Biktimak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Begoña Urroz DRIL erakundeak hil zuela baieztatu du ikerketa batek

Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroak egindako ikerketa baten arabera, DRIL erakundeak hil zuen Begoña Urroz umea 1960an. Urteetan ETAri egotzi izan diote hilketaren ardura.
Begoña Urrozen hilketari buruzko ikerketaren egileak.
Begoña Urrozen hilketari buruzko ikerketaren egileak. Argazkia: EFE

Begoña Urroz haurtxoa ez zuen ETAk hil; DRIL erakunde armatuak egindako atentatu batean hil zen 1960an, Donostian. Hala dio 'Muerte en Amara. La violencia del DRIL a la luz de Begoña Urroz' ikerketak.

Liburua gaur aurkeztu dute Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroan, Donostian. Aurkezpenean izan dira ikerketaren egileak: Gaizka Fernandez Soldevilla historialaria eta Manuel Aguilar kazetaria.  

Directorio Revolucionario Iberico de Liberacion erakunde armatu antifrankistari buruzko informazioa bildu eta aztertu ostean, Begoña Urroz umetxoa talde horrek hil zuela ondorioztatu dute.

1960ko ekainaren 27an, Amarako tren-geltokian lehergailu bat leherrarazi zuten eta 20 hilabeteko haurra larri zauritu zen. Biharamunean hil zen.  

DRIL erakundeak atentatu horren eta beste hainbaten ardura bere gain hartu zuen Caracaseko El Nacional egunkarira bidalitako agiri batean, eta bi ikerlariek egunkari horren ale bat eskuratu zuten.    

1960ko ekainaren 26an eta 27an eraso ugari egin zituen DRIL erakundeak Madrilgo, Bartzelonako, Bilboko eta Donostiako tren-geltokietan. Amarako leherketan sei pertsona zauritu ziren, tartean Begoña Urroz eta haren izeba.  

Soldevilla eta Aguilarren iritzian, informazio ezak eta leherketa Donostian gertatu izanak eragin zuten atentatu haren atzean ETA zegoela pentsatzea.

Aguilarrek beti jarri du zalantzan halakorik; izan ere, "ETAk garai hartan ez zuen gaitasun operatiborik horrelako atentatuak hiri ezberdinetan egiteko".

Halaber, "otsailean antzeko erasoak izan ziren Madrilen, eta hori guztia aintzat hartuta, dena zalantzan jarri nuen".  

Urteetan hilketa horren ardura ETAri leporatu badiote ere, Soldevillak azpimarratu du Espainiako Barne Ministerioaren erregistroetan ez dagoela inon jasota Begoña Urroz ETAk hil zuela.  

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Chivite: "Inork zerbait egin badu, ordain dezala, baina ez naiz ni izango"

Maria Chivite Nafarroako lehendakaria Guardia Zibilak Santos Cerdani buruz egindako azken txostenaren inguruan aritu da Parlamentuan, UPNk eskatuta, eta hau esan du: "Zenbat eta gehiago ikertu, zenbat eta gehiago aurreratu auzitegietan, are argiago dago ez dagoela ezertxo ere nire aurka". "Gobernu honek txosten horrekin lotuta izan duen esku-hartze bakarra izan da Justiziarekin lankidetzan aritzea, informazioa emateko eta ikerketan laguntzeko. Gainerako guztia nire aurkako sorgin-ehiza estrategia baten parte da, ez Gorenak ez UCOk beren ikerketa eta erabakiekin berresten ez dutena, ez baitago ezer", azpimarratu du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X