Junqueras: "Autodeterminazio eskubidea erabili nahi dugu berriro, eta egingo dugu"
Oriol Junqueras 'proces' auziagatik preso dagoen Generalitateko presidenteorde ohi eta ERCko buruzagiak autodeterminazio eskubidea defendatu du gaur Kataluniako Parlamentuan, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioari buruzko ikerketa batzordean lekuko gisa egindako agerraldian.
"Autodeterminazio eskubidea erabili nahi dugu berriro. Egingo dugu", adierazi du 40 bat minutu iraun duen agerraldian.
Agerraldia ERCk bere politikaren erdigunean dituen bi elementu defendatzeko baliatu du Junquerasek: Kataluniaren independentzia eta elkarrizketa, alegia. Lehenengoari buruz honakoa esan du: "Autodeterminazio erreferenduma gauza normala da. Berriro erabili nahi dugu eskubide hori, baina horretarako gehiago behar dugu. Indarrak bildu behar ditugu, zalantzarik gabe. 2017ko urrian zerbait ikasi bagenuen honakoa da: demokraziagatik balitz bakarrik, botoak zenbatu izan balira, irabaziko genuke, argi dago irabazi dugula, baina balantzaren beste platerean beste gauza batzuk jarri zituzten: borra-kolpeak, buruzagi politikoa kartzelan, Parlamentua eta Gobernua bertan behera uztea...".
Horren aurrean, balantzaren bestaldean botoak pilatzen jarraitzearen beharra azpimarratu du ERCko buruak: "2019ko hauteskunde emaitzak horren erakusle dira, gure kontra gehien oihukatzen dutenek galdu dituzte boto gehien, eta hau diodanean zuok —Ciudadanoseko ordezkariei zuzenduta— burua jaistea da adibide argiena".
Hain justu, Ciudadanos talde parlamentarioko kideek batzordea utzi dute Junquerasen agerraldiaren erdian. Lorena Roldan bozeramaileak "barkamena" eskatzeko galdegin dio ERCko buruzagiari, eta erantzunaren zain geratu barik, Parlamentutik atera dira Cs-ko diputatuak.
155. artikuluaren aplikazioa hizpide hartuta, Junquerasek esan du "Kataluniako herritarren interesei kalte egiteko bakarrik" balio zuela.
Politikari presoaren hitzetan, "kartzela pauso bat da askatasunerantz, edertasun poetikoa da ia". Gogorarazi duenez, aurretik pertsona asko sartu dituzte espetxean modu bidegabean.
Dena dela, "preso egonagatik" elkarrizketari muzin egin ez diotela azpimarratu du. "Behar diren negoziazio mahaietan parte hartzeko prest gaude, gure kartzela zigorrak txalotu dituzten horiekin ere", argitu du.
BIDEOA | Turullek batasuna eskatu die JxCat eta ERCri
Parlamentuko ikerketa batzordean, gainerako preso politikoek ere deklaratu dute: Jordi Turull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Josep Rull eta Dolors Bassa.
Jordi Turull Generalitateko Presidentziaren kontseilari kargugabetuak batasunerako deia egin die alderdi independentistei, "denak helburu berarekin aritzeko izpiritua berreskuratuta". "Mesedez, atzoko moduko irudirik ez dugu berriro ikusi nahi", esan du ERC eta JxCat alderdien arteko hausturari aipu eginez.
Ildo horretan, Turullek erantsi du herritar independentistek ez dutela gertatzen ari dena ulertzen eta batasuna "barrutik" eraikitzeko eskatu du, "eta ez prentsaurrekoen bidez".
Raul Romeva Kanpo Gaietarako kontseilari kargugabetuak elkarrizketaren aldeko apustua egin du, zatiketa gainditu eta irtenbidea bilatzeko.
"Batak besteari gailentzeko ahalmenik ez badauka, elkarrizketari heltzea eta adostasunetara heltzen saiatzea besterik ez dago", adierazi du.
Horrez gain, Romevak esan du ez dela ezertaz damutzen eta 155. artikulua aplikatu izana "demokrazian egindako akats politiko larriena eta koldarrena" dela salatu du.
"155a aplikatuta ezkutatu egingo ginela pentsatu zuten, baina oker zeuden. Hemen gaude. Badakigu bidea zaila dela, baina bide hori atzeraezina da", azpimarratu du.
Generalitateko Joaquim Forn kontseilari ohiak Gobernu zentralak irekitako elkarrizketarako aukera aprobetxatzearen aldeko apustua egin du, "baina printzipio argi batzuetatik eta elkarrizketaren helburua zein den argi izanda", adierazi du bere agerraldian Parlamentuak Konstituzioaren 155. Artikuluaren inguruan egindako ikerketa batzordean.
"Elkarrizketan jardun dezakeen eta horrekin erreferenduma deitu ahal izango zitekeen Estatu bat izatea gustatuko litzaidake, eta horixe bera da berriz saiatu behar dutena", azpimarratu du Fornek eta Ganbera bisitatuko duen hurrengo aldian askatasunean egin dezakeela gehitu du.
Prozesu independentistaren barruan bere ekintzak berriz bultzatuko lituzkeen galdetzean, hobeto egingo lituzkeela adierazi du: "Lehen genituen helburuak izaten jarraitzen dut orain ere. Beharbada gauza batzuk aldatuko nituzke, baina azken helburua berdina da".
"Indartsuek itundu egiten dute eta ahulek inposatu", ohartarazi dio Estatuari Generalitateko Josep Rull kontseilari ohiak, eta Kataluniako Gobernuan zegoenean ez zegoela negoziatzeko prest zegoen Gobernu indartsurik.
"Inoiz ez genuen izan negoziatzeko prest zegoen Gobernu indartsurik, erabakiak ezin direla herritarren nahi demokratikoari bizkarra emanez hartu ulertzen zuenik", nabarmendu du.
"Soilik elkarrizketarekin egin daiteke aurrera", babestu du Dolors Bassa Generalitateko Enplegua, Gizarte Gaiak eta Familia kontseilari ohiak, eta desadostasunak gainditzeko puntu komunak aurkitzearen aldeko apustua egin du.
Independentismoak konplizitatea eta konpromisoa behar duela aldarrikatu du Bassak: hainbat aldiz konpromisoa badutela erakutsi dutela uste duen arren, "desadostasunak dira noizbait hautsi direnak eta berriz berretsi behar dira", ohartarazi du.
BIDEOA | Preso dauden kontseilari ohiak Parlamentura itzuli dira
Torrak eta Torrentek egin diete harrera
'Proces' auziagatik preso dauden Generalitateko kontseilari ohiak (Oriol Junqueras, Jordi Turull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Josep Rull eta Dolors Bassa) 08:30 aldera heldu dira Ganberara, eta bertan zituzten zain, harrera egiteko, Quim Torra eta Roger Torrent Generalitateko eta Parlamentuko presidenteak, hurrenez hurren. Bassa izan da heltzen lehena, eta txalo artean hartu dute, "askatasuna" zioten oihu artean. Handik 10 minutura heldu dira gainerakoak. Torrentek eta Junquerasek elkar besarkatu dute, hunkituta.
Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian zelan ezarri zen ikertzeko batzordea osatu zutenean lekuko gisa deklaratzeko deitu zituzten sei politikariak, baina Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen, berari baitzegokion baimenak ematea. Behin zigorra ezarrita, Generalitateko Justizia Kontseilaritzak hartu zuen hori baimentzeko eskumena, eta duela bi aste eman zuen oniritzia, politikariak Parlamentura joatea "betebehar saihestezina" dela ulertuta.
Junqueras, Turull eta Rull 2019ko apirilaren 28ko hauteskundeen ondotik Parlamentua osatzeko bilkuran egon ziren azkenekoz ganberan.
Agerraldiak bukatuta, alderdien ordezkarien galderak erantzun beharko dituzte kontseilari ohiek. PSCk eta PPk ez beste taldeek parte hartuko dute (JxCat, ERC, CUP, En Comun eta Cs). Ciudadanos batzordean izan da hasieran, baina gero handik atera dira diputatuak, Junqueras agerraldia egiten ari zen bitartean.
Zure interesekoa izan daiteke
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.
Sozialistak, Parisko Alkatetzari eusteko moduan
Emmanuel Gregoire buru duen ezkerreko koalizioak irabazi du, eta Anna Hidalgoren lekukoa hartzen saiatuko da bigarren itzulian.
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Madrilen bilduko dira aireportuen aldebiko kudeaketa negoziatzeko
Ubarretxenak argi utzi du Jaurlaritzak ez duela onartuko Estatuak ostiralean egindako kontra-proposamena, Jaurlaritzak egindako "eskakizun guztiak bertan behera" utzi baititu. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, ordea, baikor azaldu da, akordioa lortuko delakoan.