Gerra lehertu da Casadoren eta Ayusoren artean, ustelkeria eta espioitza akusazio artean
PPren krisiak ez du atzera bueltarik, Pablo Casadoren eta Isabel Diaz Ayusoren arteko talka gerra bilakatu ondoren: Madrilgo presidentearen anaiak kontratu publikoen truke komisioak kobratu ote zituen ikertzen ari da PP, eta Ayusok berak alderdiko Zuzendaritza Nazionalari politikoki "suntsitzeko" egitasmoa aurrera eramatea leporatu dio.
Lurrikararen epizentroan Madrilgo PPren kongresua eta alderdiaren kontrola bereganatzeko borroka daude.
Hiru gertakarik gerra behin betiko hauspotu dute eskuineko alderdian:
Ustezko espioitza jakitera eman dute
Bart, PPk Madrilgo Udalaren bidez Ayusoren aurka abiatutako ustezko espioitzaren berri eman zuten Espainiako komunikabideek. Goizean, Jose Luis Martinez-Almeida alkateak espioitza ukatu eta Ayusoren anaiaren ustezko irregulartasunen frogarik aurkitu ez dutela ziurtatu du.
Ordu batzuk beranduago, Angel Carromero Madrilgo PPren goi-kargudunak dimisioa eman du Alkatetzako Koordinazio idazkari nagusi bezala. Hala ere, ustezko espioitzan parte hartu izana ukatu du Carromerok EFE albiste-agentzian. Udala estutasunean ez jartzeko eta bere burua defendatzeko dimisioa eman duela argudiatu du.
Almeida Genovaren eta Ayusoren artean harrapaturik geratu da berriro.
Ayusok salatu du Casadok suntsitu nahi duela
Bigarren ekitaldian, Puerta del Solen, Ayusok irregulartasunak ukatu ditu, eta alderdiari frogak eta erantzukizunak garbitzea eskatu dizkio: "influentzia-trafikoa izan dela frogatzeko. Kontratu irregular bakar bat izan dela frogatzeko. Zintzoa ez naizela frogatzeko".
Musukoak erosteko Priviet Sportive S.L. enpresarekin 1,5 milioi euroko kontratua onartu du Diaz Ayusok, baita Tomas bere anaiak konpainiarekin dituen harremanak ere, baina "guztia erabat legezkoa" eta "Ogasunean aitortua" izan dela azpimarratu du.
"Zure alderdiko buruzagiek babestu beharrean, suntsitu nahi izatea oso mingarria da", adierazi du Diaz Ayusok. Alderdikideei ahotsa emateko Madrilgo PPren kongresua deitzea eskatu du berriro.
Diaz Ayusok ez du Almeida kritikatu.
PPk Ayusori espedientea ireki dio
Hirugarren ekitaldia Genovak hartu du, PPren egoitza nagusiak. Teodoro Garcia Egea Alderdi Popularreko idazkari nagusiak Madrilgo presidentearen aurkako txostena egiten ari zirenik ukatu du, eta "guztia eman dion zuzendaritzaren kontra modu ankerrean eta bidegabean" egiteagatik kritikatu du.
Ayusori espedientea zabaldu diotela eta zerbitzu juridikoak "zuzenbidean" eman beharreko pausoak aztertzen ari direla jakinarazi du Egeak. Azpimarratu duenez, PPren zuzendaritzak "sekula ez dio inori deliturik leporatu", praktika egokien protokoloa irekitzera mugatu zen ustezko irregulartasunen berri izan bezain laster.
Irailean egindako bilera batean, ustezko komisioen berri izan zutela jakinarazi zion Casadok Ayusori. Urriaren 20an, Egea Madrilgo presidentearekin bildu zen, azalpenak eskatzeko, iritzia aurretik eman gabe.
Hala ere, Genovak ez du dokumentaziorik jaso, "eraso, irain eta gezur kanpaina masibo" bat baizik, baita kongresua aurreratzeko eskaera ere, argudiatu duenez.
"Hori da benetako arrazoia eta ez besterik, eta orain zuen aurrean egia azaldu da", adierazi du Egeak. "Alderdiaren siglak ustekabeko arazoei aurre egiteko inork erabiltzea ezin da onartu", erantsi du.
EFE albiste agentziak aipatutako PPren Zuzendaritza Nazionaleko iturriek azaldu dutenez, alderdiko buruzagi guztiek ezagutzen zuten auzia, eta Ayusoren azalpenak "leherketa kontrolatu" bat izan direla uste dute.
Erkidegoetako presidenteek azalpenak eskatu dituzte goizeko lehen orduan, baina alde ezberdinen agerraldien ostean isiltasuna gorde dute.
Zalantzaz betetako etorkizuna
Etorkizunean ziurgabetasuna da nagusi. PPren Zuzendaritza Nazionalak ez du Ayusori zabaldutako espedientearen amaiera nolakoa izan daitekeen aurreratu.
