Rajoyk Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa defendatu ditu, Konstituzioan agertzen direlako
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa defendatu ditu, onartzen diren eta Konstituzioan dauden legeei "ohore" egin behar zaiela eta "demagogiatik" ihes egin behar dela iritzita.
Gosari informatibo batean bere iritzia eman du, Kongresuak Kupoaren eta Kontzertu Ekonomikoaren legeak onartu eta lau egunera.
PPko buruzagi ere badenak Katalunia ere gogoan izan du, eta legeak eta Konstituzioa errespetatzearen beharraz hitz egin du. "Batzuek legea eta demokrazia kontrajartzen dituzte eta hori irrigarria da, legerik gabe ez baitago demokraziarik. Horren aurrean, "normaltasunera itzultzearen" garrantzia nabarmendu du.
"Burujabetza nazionala" aldebakarrez akabatu ezin dela azpimarratu ostean, Espainiako Konstituzioa eta legeak bete behar direla gaineratu du. Norbaitek horiek obedituko ez balitu, "Konstituzioan eta gure ordenamenduan dauden instrumentuak aplikatu behar dira, demagogiarik gabe eta hitz bat bestea baino altuago esan gabe".
Rajoyk azaldu duenez, politika "serio" hori bera da "Kontzertua eta Hitzarmen Ekonomikoa aitortzen dituena", Kontzertu Ekonomikoari erreferentzia eginez.
"Legea nagusitzen denean, gure Konstituzioa aplikatzen denean, guztiok irabazten dugu eta guztiok seguruago eta konfiantza gehiagorekin sentitzen gara; indartsuagoak gara eta gehiago errespetatzen gaituzte", adierazi du. Hori dela eta, legeak eta joko-arauak errespetatzearen garrantzia aldarrikatu du.
Alderdi batzuek Kupoari buruz esandakoak kritikatu ditu Alfonso Alonsok
Zenbait alderdik Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren kontra izandako erreakzio "gogor eta oldarkorra" kritikatu du gaur Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak. Haren esanetan, jarrera "arduragabea" da.
Rajoyrekin batera parte hartu duen gosari informatibo batean, Ciudadanosek Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren kontrako botoa eman izana deitoratu du eta hauteskunde kalkulu bati erantzuten diola azpimarratu du. Haren esanetan, ez du inoiz euskal gizartearen kontra horrelako mugimendurik ikusi. Gaineratu duenez, Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa "ez dira nazionalisten aldarrikapena", hori baino "zaharragoa" da.
Zure interesekoa izan daiteke
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri