Eusko Legebiltzarrak irailaren 3an izendatuko du Urkullu lehendakari
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak irailaren 3an izendatuko du Iñigo Urkullu lehendakari. Horren hirugarren agintaldia izango da, baina oraingoan lehen bozketan inbestituko dute, gehiengo osoarekin, aurreikuspenen arabera. Izan ere, EAJk (31 ordezkari) eta PSE-EEk (10) gehiengo osoa dute Legebiltzarrean.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak gaur goizean jakinarazi du noiz egingo den inbestidura-saioa, Eusko Legebiltzarreko Bateraezintasun Batzordeak legebiltzarkideen ondasunak eta jarduerak aztertu eta horien bateragarritasun-egoerari buruzko egokitasuna zehazteko landutako irizpena onartu ostean. Legebiltzarkideek karguarekin bateraezina den bestelako jarduerarik duten edo ez aztertzeko egin ohi dute agintaldi hasieran.
Hala, EAJk eta PSE-EEk gobernu berria osatzeko dituzten negoziazioek aurrera egiten badute, Urkullu lehen bozketan izendatuko dute lehendakari, gehiengo osoarekin, bi alderdi horien botoekin. Aurreko bi legegintzaldietan bigarren bozketan izendatu zuten, gehiengo soilez.
Oraindik ez dago argi Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaile eta lehendakarigaiak inbestidura-saioan bere hautagaitza aurkeztuko duen ala ez, baina EAJk eta PSE-EEk akordioa lortzen badute horren hautagaitzak ez du aurrera egiteko aukerarik izango.
EH Bilduren Mahai Politikoak erabakiko du Iriartek lehendakari izateko hautagaitza aurkeztuko duen. 2016an, koalizioak hiru ordezkari gutxiago lortu zituen (21 ditu orain), eta hautagaitza aurkeztea erabaki zuen, inbestidura-saioan Iñigo Urkulluri erantzun ahal izateko. Orduko hartan, baina, jeltzaleen eta sozialisten baturak ez zion gehiengo osoa ematen Urkulluri.
Horrela, Urkullu irailaren 3an izendatuko dute lehendakari, eta bi egun geroago, irailaren 5ean, karguaren zina egingo du, Gernikako Batzar Etxean, legebiltzarkideen aurrean. Irailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako sailburuek eta bozeramaileak Ajuria Enea Jauregian hartuko dute kargua, lehendakariaren aurrean. Urkulluk Exekutiboko kide berriak izendatzeko dekretuak irakurriko ditu, eta bakoitzak bere kargua beteko duela hitz emango du. Ondoren, XII. legealdi honetako gobernuaren argazki ofiziala egingo dute. Bitartean, jeltzaleek eta sozialistek koalizio-gobernua osatzeko elkarrizketekin jarraitzen dute, programa adosteko dokumentuen trukearekin, koronabirusak eragindako krisi larriak bereziki kolpatutako agintaldia izango baita. Hala, koalizio-gobernu sendoa eta egonkorra osatu nahi dute bi alderdiek, pandemiaren eta berreraikuntzaren ondorengo egoera modu egokian kudeatzeko. Horretarako, oraingoan, aurreko bi legealdietan ez bezala, Iñigo Urkulluren gobernuak gehiengo osoa izango du.
Zure interesekoa izan daiteke
Etchegarayk eta Blancok Baionako eta Biarritzeko alkate kargua hartuko dute gaur
Atzo, aldiz, Kanboko eta Hendaiako aginte makila jaso zuten Peio Etxelekuk eta Kotte Ecenarrok. Bigarren itzulian aukeratutako alkate karguak hartuta, argitzeke dagoen bakarra da Euskal Hirigune Elkargoko presidente izateko hautagaiak nortzuk izango diren.
Aena aztertzen ari da Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egin duten akordioaren aurkako neurriak hartzeko aukera
Enpresa publikoak azpimarratu duenez, aldebiko organo berria "aholku-emailea besterik ez da izango" eta ez ditu bere eskumenak aldatuko. Gainera, ohartarazi du arriskuan jar daitekeela legedia, egungo araudiaren mugak gainditzen badira.
Torresek ontzat jo ditu itunak, eta "Konstituzioa, Estatutua eta legedia" errespetatzen dituztela esan du
Angel Víctor Torres ministroak Aldebiko Batzordearen bilera "produktiboa" izan dela esan, eta aurrez egin den "lan handia" nabarmendu du. Bi administrazioek, gainera, etorkizunean industria, energia, osasun eta immigrazio alorretan, besteak beste, akordioak lortzeko negoziazioen ildoak ireki dituztela aurreratu du. Horren ustez, "akordioan, askatasun instituzionalean eta kudeaketa publikoaren eraginkortasunean" oinarritutako lankidetza eredua finkatzen ari da.
Pradalesen iritzian,"akats politiko larria" da 'Guernica' ekartzeari atea ixtea kontserbazio txostena jasotze hutsagatik
Lehendakariaren arabera, Reina Sofia Museoaren ezezkoak ez luke nahikoa izan behar Pablo Picassoren margolana Bilboko Guggenheimera 9 hilabetez ekartzea baztertzeko. Guernica Euskadira ekarrita munduari "erreparazio" mezu bat bidaliko litzaioke, horren ustez, eta hori esan dio Pedro Sanchezi.
Lehendakaria: “Adostutakoa oso ona izango da euskal ekonomiaren lehiakortasunarentzat eta ongizatearentzat”
Egungo egoerak lankidetza erritmo handiagoa eskatzen duela esan du Imanol Pradales lehendakariak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin transferentzien inguruko akordioa lortu ostean.
Delituak errepikatzen dituztenei aplikatu beharreko irizpideak gogortzea adostu dute Pradalesek eta Sanchezek
Arma zuriak eramateagatik indarrean dagoen zehapen-araubidea indartu egingo da, aldaketak bultzatuko dira delituak errepikatzen dituzten delitugileekin erabili beharreko araudian, eta Ertzaintzak atzerritartasun esparruan parte-hartze operatibo "erabilgarria" izatea erraztuko da.
Euskadik aireportuen kudeaketan parte hartuko du, lehendakariak Pedro Sanchezekin adostu ostean
Bilkurak bestelako akordio batzuk ere ekarri ditu, hala nola herritarren segurtasuna hobetzekoak edo industria arloko enpresa ertain eta txikiei laguntzeko neurriak.
Pradales Sanchezekin bildu da Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertzeko
Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa ere aztertuko dituzte. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Aldebiko Batzordearen laugarren bilera dute gaurkoa Moncloan.
Euskal Herria Bateraren ekitaldia
Lizarratik zuzenean, Aberri Egunaren ospakizun bateratua.
Albiste izango dira: Pradales-Sanchez bilera, Korrika eta 2026ko EITB Maratoiaren kausa
Gaurkoan Orainen albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.