Justizia Leheneratzailearen printzipio eta arauak estrategia batean bildu ditu Eusko Jaurlaritzak
Sei hilabete dira Eusko Jaurlaritzak espetxe-kudeaketaren eskumena bere gain hartu eta birgizarteratzean eta Justizia Leheneratzailean oinarritutako espetxe-eredu berri baten asmora iragarri zuenetik.
100 egun bete zirenean Aukerak aurkeztu zen, Presoak Gizarteratzeko Euskal Agentzia, urtarriletik presoak lan-prestakuntzaren bidez gizarteratzeko helburuz martxan den agentzia.
Gaur beste aurrera urrats bat eman da hasierako helburu horiek lortzeko xedean. Izan ere, Euskadiko Justizia Leheneratzailearen Estrategia aurkeztu dute gaur goizean. Lege- eta eskumen-testuinguru berrira egokituta, azken urteotan justizia errestauratiboaren arloan egin den lana indartzeko eta artikulatzeko lehen estrategia da eta 3 ardatz, 18 helburu eta 77 ekintza zehatz biltzen ditu.
Aurkezpenean parte hartu dute Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Jaime Tapia espetxe-kudeaketarako aholkulariak, eta Eugenio Artetxe Justiziako zuzendari eta zigorrak betetzeko kudeaketan eskuduna denak.
Sailburuak azaldu duenez, estrategia honek oinarrian hartzen ditu orain arte izandako esperientziak, Gazte Justiziaren kasuan gertatu den bezala, "emaitza bikainak" lortu baitira. Hala, azaldu du 2014 eta 2018 artean 1.812 lehengoratze-prozesu egin direla eta Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak 1.260 espediente tramitatu zituela 2019an. Halaber, Berriztu Elkarte Hezitzaileak Iruña Okako espetxean 2012 eta 2019 artean garatutako esperientziak, zeinetan 79 pertsonek parte hartu zuten.
Euskadiko esperientzien atalean, Biktimari Laguntzeko Zerbitzua ere aipatzen da (2020an, 2.772 pertsona artatu zituen zerbitzu horrek, 2.639 zuzeneko biktimak eta gainerakoak zeharkakoak), baita Terrorismoaren biktimei eta giza eskubideen urraketen biktimen arreta zerbitzua ere, motibazio politikoagatiko indarkeriaren testuinguruan. Biak Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzan kokatzen diren zerbitzuak eta Udaberri 2024 Planean jasoak.
Europako Kontseiluaren definizioaren arabera, biktimei eta biktimagileei delituaren ondorioen ebazpenean aktiboki parte hartzeko aukera ematen dien prozesua da Justizia Leheneratzailea, betiere hirugarren agente independente eta kualifikatu baten laguntzarekin.
Artetxeren esanetan, "justizia errestauratiboak delituaren ondorioen erreparazioan jartzen du arreta, zigorrean baino gehiago", eta nabarmendu du prozesu horrek "biktimari aukera ematen diola bere beharrak adierazteko, eta biktimarioari, berriz, kalteak konpontzeko moduan parte hartzeko". Biktimagilea delituaren ondorioez jabetzea eta erantzukizuna bere gain hartzea lortzen da horrela.
Artetxek zehaztu duenez, estrategiaren zirriborroak 3 ardatz ditu printzipio, arau eta orientabide ezagunen arabera justizia leheneratzailea bultzatu eta 77 ekintza zehatzen bidez 18 helburu lortzeko.
Lehenengo ardatzean justizia leheneratzailearen eskuragarritasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko, dauden programak sendotzeko eta baliabide berriak sortzeko neurriak eta ekintzak jasotzen dira. "Zerbitzuen arteko lankidetza, eta zerbitzuen eta gainerako zigor-sistemaren arteko lankidetza lantzen da ardatz honetan, bai eta espetxeen printzipio errestauratiboaz ere", azaldu du Artetxek. Bigarren ardatzak kalitate-estandar minimo batzuk ezartzen ditu, "zigor-sistemako operadoreak justizia leheneratzailean trebatzea eta programen kanpo-ebaluazioa ezartzea" bilatzen du. Eta hirugarren ardatza aldaketa kulturalari eta herritarren ezagutza bultzatzeari buruzkoa da. Justiziako zuzendariak azpimarratu duenez, "leheneratzeko trebetasunak euren eremuan erabili ahal izatea eta justizia errestauratiboko teknikak komunitate-eremura zabaltzea du helburu ardatz honek".
Artolazabal sailburuak gaur aurkeztu duen dokumentua apirilean zehar zigor-sistemako eta espetxeetako operadoreekin kontrastatuko den proposamena da. Asmoa da haien ekarpenak jaso eta behin betiko testu batean sartzea. Testu hori Espetxeetako Justizia Errestauratiboari buruz maiatzaren 5ean eta 6an Bilbon egingo den nazioarteko workshop batean aurkeztuko da.
Sei hilabeteko espetxe-eskumena
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak espetxeen eskumena hartu zutenetik egindako ibilbidearen balorazioa egin du. "Albisterik onena da ez dagoela berririk, ez dagoela albiste txar gisa uler dezakegun berri deigarririk", esan du sailburuak.
Artolazabalek azpiegituren egoerari buruz hitz egin du, eta gogorarazi du, Euskadik eskumena hartu zuenean, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeak "oso kontserbazio-egoera txarrean" zeudela; ildo horretan, esan du "obra txikiak" egin dituztela, baina lortu dela, esaterako hezetasun arazoak konpontzea, besteak beste. Hiru espetxeek sarean lan egiten dute dagoeneko, baina, aitortu duenez, "oso urrun gaude lehen mailako moduluak dituen sistema integral bat izatetik edo erdi-askatasuneko erregimenak sustatzeko behar adina bizitegi-baliabide izatetik".
