Kongresuko Mahaiak diputatu katalanak karguan eten ditu
Diputatuen Kongresuko Mahaiak eman du bere erabakia: diputatu katalanak karguan eten ditu, aurrez ganberako legelariek hori egiteko abala eman ostean. Erabakia ez dute aho batez hartu: PSOEk, PPk eta Ciudadanosek erabakiaren alde bozkatu dute; Unidas Podemosek, aldiz, denbora gehiago eskatu du, eta ebazpena "hain arin" hartzearen kontra azaldu da.
Hala, Espainiako Prozedura Kriminalaren Legearen 384 bis artikulua aplikatuta, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turull diputatuen jarduna etenda geratu da maiatzaren 21etik, hau da, kargua hartu zuten egun beretik.
Batet-ek agerraldia egin du erabakiaren berri emateko. Azaldu duenez, abokatuek emandako txostena aztertzeko "denbora gehiago" eskatu dute Unidas Podemoseko mahaikideek, eta erabakia "hain arin hartzearen kontra azaldu dira". PSOEk, PPk eta Ciudadanosek karguan etetearen alde agertu dira.
Behin-behineko espetxealdian dauden lau politikari katalanei kargua etetea erabakitzeaz gain, neurri horrek izango lukeen "irismena" zehaztu behar zuen Kongresuko Mahaiak. Hala, hautetsi katalan horien kargua etetea indarrean dagoen bitartean, Kongresuan gehiengo osoa lortzeko zenbat diputatu behar diren argitu behar zuen.
Azken gai horren inguruan erabakia hartzeko beste txosten juridiko bat eskatu dutela esan du Batetek. Ildo horretatik, idatzia jasotzen dutenean dagozkion erabakiak hartzeko berriro elkartuko direla iragarri du.
Kongresuko presidenteak azpimarratu duenez, erabakiak hartzerakoan “babes juridikoa oinarri” izaten ahalegindu dira. Era berean, Kongresuko Mahaiko ordezkariek hartzen dituzten erabakietan iritzi politikoek ezin dutela eraginik izan gaineratu du.
Azkenik, Batetek azaldu du diputatu katalanek aktak entregatu ezean, karguan etengo dituztela automatikoki.
Alderdi politikoen erreakzioak erabakiaren aurrean
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak zalantzan jarri du Kongresuko legelariek egin duten txostena. Bere iritziz, “erabaki hori ez doa (Kataluniako auzia konpontzen lagunduko lukeen) norabide zuzenean”. Hala, behin-behineko espetxealdian dauden lau politikari katalanei kargua eteteko orduan, “legearen interpretazio zurruna” egin dutela azpimarratu du.
Ildo horretatik, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak adierazi du “onartezina” dela “Kataluniako preso politikoei herritarrek emandako babesa kentzea eta milioi bat katalanen hautua isilaraztea”. Arrazoi horregatik, igandean botoa emateko deia egin die herritarrei, “bi herrion askatasun egarria geldiezina dela” erakutsiz.
Irene Montero Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak alderdiaren desadostasuna helarazi du erabaki horren aurrean. Bere iritziz, diputatu katalanen gaineko erabakia Kongresuko Mahaiak hartu beharrean Auzitegi Gorenak hartu behar zuen. Ildo horretatik, diputatu guztiak herritarrek hautatu dituztela gogora ekarri du, eta haien erantzukizunak betetzeko ardura dutela gaineratu du.
Beste alde batetik, Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkari nagusiak ziurtatu du Meritxell Batet Kongresuko presidentea “barregarri” geratu dela erabakia hiru egun “luzatu” ostean. Bere esanetan, hauteskunde garaia izanik, interes politikoak direla-eta atzeratu du horrenbeste Kongresuko Mahaia deitzea. “Oso gaizki hasi da”, gaineratu du Villegasek.
Era berean, Ana Pastor PPko ordezkariak esan du 48 ordu galdu dituztela jarrera horrekin. Izan ere, ‘popularrek’ preso dauden politikoak karguan etetea asteazkenean eskatu zutela gogora ekarri du. Halaber, Kongresuko presidenteak bozketarik egon ez dela ziurtatu izana “txantxatzat” hartu du Pastorrek, erabakia Kongresuko Mahaian bozkatu dute eta.
Ada Colau Bartzalonako alkateak ere Kongresuaren Mahaiak ostiral honetan hartu duen erabakiaren aurka agertu da: “Ulertezina da demokratikoki diputatu gisa hautatuak izan diren preso politikoak karguan etetea. Auzi politikoa epaitu nahi dutenaren beste adibide bat da hau”.
Ernest Maragall ERCko ordezkariak erabakia “bidegabea” dela esan du, Twitter bidez zabaldu duen mezu batean. Bere esanetan, “botere legegiletik datorren eraso antidemokratikoa da”.
Erabakia hartu aurretik eskatutako txostena
Auzitegi Gorenak erabakia hartzea Diputatuen Kongresuari dagokiola ebatzi ostean, Meritxell Batet Ganberako presidenteak txosten bat idatz dezatela eskatu zien atzo erakunde horretako legelariei, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turull kargua etetea ala ez erabaki ahal izateko, eta abokatuek erabaki hori hartzeko abala eman dute.
Kongresuko Mahaia gaur goizean bildu da berriro aipatu dokumentua aztertzeko, eta ondoren erabakia jakinarazi dute.
Mahaia osatzen duten Alderdi Popularreko eta Ciudadanoseko ordezkariak txosten hori eskatzearen aurka agertu dira, diputatu presoak kargua eteteko arrazoiak badaudela iritzita.
Alabaina, Alderdi Sozialistak eta Unidas Podemosek Mahaian gehiengoa dutela baliatuta, legelariei kontsulta egitea erabaki dute azkenean.
Meritxell Batetek atzo azpimarratu zuenez, "Kongresuko zerbitzu juridikoengana jotzea erabaki dugu hartu daitezkeen erabakiak zuzenbidean oinarrituta eta berme juridiko guztiekin hartuko direla ziurtatzeko".
ERC eta JxCAT taldeetako lau diputatuak kargua etetea edo ez "arrazoi politikoen arabera" hartzea saihestu nahi duela berretsi zuen Batetek.
Zure interesekoa izan daiteke
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.