Diada, datorren asteko elkarrizketa mahaiari begira
Independentismoak kaleak hartuko ditu berriro Diadan, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaia begiz jota, datorren astean batzartzekoa baita.
Koronabirus pandemiaren ondorioz iazko Diadak azken urteetako oihartzun txikiena izan ondoren, oraingoan normaltasun handiagoarekin ospatuko dute, nahiz eta oraindik covid-19ari eusteko murrizketek baldintzatu.
ANCk Bartzelonan deitutako manifestazioak bereganatuko du arreta, 'Lluitem i guanyem la independència' (Independentzia borrokatu eta irabazi dezagun) lelopean. Azken urteetan ez bezala ohiko martxa izango da. Aldez aurretik, mobilizazio masiboak eta estatikoak egin dituzte, toki zabalak betetzeko helburuarekin.
Governak pertsonak biltzeko debekuak kendu ditu ostiral honetan, eta horri esker manifestazioa egitea posible izango da. Mobilizazioa Urquinaona plazatik abiatuko da.
Via Laietanatik jaitsi, Espainiako Poliziaren Komisaria aurretik pasa eta Estacio de Françan bukatuko da. Bertan ekitaldia egingo dute. Elisenda Paluzie ANCko presidenteak, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko buruzagiak eta Jordi Gaseni AMIko presidenteak hitza hartuko dute.
ERCko eta Juntseko buruzagi nagusiak manifestazioan izatea espero da, baita Pere Aragones Generalitateko presidentea, Governako kontseilari gehienak eta Laura Borras Parlamentako presidentea ere. Bitartean, CUPek Dolors Sabater Parlamentuko taldearen bozeramailea bidaliko du.
Mobilizazioa arrakastatzat jotzeko kopururik ez du zehaztu izan nahi ANCk. Beste urte batzuetako manifestazioekin alderatzerik ez dagoela uste du, pandemia testuinguru batean egingo delako, baina Paluziek ostegunean azaldu zuenez, "sei zenbakiko" talde bat biltzea espero dute. Koronabirus garaian Europako mobilizazio handienetako bat izatea nahi dute.
ANCren esanetan, independentzia herritarren mobilizaziotik borrokatuz eta erakundeen ekintzarekin lortuko da, eta horixe demostratu nahi du manifestazioak. Mugimendu soberanistaren "indarra" berriz demostratzeko balio behar duela uste dute Governak eta alderdi independentistek.
Hala ere, litekeena da elkarrizketa mahaiari begira dauden desadostasunak agerian uztea, independentismoa zatituta joango dela ematen baitu: mahaiaren aldeko apustu argia egin duen bakarra ERC izan da; Juntsek etengabe kritikatu du, nahiz eta parte hartu; CUPek ez du elkarrizketa estrategian sinesten, nahiz eta ERCrekin bi urteko tartea ematea adostu; eta ANC aurka agertu da.
Politikari presoei indultua eman ondoren aurreneko Diada izango da. Honenbestez, espetxeratu zituzten buruzagi independentistek lehen aldiz ekitaldietan parte hartu ahal izango dute askatasun osoz.
Horrela, horietako batzuek ekitaldietan parte hartuko dute. Omniumek antolatutako ekitaldian Cuixart izango da, "giza eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokan mundu osoan aritutako pertsonekin batera". Era berean, Oriol Junquerasek ERCren ekitaldia hartuko du parte.
Ohikoa den bezala, larunbat honetan Diadako ekitaldi tradizionalak ere egingo dituzte, hala nola, erakunde, alderdi, elkarte eta sindikatuen lore eskaintzak Rafael Casanovaren monumentuan, goizeko lehen orduan.
Ekitaldi soberanistez gain, independentziaren aurkako alderdiek ekitaldiak antolatu dituzte Diadan. Horrela, independentistentzako jaia bihurtu dela salatu nahi dute, eta ez Kataluniako gizarte osoarentzako jaieguna.
Aragonesek batasuna eskatu du
Pere Aragones Generalitateko presidenteak batasuna eskatu du elkarrizketa mahaiaren atarian, eta erreferenduma defendatzeko konpromisoa azaldu du, "utziezina" delako.
Diadaren bezperan mezu instituzionala zabaldu du presidenteak Barztelonako Sant Pau aretoan. Parlamentako gehiengo independentista goraipatu du agintariak: "Errepresioaren amaieraren eta erreferendumaren aldeko gehiengo zabalagoa dago".
"Sekula lortu ez duen gauza bat egiteko zorian da Katalunia: Estatuarekin negoziazio bat zabaltzea, gatazka nola konponduko dugun ebazteko", ospatu du Aragonesek. Gainera, negoziazioaren emaitzak bozketa baten bidez herritarren babesa jaso beharko duela onartzen dute bi aldeek, gogorarazi duenez.
EH Bilduren ordezkaritza
EH Bilduren ordezkaritza batek Diadako ekitaldietan parte hartuko du larunbat honetan. "Kataluniako eragile independentistekin harremanak estutzeko" aprobetxatuko dutela azaldu du koalizioak.
Horrela, Bakartxo Tejeria Nafarroako bozeramaileak eta Garikoitz Mujika EH Bilduko zuzendari nagusiak ordezkaritza zuzenduko dute.
ANCk deitutako manifestazioan, Omniumek antolatutako ekitaldian eta Casanovaren lore eskaintzan parte hartuko dute koalizioko ordezkariek.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.