Asteartean jakinaraziko dute 'De Miguel' auziaren epaia
'De Miguel' auziaren epaia abenduaren 17an jakinaraziko dute. Orain arte ustezko ustelkeriagatik Euskadin egindako makroepaiketarik handiena izan da 'De Miguel' kasua deiturikoa: 26 akusatu daude, tartean EAJren Arabako hainbat agintari ohi.
Arabako Lurralde Auzitegiaren Bigarren Sailak 10:00etarako deitu ditu akusatuak eta horien abokatuak, epaia irakurriko den ekitaldi publikora.
2018ko urtarrilaren 8an hasi zen 'De Miguel' auziaren epaiketa, eta urte horretako abenduaren 19an geratu zen epaiaren zain. Akusatuen artean, Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi eta foru ahaldun ohia dago. Fiskaltzak, guztira, 29 urte eta 9 hileko kartzela-zigorra eskatu du harentzat, hogei bat deliturengatik: besteak beste, legez kontrako elkartzea, kapitalen zuriketa, funtzionario-eroskeria pasiboa, hertsapenak, bidegabeko erabiltzea eta influentzia-trafikoa egozten dizkiote.
De Miguelez gain, Arabako EAJren beste bi buruzagi ohi ere badaude, Koldo Ochandiano eta Aitor Telleria, hain zuzen ere. Fiskaltzak 13na urte eta 7na hileko espetxe-zigorra eskatu du haientzat.
Epaiketak iraun zuen bitartean, kartzela-zigor eskariak murriztu egin zituen Fiskaltzak. Izan ere, hasiera batean, 54 urte eta 11 hileko espetxe zigorra eskatu zuen De Miguelentzat, eta 32 urte eta bi hilabete Ochandianorentzat eta Telleriarentzat.
"EAJk zuzendutako erakundeetan kontratu eta esleipenak lortzeko sarea"
Ministerio Publikoaren arabera, De Miguel, Ochandiano eta Telleriak talde sozietario bat osatzen zuten. EAJrekin zuten lotura baliatuta, alderdi horrek zuzentzen zituen erakundeetan kontratu eta esleipenak lortzea, eta lehiaketa horietan aurkezten ziren enpresei komisioak kobratzea zen talde horren helburua.
Epaiketaren azken egunean, De Miguelek ukatu egin zituen leporatzen zaizkion delituak, ez dela legez kontra aberastu esan zuen, ez dagoela bere kontrako frogarik eta haren defentsak absoluzioa eskatu zuen.
"Gauza batzuk gaizki egin ditut, eta damutzen naiz, benetan. Atzera bueltatu ahal izango banintz, ez nituzke egingo, inolaz ere ez. Baina inoiz ez dut deliturik egin; are gutxiago, egotzi dizkiguten delitu horiek", esan zuen De Miguelek, azken alegatuan.
Salaketa, 2009ko abenduan
Auzia 2009ko abenduan hasi zen. Ainhoa Alberdi abokatuak salatu zuen De Miguelek, garai hartan Tokiko Administraritzako foru ahalduna zenak, 100.000 euroko komisioa eskatu ziola, Arabako Teknologia Parkearen handitzeko prozesuan bitartekari-lanak egiteagatik.
EAJrekin lotura zuten akusatuek dimisioa eman zuten, 2010ean atxilotu zituztenean. Iñigo Urkullu, gaur egun Eusko Jaurlaritzako lehendakari dena, EAJko presidente zen orduan, eta auzipetuei alderdiko karneta entregatzeko eskatu zien, EAJk kalterik ez jasateko. Urkulluk nabarmendu zuen alderdi jeltzaleak ez zuela zerikusirik auzi horrekin.
2018ko udan, epaiketak etenaldia izan ostean, Arabako fiskal buruak jakinarazi zuen adostasun hitzarmena egin zuela 26 akusatuetako 9rekin. Bederatzi horiek onartu egin zuten "legearen aurkako komisioak kobratzea helburu zuen talde kriminala" zegoela. De Miguelek, aldiz, ez zuen hitzarmen horrekin bat egin.
26 akusatuentzat Fiskaltzak eskatzen duena
Hiru akusatu nagusiak eta euren senideak:
1.- Alfredo de Miguel: Inputatu nagusia. EAJren Arabako Exekutibako kidea izan zen 2007ko abuztuan Administrazio Lokalerako diputatu izendatu zuten arte. Kontratu publikoak legez kanpoko moduan lortu eta komisioak kobratzea helburu zuen sozietate talde baten burua zela uste du Fiskaltzak (Kataia, Errexal, Ortzi Muga) eta horretarako, EAJko kide izatea aprobetxatu zuela.
29 urte eta 9 hilabete eskatzen dituzte berarentzat, baita 1,2 milioi euroko isuna ordaintzea ere.
2.- Aitor Telleria: EAJren Arabako Exekutibako kide zen eta aurrez aipaturiko talde horren buruetako bat zela dio Fiskaltza. 13 urte eta 7 hilabeteko kartzela-zigorra eta 606.342 euroko isuna eskatzen dute berarentzat.
3.- Koldo Otxandiano: EAJren Arabako Exekutibako kide eta aurrez aipaturiko talde horren buruetako bat zela dio Fiskaltza. 13 urte eta 7 hilabeteko kartzela-zigorra eta 606.342 euroko isuna eskatzen dute berarentzat.
4.- Ainhoa Bilbao: Alfredo de Miguelen emaztea eta Kataiako bazkidea zen, trama guztiaren erdian omen zegoen enpresako bazkidea, alegia. Fiskaltzak 5 urteko kartzela-zigorra eskatzen du berarentzat.
5.- Araceli Bajo: Aitor Telleriaren emaztea eta Kataiako bazkidea zen, trama guztiaren erdian omen zegoen enpresako bazkidea, alegia. Fiskaltzak 5 urteko kartzela-zigorra eskatzen du berarentzat.
6.- Iratxe Gaztelu-Urrutia: Koldo Otxandianoren emaztea eta Kataiako bazkidea zen, trama guztiaren erdian omen zegoen enpresako bazkidea, alegia. Fiskaltzak 5 urteko kartzela-zigorra eskatzen du berarentzat.
7.- Aintzane de Miguel: Alfredo de Miguelen arreba, Kataia eta Errexal enpresetako langilea. Ikertu dituzte enpresen kontabilitatea eramateaz arduratzen zen eta ustez, bazekien legez kanpo egiten zutena. Fiskaltzak 3 urte eta 6 hilabeteko zigorra eskatu zuen berarentzat.
Eusko Jaurlaritzako kide ohiak eta beste kargu batzuk:
8.- Javier Sanchez Robles: Juan Jose Ibarretxeren Gobernuan Gazteria zuzendari eta Kultura Departamentuko Ekintza Komunitarioko zuzendari izan zen 2003tik 2009ra. Bere kargua De Miguelen sarea laguntzeko erabili izana leporatzen diote. 8 urteko kartzela-zigorra eskatu du fiskalak.
9.- Gurutz Larrañaga Zubizarreta: Juan Jose Ibarretxeren Gobernuan Gazteria eta Kultura sailburuorde izan zen 2003tik 2009ra. Sanchez Roblesek egiten zuena ez kontrolatzea leporatzen diote. Fiskaltzak 10 hilabeteko inhabilitazioa eskatzen du.
10.- Julian Sanchez-Alegria: Euskal Autonomia Erkidegoko Parke Teknologikoen Sareko presidentea 2005eko azarotik 2009ko uztailera. Arabako Parke Teknologikoaren zabalkunde prozesuan kontratu baten adjudikazioan irregulartasunak egitea leporatzen diote eta urtebete eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen dute berarentzat.
11.- Alfonso Arriola: Arabako Parke Teknologiko Gerentea 2006tik 2009ra. 5 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen du Fiskaltzak.
12.- Miren Lourdes Bilbao: Arabako Parke Teknologiko zuzendaria 2007tik 2011ra. 4 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Fiskaltzak.
13.- Justina Angulo: Zambranako alkate (EAJ) 1995 eta 2007 artean. Herrian poligono industrial bat eraikitzeko lurren birkalifikazioan irregulartasunak egitea leporatzen dio Fiskaltzak (azkenean ez zen egin) eta 10 urteko inhabilitazioa eskatzen du.
Ikertutako enpresaburu eta administradoreak:
14.- Iñaki San Juan: Ortzi Mugako Administradorea. 7 urteko kartzela-zigorra eskatu dute berarentzat.
15.- Josu Montes: Ortzi Mugako Administradorea eta Errexaleko langilea. 6 urteko kartzela-zigorra eskatu dute berarentzat.
16 .- Prudencio del Hierro: De Miguelek Gorlizen (Bizkaia) duen etxe bateko obra ordaindu zuela aitortu zuen eraikitzailea. 3 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute berarentzat.
17.- Jon Iñaki Echaburu: Loizate taldeko titularra. Loizate Eraikuntzak dago barruan. Eta enpresa horri Kataia Consultingi %4ko komisioa ordaintzea leporatzen diote Lapuebla de Labarca eta Zigoitian obra batzuk eurei ematearen truke. 6 urte eta 8 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute berarentzat.
18.- Sergio Fernandez Oleaga: Studio Tecnico Obras y Arquitectura S.L. (Stoa) enpresako administradore eta bazkide bakarra. Arabako Parke Tekonologikoaren zabalkuntzan aritzeko ustez komisioa ordaindu zuen enpresa. 7 urte eta 5 hilabeteko urteko kartzela-zigorra eskatu dute berarentzat.
19.- Josu Arruti Letemendia: Sidepur enpresako kidea. Epaiketan onartu zuen berak eta De Miguelek Riera taldeari bakoitzarentzat 161.000 euroko komisioa eskatu ziotela, Zambranan egitekoa zen operazio urbanistiko baten truke. Urte bete eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute berarentzat.
20.- Josu Arruti Odriozola: Aurrekoan aita eta Sidepurreko bazkidea. 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute berarentzat.
21.- Estibaliz Arruti: Aurrekoen arreba eta alaba. Fiskaltzak bere absoluzioa eskatu zuen akusazioa mantentzen ez zuelako.
22.- Gorka Errasti: Aurrekoaren senarra. Fiskaltzak bere absoluzioa eskatu zuen, kapital zuriketa delitua preskribatuta dagoelako.
23, 24, 25 y 26.- Francesc Fernandez, Placid Casas, Joaquin Sabater eta Ramon Tomas Riba: Zambrana operazioarekin lotutako Grupo Rierako enpresaburuak. Epaiketan, Fernandezek onartu egin zuen komisioak ordaintzea onartu zuela. Fiskaltzak absoluzioa eskatzen du guztientzat. Fernandez eta Casasen kasuan delitua preskribatuta dagoelako eta Sabater eta Tomasen kasuan, akusazioa mantentzen ez duelako.
Zure interesekoa izan daiteke
Burlatako Udalak aho batez gaitzetsi du UPNko zinegotzi bati jaietan egindako erasoa
Pasa den larunbatean Carlos Oto UPNko zinegotziari eraso egin zioten alderdi erregionalistaren egoitzan, hainbat alderdikide eta beste hainbat pertsona bilduta zeudela.
"Errealitatea makillatzea" egotzi dio Ceutako presidenteak Gobernuari, eta krisia konpontzeko 30 egun eman dizkio
Juan Vivasek gogor kritikatu du Gobernua uztailaren 30ean eta 31n Marokotik 70.000 pertsona inguru hiri autonomora sartu ondoren sortu den migrazio-krisiaren aurrean "erantzun ezagatik" eta "pasibotasunagatik". Agerraldi batean, Vivasek galdetu du ea Gobernuaren pasibotasunak Maroko "ez molestatzea" bilatzen duen, eta iragarri du botere judizialera eta beste estamentu batzuetara joko duela krisia 30 eguneko gehieneko epean konpontzen ez bada.
Javier Lasagabaster hil da, Lurralde Politika eta Herri Lan sailburua 1980 eta 1984 artean
Lasagabaster Carlos Garaikoetxea buru zuen Jaurlaritzako kide izan zen lehen legegintzaldian, 1980 eta 1984 artean.
Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk
Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.
Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Monica Garciak ukatu egin du Ceutan osasun-kolapsorik dagoenik, eta pilaketen arriskuaz ohartarazi du
Osasun ministroak azken 15 egunetan 5.800 migratzaile artatu dituztela azaldu du, eta arrisku sanitario eta epidemiologikoak prebenitzeko gune gehiago eskatu ditu.
PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek uko egin diote Ceutako adingabe migratzaileen arreta hurrengo Sektore Konferentzian eztabaidatzeari
Abuztuaren 27ko Sektore Konferentzia izango da Ceutan atzerritarren sarrera masiboa izan zenetik egingo den lehena. Ceutarako 25 milioi euroko aparteko kredituaren transferentzia ere aztertuko dute, bakarrik dauden adingabe migratzaileen arretari lotuta.
Ceutako adingabeak familiekin elkartzea defendatzen du Euskadik, banatu beharrean
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak esan duenez, Euskadik "ez du onartuko inposatutako, inprobisatutako edo bermerik gabeko deribaziorik", eta gogorarazi du EAEk dagoeneko bere ahalmenaren gainetik hartzen dituela adingabeak.
Marlaskak segurtasun neurriak indartu ditu Ceutan, eta Marokorekiko lankidetza aldarrikatu du
Barne ministroak iragarri duenez, 45 polizia gehiago bidaliko dituzte Ceutara, herritarren segurtasuna indartzeko asmoz. Oraindik ez da erabat berreskuratu normaltasuna hirian, nahiz eta modu irregularrean sartu ziren migratzaile gehienak itzuli.
Sei atxilotu Gasteizen, Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman gazte bati eraso egiten saiatzea egotzita
Futboleko Munduko Txapelketa baino egun batzuk lehenago gertatu omen zen. Atxiloketetako bat astelehenean izan zen, eta beste bostak asteartean.