Besteak beste, PPren estatutuek alderditik kanporatzea aurreikusten dute, "desleialkeria" egotziz gero. Arrazoi berdinagatik lau edo sei urtez alderditik at utzi dezakete ala PP ordezkatzeko inhabilitatu.
PPk ez du sekula kargu publikoan dagoen buruzagi bat kanporatu, are gutxiago erkidegoko presidente bat; beraz, ez dago aurrekaririk. Gainera, Madrilgo kongresua eta Kongresu Nazionala ortzi-mugan daude.
Bitartean, sare sozialen bidez Pablo Casadoren zein Isabel Diaz Ayusoren jarraitzaileek publikoki jarrera azaldu dute.
Hori gutxi ez balitz, PP Gaztela eta Leonen Vox ultraeskuineko alderdiarekin gobernatu ala ez erabakitzeko barne eztabaidan murgildurik dago.
Zure interesekoa izan daiteke
EAJk salatu du pintaketak agertu direla Mendaroko batzokian
Pintura beltza baliatuz, besteak beste, "EAJ español. Faxistak kanpora!" idatzi dute pintaketa horietan, baita igitaiaren eta mailuaren irudia egin ere.
Omenaldia egin diete Gerra Zibilean hildako Iruñeko zinegotzi eta udal langileei
Gerra Zibilean fusilatu zituzten Iruñeko udal beharginei omenaldia egin diete gaur haien senitartekoek Nafarroako hiriburuan, eta gertatu zenari buruz kontatutakoa "gezurra" dela esan dute ekitaldian. "Ez da egia gerran denok galdu genuela, irabazleak egon baitziren. Horregatik, egia, justizia eta ordaina aldarrikatzen jarraituko dugu", azpimarratu dute.
Alain Iriart hautatu dute Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari
Hiriburuko (Lapurdi) ezker abertzaleko auzapeza bederatzi urtez lehendakari izan den Jean-Rene Etchegarayri gailendu zaio. Bigarren bozketan lortu du Iriartek Lehendakaritza, aurrenekoan ezein hautagaik ez baitu gehiengo osorik lortu. Iriartek alkate izateari utziko diola iragarri du, Elkargoan buru-belarri aritzeko.
Jean-Rene Etchegaray eta Alain Iriart, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izateko borrokan
Bi hautagaiek bildu dituzte boto gehien lehen bozketan: Etchegarayk 99 eta Iriartek 80. Etxeleku jeltzalea eta Lesellier eskuin muturreko hautagaia ez dira bigarren bozketara aurkeztu, eta lehenengoak iragarri du Iriarten alde egingo duela.
Frantziako Fiskaltzak bete beharrekoa ez den bost urteko zigorra eskatu du Josu Urrutikoetxearentzat
Frantziako estatutik behin betiko kanporatzeko ere eskatu du fiskalak; defentsak, berriz, ez kanporatzeko deia egin du. Auzia epaiaren zain geratu da. Uztailaren 2an emango dute jakitera.
Sanchezek eskatu du EB-Israel akordioa bertan behera uzteko, eta Netanyahuk Espainia kanporatu du Gazarako koordinazio zentrotik
Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du Israel nazioarteko zuzenbidea "nabarmen" urratzen ari dela Palestinan eta Libanon. Israelgo lehen ministroak, bestalde, Israelgo Armadako soldaduak difamatzea leporatu dio Espainiari.
Fiskaltzak ETAko buruzagi ohi Marisol Iparragirreri emandako erdi-askatasuneko erregimenaren aurka egin du
Fiskaltzak Espetxe Araudiaren 100.2 artikuluaren aplikazioa berrikusteko eskatu du; txostenak, baina, ez du Eusko Jaurlaritzaren erabakia eten.
Chivitek asteazkenean sinatuko du Hithiumen inbertsioa Nafarroan gauzatzeko akordioa, Pekinen
Horren helburua 400 milioi euroko inbertsioa eta 1.000 lanposturaino beharko dituen bateria enpresa ezartzeko urratsak aurreratzea da.
Fiskaltzak helegitea jarri du Konstituzionalean, Garcia Ortiz fiskal nagusi ohiaren aurkako epaiaren kontra
Ministerio Publikoaren arabera, Garcia Ortizen errugabetasun printzipioa urratu da prozesuan zehar eta ez dago froga nahikorik Alberto Gonzalez Amadorren abokatuak bidalitako mezu elektronikoa Fiskaltzak bidali zuela esateko.
Aitor Estebanek euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu du, “nazioarte mailan ikusgarritasuna izateko”
EAJren EBBko presidentea Mendozan izan da, Munduko Pilota Txapelketa antolatu duen hirian. Pilotako euskal selekzioaren ofizialtasuna lortu izanak duen “garrantzia” nabarmendu du bertan.