Gaur abiatuko da Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa historikoa
Urriaren 1eko erreferenduma antolatu eta Kataluniaren independentzia aldarrikatu zuten buruzagi independentisten aurkako epaiketa gaur, otsailak 12, abiatuko da Auzitegi Gorenean.
Fiskaltzak 7 eta 25 urte urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu akusatuentzat, matxinada eta desobedientzia delituengatik eta dirua bidegabe erabiltzearren. Abokatutzak, baina, 7 eta 12 urtera murriztu du zigorra, matxinada beharrean albaramendua leporatu dielako.
12 buruzagi independentista eseriko dira akusatuen aulkian: Oriol Junqueras presidenteorde ohia, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia, Raul Romeva, Jordi Turull, Joaquim Forn, Dolors Bassa, Meritxel Borras, Carles Mundo eta Santi Vila kontseilari ohiak, Jordi Sanchez ANCren buruzagi ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea.
Aurretiazko izapideekin hasiko da epaiketa. Prozesu horrek hiru egun iraun lezake, eta, beraz, aste osoa beteko luke, epaiketa asteartetik ostegunera soilik egingo dutelako, goizeko eta arratsaldeko saioetan banatuta. Horrekin, presoen joan-etorriak saihestu nahi dituzte.
Horrenbestez, litekeena da 12 auzipetuen galdeketak otsaileko hirugarren astean hastea; Oriol Junquerasena izango da lehena.
Otsailaren 1etik Madrilgo bi kartzelatan daude buruzagi independentistak: bi emakumezkoak, Alcala Mecon, eta 10 gizonezkoak, Soto del Realen.
Quim Torra Kataluniako presidentea eta bere taldeko bi kontseilari epaiketaren lehen saioan egotea baimendu du Auzitegi Gorenak. Alabaina, errefusatu egin du Estatuko zein nazioarteko begiraleak epaiketa egingo duten aretora sartzeko zenbait abokatuk egindako eskaera, telebista bidez eta auzitegiaren webgunearen bitartez saioak oso-osorik emango dituztela argudiatuta.
Horrez gain, Gorenak argitu du akusatu bakoitzak bi akreditazio izango dituela senitartekoak edota lagunak epaiketara eraman ditzaten, eta epaiketan bi itzultzaile egongo direla jakinarazi du.
12 auzipetuak
Hauek dira 12 auzipetuak eta Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak haien aurka eskatu dituzten zigorrak:
ORIOL JUNQUERAS
Fiskaltza: 25 urteko kartzela-zigorra, matxinada eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Estatuko Abokatua: 12 urteko kartzela-zigorra, sedizio eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Kataluniako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohia, 2017ko azaroan 2tik dago espetxean.
CARME FORCADELL
Fiskaltza: 17 urteko kartzela-zigorra, matxinada egotzita.
Estatuko Abokatua: 10 urteko kartzela-zigorra, sedizioa egotzita.
Kataluniako Asanblada Nazionaleko (ANC) buruzagia izan zen lehenengo eta Parlamentuko presidentea gero. 2017ko azaroaren 9an kartzelan sartu zuten, baina biharamunean aske geratu zen 150.000 euroko bermea ordainduta. 2018ko martxoan berriro eraman zuten preso, eta harrezkero espetxean dago.
JORDI SANCHEZ ETA JORDI CUIXART
Fiskaltza: 17 urteko kartzela-zigorra, matxinada egotzita.
Estatuko Abokatua: 8 urteko kartzela-zigorra, sedizioa egotzita.
'Jordiak' dira espetxean denbora gehien daramaten auzipetuak. 2017ko urriaren 16an kartzelatu zituzten.
JOAQUIM FORN
Fiskaltza: 16 urteko kartzela-zigorra, matxinada eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Estatuko Abokatua: 11 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Junqueras bezala, Kataluniako Gobernuko Barne kontseilari kargugabetua 2017ko azaroaren 2tik dago espetxean.
JORDI TURULL
Fiskaltza: 16 urteko kartzela-zigorra, matxinada eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Estatuko Abokatua: 11 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Gobernuko Presidentetza kontseilaria 2017ko azaroaren 2an espetxeratu zuten; abenduaren 4an aske geratu zen, bermea ordainduta, baina 2018ko martxoan berriro eraman zuten preso.
JOSEP RULL
Fiskaltza: 16 urteko kartzela-zigorra, matxinada eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Estatuko Abokatua: 11 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Kataluniako Lurralde kontseilaria ere 2017ko azaroan kartzelatu zuten eta handik hilabetera aske geratu zen. Alabaina, 2018ko martxoan berriro kartzelatu zuten.
RAUL ROMEVA
Fiskaltza: 16 urteko kartzela-zigorra, matxinada eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Estatuko Abokatua: 11 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Harreman Instituzionalen eta Kanpo Gaietarako kontseilaria izan zen. 2018ko martxotik dago preso.
