Pablo Haselek itxialdia hasi du Lleidako Unibertsitatean, kartzelan sartzea ekiditeko
Pablo Hasel rap-kantariak itxialdia abiatu du Lleidako Unibertsitateko Errektoretzan, kartzelan sartzea ekiditeko. Ostiralean amaitu zitzaion Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxean bere borondatez sartzeko eman zion epea.
"Lleidako Unibertsitatean itxialdia hasi dut hainbat solidariorekin batera. Suntsitu egin beharko dute, atxilotu eta espetxeratu nahi banaute", adierazi du gaur goizean Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean.
Haseli bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak bere abestietan terrorismoa goratzea eta monarkia iraintzea leporatuta. Itxialdi mugagabea goizeko 09:00etan hasi da, ondoan bere askatasuna aldarrikatzen duen Llibertat Pablo Hasel plataformako kideak dituela.
Arratsaldean, 250 lagunek elkarretaratzea egin dute Unibertsitatean, raperoari elkartasuna eta babesa adierazteko.
Mobilizazioa amaituta, gazte asko Errektoretzan sartu dira, itxialdian parte hartzeko. Eraikineko ateak mahaiekin eta aulkiekin blokeatu dituzte.
Haselek sare sozialetan azaldu duenez, protesta honen helburu nagusiak hiru dira: "gertatzen ari denari ikusgarritasuna ematea, atxiloketa oztopatzea eta adierazpen askatasunaren eta gainerako eskubideen eta askatasunen aldeko borroka antolatzeko deia egitea".
Plataformako kide batek ohartarazi du litekeena dela Hasel atxilotzeko eta kartzelatzeko polizia-operazioa datozen orduetan izatea.
Bitartean, Auzitegi Nazionalak atzera bota du abeslariak espetxea saihesteko aurkeztu zuen helegitea.
Bederatzi hilabete eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak 2018ko irailean. Halaber, 30.000 euro inguruko isuna jarri zion, "terrorismoa goratzeagatik eta monarkiaren eta Estatuko indarren kontrako irain eta kalumniengatik". Hain zuzen ere, sare sozialen bidez zabaldutako zenbait mezurengatik zigortu zuten, eta 2015ean ezarri zioten beste zigor bat ere badu betetzeko.
Ostiralean amaitu zen Auzitegi Nazionalak espetxean bere borondatez sartzeko eman zion 10 eguneko epea. Baina Haselek argi utzi zuen ez zela espetxean bere kabuz sartuko, eta atxilotzera joan beharko dutela.
Gainera, behin baino gehiagotan esan du ez duela indultua eskatuko, eta baztertu egin duela erbestera joateko aukera. Ildo berean, besteak beldurtzeko "pagaburu" gisa erabili dutela salatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Jaurlaritzak adierazi du adingabeen harrera zentroen sistema "tentsionatuta" dagoela; Garmendia Ceutako haurrak hartzearen alde dago
Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri