Protestak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

19 atxilotu Gasteizen, 'proces'aren epaiaren aurkako manifestazio batean

Milaka gaztek hartu dute parte Ernaik deitutako mobilizazioetan. Bilbon eta Gasteizen, Ertzaintza manifestarien aurka oldartu da. Ehun bat lagunek trenbidea itxi dute Gasteizen.
18:00 - 20:00
Milaka gazte kalera irten dira EAEko hiriburuetan 'proces' auziaren epaiaren aurka

Ertzaintzak 19 lagun atxilotu ditu Gasteizen, proces auziaren epaiaren aurkako manifestazio baten ostean. Manifestazioa Ernaik deitu du, epaiagatik protesta egiteko eta independentzia aldarrikatzeko; EAEko beste bi hiriburuetan ere egin dituzte manifestazioak, Ernaik deituta, eta milaka gazte izan dira horietan.

Atxilotu guztiak -gehienan adin txikikoak- aske utzi dituzte arratsaldean, epailearen aurrean deklaratzeko zain.

"Ez dugu onartzen. Bota dezagun irentsi ez gaitzan" goiburupean, manifestazioak 12:00etan hasi dira Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Gasteizen, mila gazte Andre Maria Zuriaren plazan batu dira, eta manifestazioa egin dute hiriko hainbat kaletatik, Ertzaintzaren zaintzapean.

Parte-hartzaileek ikurrinak eta bandera izardun batzuk zeramatzaten, eta, besteak beste, "Bi herri, borroka bakarra" oihukatu dute; independentziaren aldeko oihuak ere entzun dira.

Gerora, ehun bat gazte trenbidera sartu dira, Renferen geltokiaren parean, independentziaren aldeko pankarta batekin. Bertan minutu batzuk eman ostean, alde egin dute, eta ertzain batzuk haien atzetik joan dira. Ertzaintzaren iturriek baieztatu dute "15-20 lagun" atxilotu dituztela, desordena publikoak egotzita, tren-zirkulazioa oztopatzeagatik; gerora, Segurtasun Sailak zehaztu du 19 atxilotu izan direla.

Bilbon, ehunka lagun izan dira manifestazioan. Arriaga plazan hasi, eta Kale Nagusira abiatu da gerora; istilu batzuk izan dira amaieran, Moyua plazan; bertan, manifestariek eserialdia egin dute, Espainiako Gobernuaren Azpiordezkaritzaren aurrean, eta zirkulazioa eten dute. Ertzaintza ikasleen aurka oldartu da.

Bizkaiko beste herri batzuetan ere, esker abertzalearen aldeko hainbat gaztek antzeko protestak egin dituzte; Leioan, esate baterako, Euskal Herriko Unibertsitatean, elkarretaratzea izan da.

Donostian ere, ehunka gaztek egin dute protesta, proces auziaren epaiaren aurka, eta 'Altsasu auzia'ren epaiaren kontra ere bai.

Manifestazioaren zutabeetako bat Unibertsitateetako gunetik irten da, eta Boulevarden batu dira denak; hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte, Kataluniako politikarien askatasunaren aldeko oihu artean, eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak zainduta.

Sortuk Ertzaintzaren indarkeria salatu du

Bilbon eta Gasteizen izan diren manifestazioetan Ertzaintzak "bortizkeriaz" jokatu duela salatu du Sortuk, eta EAJri "errepresioaren aldeko apustua" albo batean utz dezala eskatu dio.

"Eusko Jaurlaritzaren Poliziak indarkeria erabili du bidegabekeriaren eta autoritarismoaren aurka modu baketsuan mobilizatu diren milaka gazteren aurka eta 20 bat atxilotu egin ditu", kritikatu du ohar batean.

Sortuk babesa eta elkartasuna adierazi die atxilotuei eta haren senide eta lagunei, eta atxiloketak garaiz kanpokoa direla erantsi du.

Ernaik ostegun honetan deitutako manifestazioak babesteaz gain, Sortuk jakinarazi du sindikatuek bihar lantokietan eta Gure Eskuk larunbatean Donostian antolatu dituzten mobilizazioekin bat egiten duela.

"Kalera atera eta gure haserrea adierazteko unea da, eraso autoritarioak amaitu arte geldituko ez garela erakusteko unea da", azpimarratu du.

Urtaranek indarkeria gaitzetsi eta protesta baketsuak aldarrikatu ditu

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak hirian izan diren istiluak gaitzetsi ditu.

"Protestak eta mobilizazio baketsuak egiteko eskubidean sinesten dugu; eta protesta batzuetan gertatzen ari dena ikusita, Kataluniako erakundeek agertu duten kezka gure egiten dugu, prozesu horretan parte hartzen diren pertsonen borondatearekin bat ez datozelako", adierazi du ohar batean.

Alabaina, protestetan indarkeria erabiltzea gaitzetsi du, Gasteizen nahiz Katalunian. "Ebazpen judizialaren aurka protesta egiten ari direnen ondoan gaude, baina protestetan indarkeria erabiltzea ez dugu inoiz babestuko", gaineratu du.

Arabako Alderdi Sozialistak manifestazio baketsuak egiteko herritarren eskubidea aldarrikatu du, baina indarkeriazko ekintzak gaitzetsi ditu, “bizikidetzari kalte egiten diolako eta ordena publikoa iraultzea duelako helburu”.

Sozialistek oharra kaleratu dute, segurtasun indarrak goraipatuz, “indarkeria erabiltzen den protestetan herritarren segurtasuna bermatzeagatik”.

Halaber, lasaitasunerako deia egin dute, “demokrazian protestak errespetuz eta bizikidetzaz gauzatu behar direlako”.  

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X