Eba Blanco hautatuko dute berriro EAren idazkari nagusi igande honetan
Eba Blanco Eusko Alkartasunaren jarduneko idazkari nagusia da alderdiaren idazkari nagusi izateko hautagai bakarra, eta sektore kritikoak ez du hautagaitzarik aurkeztu XIII. Kongresu Nazionalean ezarritako epearen barruan.
17:30ean amaitu da Idazkaritza Nagusirako, Exekutiba Nazionalerako, Kontseilu Nazonalerako eta Berme Batzorderako hautagaitzak aurkezteko epea, eta hautagaitza bakarra aurkeztu da atal bakoitzean. Ondorioz, igande honetako bozketaren ostean, Blancok karguan jarraituko du, eta 12:30ean Kongresua amaitu ostean, 13:00ean, agerraldi publikoa egingo du.
Azken hilabeteetako adierazpen kritiko eta polemikekin jarraituz, larunbat honetan agerian geratu da, berriz ere, EAko bi sektoreen artean dagoen banaketa. Eusko Alkartasunaren XIII. Nazio Biltzarra egiten ari dira asteburu honetan Gasteizen, idazkari berria aukeratzeko, eta "bi kongresu" eginez amaitu dute gaurko eguna. 133 lagunek hartu dute parte ofizialean, telematikoki, eta beste 116ek "alternatiboan", Gasteizko Alkartetxean. Ponentzia politikoa eta estatutuak onartu dira Nazio Biltzarrean, eta aurrerantzean ez dira primarioak egingo idazkari nagusia aukeratzeko. Kritikoek uste dute asteburu honetako Kongresua "zentzugabea" dela.
Goizean, sektore kritikoko 100 konpromisario baino gehiago Europa Jauregira hurbildu dira eta antolakuntzak ez diela presentzialki parte hartzen utzi salatu dute. Gaurkoa saio telematikoa dela gogorarazi die Biltzarraren antolakuntzak eta euren helburua ez zela parte hartzea, "biktimak bezala agertzea baizik" gaineratu dute zuzendaritzatik.
Sektore kritikoak ohar bidez azaldu duenez, aurreko asteartean idatzia erregistratu zuten kongresua modu presentzialean egiteko eskatuz, "ez dagoelako telematikoki egiteko arrazoirik" eta Nazio Biltzarraren Mahaian egoteko hautagaitza ere deuseztatu dietela salatu dute, "forma akatsak eta abal nahikorik ez izatea argudiatuz".
EAko sektore ofizialak uste du, ordea, sektore kritikoak "nahita" ez dituela bete Biltzarreko Mahairako hautagaitza aurkezteko baldintzak, "euren helburua ez baitzen parte hartzea, biktimak bezala agertzea baizik". Hautagaitza guztiek gutxienez 25 konpromisarioren abala behar dutela azaldu dute eta kritikoen hautagaitzak ez zituela 25 abal.
Maiorga Ramirez sektore kritikoaren burua eta Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia izan dira Gasteizen, konpromisario kritikoekin.
Europa Jauregitik Gasteizko alkartetxera joan dira kritikoak eta kongresu "paraleloa" egin dute bertan. Amaieran, Maiorga Ramirezek komunikabideen aurrean adierazi du"EAk herri honi egin diezaiokeen ekarpenik handiena alderdi gisa indartzea eta birdemokratizatzea" dela. EH Bildurekin koalizioan joatea ontzat eman du baina Eusko Alkartasunaren tokia ondo markatuta, bestela "identifikazio okerrak" eman baitaitezke, EH Bildu soilik ezer abertzalearekin identifikatzea, alegia. EAk EH Bilduren baitan izan behar duen papera da, hain zuzen ere, bi sektoreak gehien urruntzen dituen gaietako bat.
Eba Blanco: "Oker daude ez parte hartzearekin Kongresu honen zilegitasuna murrizten dutela pentsatzen badute"
Eba Blanco idazkari nagusiak adierazi duenez, "konpromisario gehienok ( 249tik 133) normaltasun osoz parte hartzen ari gara Kongresuan, ponentzia politikoa eta estatutuena eztabaidatzen ari gara" eta "desadostasunak eta barne gatazkak eztabaida demokratikoaren bitartez konpondu eta gainditzen direla" gaineratu du: "Hemen gaudenok oso argi dugu Kongresu honetan afiliatu guzti-guztiok gehiengoaren borondatea, bata ala bestea izan, errespetatu eta onartu behar dugula".
"Zoritxarrez, konpromisario batzuek Kongresuan parte hartzeko duten eskubideari eta euren proposamenak defendatzeari uko egin diote. Oker daude erabaki horrekin Kongresu honen zilegitasuna murrizten dutela pentsatzen badute. Eztabaida bera ere ukatzen dutenak dira zilegitasun demokratikoa galtzen dutenak. Euren ideiak konfrontatzeari uko egiten diotenak dira zilegitasun demokratikoa galtzen dutenak, azken batean gauza bat bakarrik erakusten ari direlako: ez dira kapazak
gehiengoaren borondatea onartzeko, haien tesiak irabazle ateratzen ez badira. Osoko zuzenketa aurkeztu zuten, baina beronen defentsa egiteari uko egin diote.
