aurka.
18:00 - 20:00
Fiskaltzak kereila jarri du Generalitatearen eta Parlamentaren aurka

Estatuko Fiskaltza Nagusiak kereila aurkeztu du Auzitegi Nazionalean Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen eta kargugabetutako 13 kontseilarien kontra —Santiago Vila kontseilaria barne, dimisioa aurkeztu zuen arren— matxinadagatik, sedizioagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik. Horrez gain, beste kereila bat aurkeztu du Auzitegi Gorenean Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideen aurka, delitu berengatik. Parlamentuko kideak forudunak dira, eta horregatik Gorenera jo du Fiskaltzak.

Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusiak egin du iragarpena, galderarik onartu ez duen prentsaurreko batean.

Deklaratzera lehenbailehen deitzea eskatu du Fiskaltzak, eta oraingoz, ez du kautelazko neurririk galdegin. Dena dela, Mazak ohartarazi du gerora eska ditzakeela "egoeraren zein egotzitako delituen larria tarteko".

Hala, erantzukizun zibilari aurre egiteko 6,2 milioi euroko fidantza edo bermea ezartzea galdegin du kereiletan.

Auzitegi Nazionalean aurkeztutako kereila "Generalitateko arduradun politiko nagusien kontrakoa" dela zehaztu du Mazak. "Azken bi urteotan hartu dituzten erabakiekin eta egin dituzten ekintzekin krisi instituzionala eragin dute, independentzia aldarrikapen batekin burutu dutena".  "Gure Konstituzioa mesprezatu dute", erantsi du fiskalburuak.

Gorenean aurkeztutako kereila oraindik forudunak diren Diputazio Iraunkorreko kideen kontra aurkeztu du Mazak. Fiskaltzaren arabera, Parlamentuko presidenteak eta bost diputatuek "independentzia prozesua burura eramatea" ahalbideratu zuten independentzia aldarrikapenaren bozketa baimenduta.

Estatuko fiskal nagusiak nabarmendu duenez, "hemendik aurrera, inpartzialtasunez eta legea zorrotz beteta jarduten jarraituko du Fiskaltzak, Zuzenbide Estatua, ordena konstituzionala eta bizikidetza errespetatuko dela bermatuz. Horiek denak modu larrian kaltetu dituzte kereilotan salatutako ekintzek".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X