Atxiloketa Katalunian
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pedro Sanchez hiltzeko asmoa zuen frankotiratzaile bat atxilotu dute Esquadra Mossoek

Dirudienez, Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko emandako aginduagatik hil nahi zuen Espainiako presidentea. Espainiako Gobernuaren esanetan, Sanchez 'ez da arriskuan egon'.
18:00 - 20:00
Pedro Sanchez hiltzeko dena prest zuen gizon bat atxilotu dute Mossoek

Esquadra Mossoek tiratzailea den eta armak erabiltzeko lizentzia daukan segurtasuneko zaindari bat atxilotu dute, ustez Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez hiltzeko asmoa zuelako, hainbat iturrik jakitera eman dutenez.

Terrassako (Bartzelona) 63 urteko bizilaguna duela hiru aste atxilotu zuten, eta, Instrukzioko Epaitegira eraman ostean, kartzelan sartu zuten, Público hedabideak azaldu duenaren arabera. Sanchez hil nahi zuela aitortu zuen bertan.

Aipatu iturriak zehaztu du Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko emandako aginduagatik hil nahi zuela presidente espainiarra Manuel M.S.k. Etxean 16 su-arma zituen; doitasun handiko errifleak eta subfusil bat, besteak beste.

Atxilotuak ez zuen aurrekari polizialik, baina olinpiar tiro talde bateko tiratzaile onena zen, eta armak moldatzeko eta egiteko ezagutzak zituen.

Atxilotu aurretik, WhatsAppeko talde pribatu bateko erabiltzaile batek salatu zuen atxilotua. Antza denez, talde horretako kidea zen, eta laguntza eskatu zien gainerako kideei presidentearen agenda gertutik ezagutzeko eta zehazki non zegoen jakiteko. Gainera, atentatua egiteko asmoa erakutsi zuen taldean bertan.

Albert Oliva Esquadra Mossoen bozeramailearen hitzetan, Sanchezi eraso egiteko "asmoa argia" zuen, baina ez zuen oraindik horretarako planik.

Olivak prentsaurrekoan azaldu duenez, era askotako 16 arma konfiskatu dizkiote gizonari, horietako batzuk, gainera, legez kontrakoak.

Atxilotuak, antza, ez du muturreko eskuineko taldeekin harremanik, baina "Espainiagatik bizia emateko prest zegoela" esan zuen, Franco hobitik aterako zutela jakin ostean.

Espainiako Gobernua: 'Sanchez ez da arriskuan egon'

Espainiako Gobernuak nabarmendu duenez, atxiloketa hori gorabehera, "Sanchez ez da arriskuan egon". Exekutiboaren iturriek "gertakaritzat" jo dute atxiloketa, eta "horrelako mehatxuak etengabe" jasotzen dituztela erantsi dute.

Era berean, jasotako babesa eskertu, eta aurrerantzean ere "eztabaida politikoa lasaitzeko lanean" jarraituko dutela azpimarratu dute.

Zure interesekoa izan daiteke

Entrevista en Radio Euskadi al portavoz de EH Bildu en el Parlamento Vasco. habla sobre las sentencias de los perfiles lingüísticos de euskera en las instituciones vascas.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskara profilen aurkako “estrategia antolatua” eta "praktika sasimafiosoak" arbuiatu ditu Otxandianok

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile Peio Otxandianok dio euskararen hizkuntza eskakizunen aurkako errekurtso judizialen jarioaren atzean “antolatutako bultzada bat” dagoela. Erabaki judizial horien argitan, EAJri eta PSE-EEri eskatu die Enplegu Publikoaren Legearen erreforma bat negoziatzera eser daitezela, sistema blindatzeko, eta, salatu duenez, bi alderdiek uko egin diote erreforma hori egiteari.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X