Elkarrizketa oinarri, bakearen kultura bultzatu nahi dute terrorismoaren biktimek
Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak biktimen aitortzarako eta erreparaziorako hainbat neurri biltzen dituen dokumentua landu du. Halaber, "biktima horien ekarpena hobetu" nahi dute, hezkuntzaren arloan, iraganari buruzko hausnarketa kritikoa egiterakoan eta, oro har, ezberdinen arteko elkarrizketan.
Asteazken honetan, ezohiko bilera egin dute Lehendakaritzan, txostena onartzeko. Batzarra foro horretako presidenteak zuzendu du: Jose Luis Cuesta EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunak. Iñigo Urkullu lehendakariak ere hartu du parte bileran, eta, ondoren, adierazpen instituzionala egin du.
Dokumentua lantzeko, hiru urte eman dituzte (2017-2020). Hitzaurrean argi utzi nahi izan dute batez ere ETAk erabilitako indarkeriaren ondorioak aztertu dituztela, baina GAL, BVE edo GAE taldeen terrorismoari buruz ere aritu direla.
"Erakunde terrorista bat baino gehiago egon badaudela aitortzearekin batera, zeharo baztertu behar da biktimizazioak nahastea, baita indarkeria bat kontrapisuko argudio gisa erabiltzeko edo beste zeinu bateko indarkeria bat legitimatzeko asmoa ere. Ez zen inoiz gertatu behar, ez da inoiz errepikatu behar", azpimarratzen dute EITB Mediak eskuratu ahal izan duen txostenean.
Biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari dagokionez, Kontseiluak dio "gabezia asko" izan direla, baina, hala ere, urrats asko eman direla, eta aurrerantzean ere lanean segitu behar dela, "egitekoa ez delako amaitu".
Horrenbestez, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeek Terrorismoaren Biktimen Legea erreformatzea aztertu beharko luketela uste dute, "errealitate berrira eta nazioarteko terrorismoaren forma berrietara hobeto egokitu dadin".
Halaber, udalerrietan biktimak oroitzeko ekimenak bultzatzea proposatzen dute –atentatuak gertatu ziren tokietan seinaleak jarrita, adibidez–, betiere tokian tokiko biktimak ados badaude eta udal taldeen artean adostasuna zabala bada.
Horrez gain, errekonozimendu edo erreparazio defizita izan duten biktimei laguntza gehiago eskaintzea aldarrikatzen dute, atentatua jasan zuten garaitik denbora asko igaro den kasuetan –batez ere, 70eko eta 80ko hamarkadetan gertatu baziren– edo gertakaria argitzea ezinezkoa izan denean.
Ildo berean, ezinbestekotzat jotzen dute egia jakiteko eskubidea bermatzea, eta horrek atentatuari lotutako informazio guztia "ezagutzea eta eskuratzea" eskatzen duela nabarmendu dute.
Testigantzak
Bestalde, Kontseiluak positibotzat jo du biktimen testigantzak ikastetxeetara eraman izana, eta ekimen hori beste esparru batzuetan abiatu beharko litzatekeela erantsi du, hala nola unibertsitateetan, lanbide heziketan eta hezkuntza ez-formalaren eremuetan.
Indarkeria politikoari zilegitasuna kentze aldera, indarkeria erabili zuten pertsonen testigantzak jasotzeko aukera aztertu beharko litzatekeela adierazi dute, betiere "bere iraganari buruz eta helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzeari buruz hausnarketa autokritiko sakona egin badu".
Era berean, dokumentuan aipatzen dute "premiazkoa eta beharrezkoa" dela "erlijio izaerako" indarkeriari arreta gehiago jartzea eta, zentzu horretan, prebentzio-hezkuntzako proiektu bat lantzea.
Iraganari buruzko hausnarketa kritikoaren harira, Kontseiluaren ustez, ezinbestekoa da biktimagileak baldintza hauek betetzea: egindako delitutik eta jarduera terroristatik modu kritikoan urruntzea, biktimei eragindako kalte bidegabea aitortzea, inoiz ez justifikatzea, indarkeriaren erabileran oinarritutako helburuak baztertzea eta biktimek egia jakiteko duten eskubidea bermatzen laguntzeko borondate esplizitua erakustea.
Horrez gain, ibilbide hori egin duten presoen eta haien biktimen arteko topaketak ahalbidetzea babesten du, elkarrizketa horietan parte hartzeko azken hitza biktimak izango duela azpimarratuta.
Halaber, erakunde publikoei "biktimak gizartera lehen pertsonan hurbiltzeko" programak lantzen jarraitzeko deia egin die.
Biktima ezberdinen arteko elkarrizketak
Bestalde, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak ondorioztatu du euskal gizartean "bakearen kultura sustatzeko beharra" dagoela eta "elkarrizketa" bultzatu behar dela "gatazkak konpontzeko tresna gisa".
Hala ere, horretarako abiapuntua indarkeriaren erabilerari zilegitasuna kentzea dela esan du: "ETAren amaierak ezin du ekarri gertatutakoari buruzko kritika espliziturik gabe iragana ahaztea".
Ildo berean, eta indarkeria ekintza guztiak "bidegabeak" direla aitortuta, elkarrizketak hainbat norabidetan bultzatu beharko liratekeela iritzi dio: "ETAren biktimen artean, zeinen egoerak eta pentsaerak askotarikoak diren; ETAren eta gainerako erakundeen (GAL, BVE, GAE…) biktimen artean; eta biktimen eta gizartearen ordezkarien artean (eragile sozialak, alderdi politikoak eta erakundeak), baina, "batez ere, etorkizuneko belaunaldiekin, bakearen balioa ikas dezaten".
Amaitzeko, txostenean etorkizunari buruzko hausnarketa bat egiten dute, eta bizikidetza eraikitzeko ezinbestekotzat jotzen dute "iraganari bizkarra ez ematea eta gertatu zena argitzen saiatzea, biktimen errealitatea ezagutzea, memoria bermatzea, eta biktimei aitortza soziala adieraztea”.
Hortaz, "premiazkoa da terrorismo mota ororen justifikazioa eta terroristen omenaldi publikoak eta haien sinboloen gorespena desagerraraztea, birbiktimazio kasuak direlako".
Era berean, Kontseiluak dio funtsezkoa dela "uneren batean edo bestean terrorismoa babestu dutenek" iraganaren hausnarketa kritikoa egitea eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko analisia "argia eta anbiguotasunik gabekoa" izatea.
Zure interesekoa izan daiteke
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.
Sozialistak, Parisko Alkatetzari eusteko moduan
Emmanuel Gregoire buru duen ezkerreko koalizioak irabazi du, eta Anna Hidalgoren lekukoa hartzen saiatuko da bigarren itzulian.
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Madrilen bilduko dira aireportuen aldebiko kudeaketa negoziatzeko
Ubarretxenak argi utzi du Jaurlaritzak ez duela onartuko Estatuak ostiralean egindako kontra-proposamena, Jaurlaritzak egindako "eskakizun guztiak bertan behera" utzi baititu. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, ordea, baikor azaldu da, akordioa lortuko delakoan.
PPk irabazi ditu Gaztela eta Leongo hauteskundeak 33 eserlekurekin, PSOEk 30 lortu ditu, eta Voxek 14
Bestalde, PSOE izan da indar bozkatuena Trebiñuko konderri historikoan, eta Vox izan da bigarrena. Gaztela eta Leonen, oro har, % 65,22ko parte-hartzea izan da hauteskunde hauetan, baina % 48,26koa Trebiñun.