EAJk eta PSEk Podemos eta PP+Cs koalizioen zenbait proposamen babestu dituzte, baina EH Bilduren bat ere ez
EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs koalizioen zenbait proposamen babestu dituzte Eusko Legebiltzarrean, Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko. EH Bildurekin eta Vox ultraeskuineko alderdiarekin, ordea, ez da akordiorik izan.
EH Bilduk eskatuta, gerrak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko neurriak eztabaidatzeko saio monografiko luzea egin ondoren, Ganberak talde politikoen 180 proposamen inguru bozkatu ditu.
Iñigo Urkullu lehendakariak saioan zehar erreskate sozial eta ekonomikorako 200 milioi euroko bi funts iragarri ostean egin dute bozketa. Dirua Eusko Jaurlaritzako Diruzaintzaren soberakinetatik (1.877 milioi euro) aterako dute.
"Erreskate sozialerako" funtsak 15 milioi euro izango ditu, eta "erreskate ekonomikorako" funtsak beste 143 milioi euro. Azken horri beste 40 milioi euro gehitu behar zaizkio enpresentzako abal eta finantziazio lerroetan.
Bi koalizioen 20 bat ekimen babestu dituzte
EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Podemos-IUren hamar ekimen inguru babestu dituzte, eta PP+Cs koalizioaren beste horrenbeste. EH Bilduk aurkeztutako bat bera ere ez dute onartu, guztiak atzera bota ditu Ganberak, ezta Vox ultraeskuineko alderdiarenak ere.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzako bazkideen adosteko borondate falta deitoratu du. Casanovaren hitzetan, Gobernuak "txeke zuriak" bakarrik nahi ditu. Hala ere, elkarrizketarako prest agertu da.
EAJk eta PSE-EEk onartutako ekimenen artean, gizarte babes eta pobrezia energetikoa murrizteko programak erreskate funts batekin indartzea eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari, larrialdi sozialeko diru-laguntzak eta bazterketa arriskuan diren pertsonen integrazioa areagotzeko.
Era berean, Jaurlaritzaren eskumenak baliatuz, neurri sorta ekonomiko, finantziero eta fiskalak garatzea eskatu dio Ganberak Gobernuari, ekonomia suspertzeko, enplegua mantentzeko eta pertsona zein familia zaurgarrienak babesteko.
Elkarrekin Podemos-IU ezkerreko koalizioarekin
EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako ekimenen artean, enpresen likidezia eta finantziazioa errazteko baliabideak areagotzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Bestalde, "burujabetza energetikoan" eta etxebizitzen zein enpresen kostu energetikoak merkatzeko aurrerapausoak emateko beharra azpimarratu dute.
Era berean, Exekutiboak Elkarrizketa Sozialeko Mahaira aldi baterako lan erregulazioan dauden langileei (20.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenei) osagarriak mantentzeko proposamena eramatea adostu dute hiru indar politikoek.
PP+Cs eskuineko koalizioarekin
EAJk, PSE-EEk eta PP+Csek adostutako ebazpenen artean, gerrak zuzenean kaltetutako enpresentzako aldi baterako laguntza programa berezi bat martxan jartzea.
EAJk eta PSE-EEk aurkeztu eta onartutako proposamenen artean, Ukrainako errefuxiatuen inguruko batzuk azpimarratzekoak dira. Errefuxiatuen integrazio programak eta zerbitzuak sendotzea, emakume zein adingabeen trafikoari aurre egitea eta Estatuari migrazio arloko funtzio zein zerbitzuen transferentzia eskatzen jarraitzea.
Bestalde, energia erosteko babes neurriak, enpresen eraginkortasun energetikoa areagotzeko laguntzak, energia berriztagarriei bultzada emateko eta eredu energetiko berri bat bizkortzeko ekimenak onartu dituzte.
Azkenik, aldi baterako lan erregulazio espedienteetan irizpide interpretatzaileak aplikatzea eskatu diote Gobernuari, enpresen bideragarritasuna eta enplegua mantentzea errazteko; gazteentzako alokairu laguntza programak sendotzea; eta inflazioaren gorakadaren aurrean garraio publikoaren tarifak mantentzea.
Atzera bota dituzten neurriak
Oposizioak planteatutako beste neurri batzuk, ordea, ez dira aurrera atera. EH Bilduk diru-sarrerak bermatzeko errenta % 15 igotzea, alokairu pribatuko prezioen kontrolerako sistema propio bat, soldatak igotzeko sindikatuen eta enpresaburuen arteko itun bat eta lanbide arteko gutxieneko soldata Euskadin adostea proposatu du.