DOLORS BASSA
Fiskaltza: 16 urteko kartzela-zigorra, matxinada eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Estatuko Abokatua: 11 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Bassak Lan eta Gizarte Gaietarako Kontseilaritza zuzendu zuen. 2018ko martxotik dago preso.
SANTIAGO VILA, CARLES MUNDO ETA MERITXELL BORRAS
Fiskaltza eta Estatuko Abokatua: 7 urteko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte, desobedientzia delitua eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Aske dauden auzipetu bakarrak dira. Vilak gau bat igaro zuen espetxean, bermea ordaindu eta aske geratu zen arte; Mundo eta Borras, ostera, ia hilabete egon ziren preso, 2017ko abendura arte.
170 komunikabide, 600 kazetari
Ikusmin handia piztu du epaiketa honek nazioartean. 170 komunikabidetako 600 kazetari baino gehiago akreditatu dira, prozesu osoa bertatik bertara jarraitzeko. Hori dela eta, aurrekaririk gabeko antolaketa behar izan da, aretoak eta azpiegiturak prestatzeko.
Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko presidentearen hitzetan, "antolaketa oso konplexua" izan da, halako epaiketa handiak hartzeko ez dagoelako prestatuta eraikina, azpiegiturei dagokienez.
M-11ko atentatuen epaiketak bakarrik eragin du antzeko ikusmina Auzitegi Gorenean.
Urkullu, 'Proces' auzian lekuko
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohia eta Soraya Saenz de Santamaria presidenteorde ohia izango dira 'proces' auziko lekuko nagusiak. Roger Torrent Kataluniako presidentea, Artur Mas presidente ohia, Cristobal Montoro ministro ohia eta Iñigo Urkullu lehendakaria ere lekuko izango dira epaiketan.
Carles Puigdemont eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak, berriz, auzipetuta daudenez, ez dira lekuko izango. Ezta Felipe VI. erregea ere, legeak jasotzen duenez salbuetsita baitago.
Zure interesekoa izan daiteke
EAJ "pozik" krisiaren aurkako neurriekin, baina EH Bilduren ustez, "ez da nahikoa"
Jeltzaleen arabera, neurri horiek "elektrizitatearen eta erregaien azken prezioa familientzat eta autonomoentzat eskuragarriagoa izaten lagunduko dute". Koalizio abertzaleak positibotzat jo du Sanchezi helarazitako hiru proposamen jaso izana, baina neurriek energia eta petrolio enpresa handien irabaziak handituko dituztela kritikatu du.
Espainiako Gobernuak elektrizitatearen, gasaren, gasolinaren eta gasolioaren BEZa % 10era jaitsi du
Ezohiko Ministroen Kontseiluak Ekialde Hurbileko gerraren ondorioak arintzeko lehen neurri sorta bat onartu du gaur. Neurri horiek 5.000 milioi euro mobilizatuko dituzte. Sanchezen arabera, "ez du eragotziko legez kanpoko gerra honen ondorioak Espainiara iristea, baina bai eramangarriagoak izatea".
Apirileko itzalaldi elektrikoa "hainbat faktorek" eragin zuten, Europako adituen arabera
Txostenak ondorioztatu du "oso azkar hedatu" zela Espainiako hegoaldean izandako "arazo lokal bat". Horrek gaintentsioagatiko deskonexio orokorrak eragin zituen, eta, azkenik, sistema iberikoa Europako gainerako lurraldeetatik bereizi zen.
PSOEk eta Sumarrek bi dekretu adostu dituzte, krisiari aurre egiteko neurriak eta etxebizitzaren ingurukoak jasotzeko
Irango gerraren ondorioak leuntzeko lege dekretua onartzeko Ministroen Kontseilua bi ordu pasako atzerapenarekin hasi da, Sumarreko kideek uko egin baitiote bileran sartzeari alokairuko kontratuen luzapena eta enpresen marjinak kontrolatzeko neurriak kanpoan uzten ziren bitartean. Azkenik, gobernukideak akordio batera iritsi dira.
Euskadik, Gaztela-Mantxak eta Kanariek bitartekotza independentea proposatu diote Osasun ministroari, greba medikoa desblokeatzeko
Euskadiko, Gaztela-Mantxako eta Kanarietako osasun-arduradunek gutun bat bidali diote Monica Garcia Osasun ministroari. Bertan, Pazienteen Erakundeen Plataformaren bitartekaritza independentea proposatu dute, greba-batzordearen eta Ministerioaren arteko elkarrizketa errazteko eta greba desblokeatzeko.
Ministroen Kontseiluak neurri ekonomikoak adostuko ditu gaur, Ekialde Hurbileko gerraren eragina arintzeko
Lege-dekretua datorren ostegunean onartu beharko dute Kongresuan. Lau arlotan egituratutako plan zehatza jarriko dute mahai gainean: egiturazko neurriak, zerga-paketea, sektore kaltetuentzako berariazko laguntzak eta pertsona zaurgarrientzako laguntzak biltzen dituena.
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.