Bestalde, Jaime Tapia espetxe-kudeaketarako aholkulariak sei hilabeteetako kudeaketa errepasatu du, eta zortzi lan-ildo zerrendatu ditu. Hala, askatasunik gabe dauden pertsonen mendeko adingabeei emandako arretaz eta Osasun Sailarekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten pertsonen bizitegi-baliabideetan egindako lanaz hitz egin du.
Osasun mentalari dagokionez, Tapiak azaldu du suizidioa prebenitzeko ekintzak bultzatzen ari direla eta Osasun sailarekin lanean ari direla partekatzen dituzten intereseko gaietan lan-sinergiak ezartzeko.
Era berean, Tapiak Abokatuen Elkargoekin, EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanarekin, Fiskaltzako ordezkariekin eta hainbat magistraturekin harremanak areagotzeko egiten ari den lana azpimarratu du.
Eudelekin sinatu eta laster argitaratuko den hitzarmena ere aipatu du, "espetxearen ordezko zigorrak eta neurriak betearazteko eredu bat egiteko".
Amaitzeko, langileekiko lan-egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako magistratu eta aholkulariak azaldu du EAEko Administrazio Orokorreko mahai sektorialeko ordezkariekin aurreakordio bat sinatu duela Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, "hiru espetxeetan zerbitzu publikoaren prestazioa hobetzea ahalbidetuko duena".
Zure interesekoa izan daiteke
Isaias Carrasco omendu dute Arrasaten, ETAk hil zuela 18 urte bete direnean
Biolentzia eta demokrazia bateragarri zirela pentsatu zutenei ibilbide etikoa burutzeko eskatu die Eneko Anduezak. PSE-EEko kideak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta EH Bilduko zenbait kargudun izan dira omenaldian, Isaias Carrascoren ingurukoekin batera.
Dagokien lekua hartzeko eskatu die EAJk emakume gazteei
Euzko Alderdi Jeltzaleak emakumezko buruzagiak bildu ditu Bilbon egin duten ekitaldian, "Emakumeon indar infinitua" lelopean. Emakumeek esparru guztietan dagokien lekua "oztoporik gabe" betetzearen alde egin dute bertan. Zientzia, kultura edo beste arlo batzuetan lan egiteko deia egin die gazteei, euren lidergoa "ezinbestekoa" delako euskal nazioak "aurrera egin dezan".
Javier De Andresek PPko emakumeen ondarea defendatu eta "monterismoa" kritikatu du
EAEko PPko buruak ezkerrak "hautsi duen guztia berreraikitzea" eta "sexismotik aldentzea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun harremana bilatzea" eskatu du.
EH Bilduk esan du inoiz baino beharrezkoagoa dela M8an kalera ateratzea
Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, EH Bilduk bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako mobilizazioekin. Nerea Kortajarena EH Bilduren Programa zuzendariak adierazi du eskuin-muturrari argi esan behar zaiola ez dutela inolako atzerapausorik onartuko. Berdintasun erreala lortzeko urratsak ematen segi beharra dagoela gaineratu du.
1.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako udal zerrendek parekidetasuna errespetatu beharko dute Iparraldean
Frantziako Gobernuak 1.000 biztanletik beherako udalerrietako zerrendetan derrigorrezko parekotasuna ezarri du, banakako hautagai-zerrendekin eta boto irekiarekin amaituta. Erreforma horrek tokiko politika feminizatzea du helburu, baina Ipar Euskal Herriko landa-herri askotan hautsak harrotu ditu erabakiak.
Sanchezek "gerrari ez" leloa berretsi du, eta nazioarteko legediaren kontrako ekintzarik ez duela babestuko gaineratu du
Espainiako Gobernuko presidenteak "gerrari ez" leloa berretsi du Espainiaren eta Portugalen arteko goi-bileran. Sanchezek azpimarratu du "errespetua" duela AEBrekiko eta horren gizartearekiko, baina Espainiako Gobernuaren jarrera argia dela azpimarratu du.
Aitor Esteban: "PPrekin beti izan dira elkarrizketak, ez dira inoiz eten"
EBBko presidentearen ustez, "PPrekin elkarrizketarik ez zegoela esateko nolabaiteko irrika zegoen". "EAJ zentralitatean dago, eta gure ardura da kanalak irekita izatea", gaineratu du Estebanek ETB2ko "En Jake" saioan.
Puente ministroaren ustez, ez da arazorik egongo 'Euskal Y-a' 3-4 urtetan amaitzeko
Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak adierazi du Euskal Yaren lanak "azken txanpan" sartu direla eta ez dagoela "hiruzpalau urtetan" amaitzeko oztoporik. AHTarekin "iltzatuta duen arantza" Frantzia dela esan du, baina Philippe Tabarot Frantziako egungo ministroa Europako Korridore Atlantikoa osatzeko azpiegitura Frantzian jarraitzearen aldekoa dela uste du.
Pradalesek "feminismoaren erabilera alderdikoia saihesteko" eskatu dio EH Bilduri, eta "guztion artean berdintasunean aliantzak ehuntzeko"
Imanol Pradales lehendakariak feminismoaren "erabilera alderdikoia eta nagusitasun morala" saihesteko eskatu dio EH Bilduri, eta "feminismoaren bandera hartzea" egotzi dio. Era berean, dei egin dio "denon artean" berdintasunean "aliantzak" ehuntzeko.
Itziar Carrocera (EAJ) izendatu dute Santurtziko alkate, PSE-EEren bost boto zuriekin
Alkatetza "ilusioz" hartu du jeltzaleak, eta zailtasunez jakitun: "Dena emango dut herriaren alde lanean".