Hala ere, bozkatu dugu, eta ez da onartu besteak beste EAk EH Bildurekin koalizio soil gisa izatea harremana. Ezin digute leporatu parte hartu ezin izan dutenik; parte hartzeko arauak argiak dira guztiontzat; Mahaikide izateko abalak aurkeztu behar dira. Eta parte hartzea telematikoa da. Nahita arauak betetzen ez dituenak, nahita ez du Kongresu honetan parte hartu nahi" amaitu du.
Ponentzia politikoa eta estutuak, onartuta
Biltzar nazionalean telematikoki parte hartu duten konpromisarioek hurrengo lau urteetarako araudia eta zuzendaritza politikoak planteatutako ibilbidea babestea erabaki dute. Bozka eskubidea zuten 249 konpromisariotatik 131k Estatutuen ponentziaren aldeko botoa eman dute eta 2 abstenitu egin dira. Ponentzia politikoa, berriz, 131 kidek baieztatu dute eta 2 abstenitu egin dira.
Zaintza erdigunean jartzea, politika publikoen aldeko apustua egitea eta EH Bildutik eragiten jarraitzea onartu dute ponentzia politikoari dagokionez.
Estatutuei dagokionez, hemendik aurrera alderdiko idazkari nagusiaren kargua ez da primarioen bidez hautatu beharko, sektore ofizialak proposatu bezala.
Bihar, igandea, Eba Blanco hautatuko dute, beraz, berriz ere idazkari nagusi kargurako. Sektore kritikoak goizean zehar iragarriko du zer egitea erabaki duten. Eguerdirako deitu dute prentsaurrekoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Fiskaltzak artxibatu egin du EH Bilduk Guardiako EAJko alkatearen aurka jarritako salaketa
"Presio-estrategia politiko" kanpaina bat egitea leporatu dio alkateak koalizioari.
Bengoetxea, EHUko errektorea: "Ikasle-mugimenduari eskatu diogu ez erortzeko probokazioetan"
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak zentzuz jokatzeko eta probokazioetan ez erortzeko deia egin du. Ikasle-antolakundeekin harremanetan jarri dela adierazi du, eta Voxen jokoari ez jarraitzeko eskatu die, baina, horren ustez, "libre dira nola jokatu nahi duten erabakitzeko".
Santurtziko Udalak Fiskaltzari helarazi dio Udaltzaingoaren azterketen ustezko filtrazioaren kasua
Segurtasun arloko zinegotzi ohi Sonia Lopezen mezu elektronikoak aztertu ondoren, gertakariak Bizkaiko Fiskaltzaren aurrean aurkezteko izapideak hasteko erabakia hartu du gobernu-taldeak.
Aitor Esteban estatus berriaren itunaz: "Duela pare bat aste itxaropentsu nengoen, orain zalantzak ditut"
"Egun on" saioan Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak esan duenez, "duela pare bat aste itxaropentsu" zegoen estatus berria adosteko aukeraren aurrean, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren arteko hiruko elkarrizketak ikusita, baina "orain zalantzak" ditu. "Ateak irekita daudela dirudienean, ustekaberen bat gertatzen da", adierazi du.
ETAko preso batzuek jasotako espetxe baimen eta gradu aldaketaren inguruko eztabaida izan da gaur Legebiltzarrean
ETAko presoei mesede-tratua ematea leporatu diete Javier De Andres Euskadiko PPko buruak eta Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak Imanol Pradales lehendakariari eta Maria Jesus San Jose Justizia sailburuari.
Gazteria Legea aldatzeko proposamena erregistratu dute EAJk eta PSE-EEk, adin txikikoen udalekuak zorrotzago kontrolatzeko
Presazko prozeduraren bitartez erregistratu dute, eta bi hilabeteko epean aldaketak indarrean egotea aurreikusten du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Zupiriak “zentzuz” jokatzeko eskatu du, Voxek Gasteizen deitutako ekitaldiaren aurrean
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, “alderdi autoritario baten ekitaldia” izango da, “15 lagunek deituta”.
Aldakako ebakuntza egingo diote berriro Aburtori, martxoaren 9an
Hilabete eta erdi inguru beharko du osatzeko, eta Amaia Arregi egungo alkateordeak beteko ditu alkate lanak aldi horretan.
Jon Enparantza eta Arantza Zulueta Martuteneko espetxean sartu dira
Otsailaren 3an espetxeratzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak 2022an ezarritako zigorra bete ahal izateko eta euren kabuz joan dira espetxera.
Iraungitako txertoen kasuari lotutako batzorde independente bat eratzeko eta erantzukizunak eskatzeko proposamenak atzera bota dituzte EAJk eta PSEk
Jeltzaleek eta sozialistek iragarritako neurriak arintzeko eskatu diote Osasun Sailari, "akatsen arriskua gutxitzeko".