Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskualdatzea 187 milioi eurokoa dela zehaztu du Garamendik
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak zehaztu duenez, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskualdatzea 187 milioi eurokoa da. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa itxi eta biharamunean egin ditu adierazpen horiek sailburuak.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, pozik agertu da Garamendi "benetako transferentzia bat" lortu dutelako. "Garrantzitsuena da eskumena osorik eta epemuga gabe eskuratu dugula", nabarmendu du. Prestazio hori Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) jada kudeatzen duen diru-sarrerak bermatzeko errenta "aitzindariari" batuko zaio, eta hala, "EAEko herritarrek prozedura guztia, hasi eta buka, gertuen duten administrazioan egin ahalko dute".
Aurrerantzean ere, "eskualdatzeke dauden gainerako eskumenetan lehenbailehen aurrera egiteko aldaketa" galdegin dio Espainiako Gobernuari.
Transferitzeko dauden beste eskumenez galdetuta, Garamendik argitu du trenbideen inguruko alegazioak bidali dituztela, eta abenduan beste hiru eskuduntzaren informazioa (kostaldearen kudeaketa eta antolamendua, meteorologia eta zinematografia babesteko funtsa) igorri zutela. Sanchezen gobernuaren erantzunaren "zain" dago, gaur-gaurkoz, Jaurlaritza.
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"