Bestalde, koalizioak 250 euroko bonu energetikoa planteatu du, baita argindar merkaturatzaile publiko bat sortzea ere. Ekimen guztiak atzera bota dituzte.
Elkarrekin Podemos-IUk konpainia energetikoei eta elektrikoei bazkun-zerga % 10 igotzea, argindarraren zein gasaren salneurriak negoziatzea edo 1.000 euro baino gutxiagoko pentsioak 250 eurorekin osatzea nahi zuen, baina Legebiltzarrak ez ditu onartu.
PP+Cs eskuineko koalizioaren kasuan, besteak beste, zergak murrizteko edo egitura administratiboa % 20 txikitzeko proposamenak atzera bota ditu Ganberak.
Vox ultraeskuineko alderdia bakarrik geratu da bere ekimenen defentsan, besteak beste, autonomoen kuotak eta aldi baterako lan erregulazioan dauden langileen Gizarte Segurantza kotizazioak bertan behera uztea, oinordetzen gaineko zergari % 100eko hobaria aplikatzea edo alderdi, patronal, sindikatu zein fundazioei diru-laguntzak kentzea.
Zure interesekoa izan daiteke
EAJk salatu du pintaketak agertu direla Mendaroko batzokian
Pintura beltza baliatuz, besteak beste, "EAJ español. Faxistak kanpora!" idatzi dute pintaketa horietan, baita igitaiaren eta mailuaren irudia egin ere.
Omenaldia egin diete Gerra Zibilean hildako Iruñeko zinegotzi eta udal langileei
Gerra Zibilean fusilatu zituzten Iruñeko udal beharginei omenaldia egin diete gaur haien senitartekoek Nafarroako hiriburuan, eta gertatu zenari buruz kontatutakoa "gezurra" dela esan dute ekitaldian. "Ez da egia gerran denok galdu genuela, irabazleak egon baitziren. Horregatik, egia, justizia eta ordaina aldarrikatzen jarraituko dugu", azpimarratu dute.
Alain Iriart hautatu dute Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari
Hiriburuko (Lapurdi) ezker abertzaleko auzapeza bederatzi urtez lehendakari izan den Jean-Rene Etchegarayri gailendu zaio. Bigarren bozketan lortu du Iriartek Lehendakaritza, aurrenekoan ezein hautagaik ez baitu gehiengo osorik lortu. Iriartek alkate izateari utziko diola iragarri du, Elkargoan buru-belarri aritzeko.
Jean-Rene Etchegaray eta Alain Iriart, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izateko borrokan
Bi hautagaiek bildu dituzte boto gehien lehen bozketan: Etchegarayk 99 eta Iriartek 80. Etxeleku jeltzalea eta Lesellier eskuin muturreko hautagaia ez dira bigarren bozketara aurkeztu, eta lehenengoak iragarri du Iriarten alde egingo duela.
Frantziako Fiskaltzak bete beharrekoa ez den bost urteko zigorra eskatu du Josu Urrutikoetxearentzat
Frantziako estatutik behin betiko kanporatzeko ere eskatu du fiskalak; defentsak, berriz, ez kanporatzeko deia egin du. Auzia epaiaren zain geratu da. Uztailaren 2an emango dute jakitera.
Sanchezek eskatu du EB-Israel akordioa bertan behera uzteko, eta Netanyahuk Espainia kanporatu du Gazarako koordinazio zentrotik
Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du Israel nazioarteko zuzenbidea "nabarmen" urratzen ari dela Palestinan eta Libanon. Israelgo lehen ministroak, bestalde, Israelgo Armadako soldaduak difamatzea leporatu dio Espainiari.
Fiskaltzak ETAko buruzagi ohi Marisol Iparragirreri emandako erdi-askatasuneko erregimenaren aurka egin du
Fiskaltzak Espetxe Araudiaren 100.2 artikuluaren aplikazioa berrikusteko eskatu du; txostenak, baina, ez du Eusko Jaurlaritzaren erabakia eten.
Chivitek asteazkenean sinatuko du Hithiumen inbertsioa Nafarroan gauzatzeko akordioa, Pekinen
Horren helburua 400 milioi euroko inbertsioa eta 1.000 lanposturaino beharko dituen bateria enpresa ezartzeko urratsak aurreratzea da.
Fiskaltzak helegitea jarri du Konstituzionalean, Garcia Ortiz fiskal nagusi ohiaren aurkako epaiaren kontra
Ministerio Publikoaren arabera, Garcia Ortizen errugabetasun printzipioa urratu da prozesuan zehar eta ez dago froga nahikorik Alberto Gonzalez Amadorren abokatuak bidalitako mezu elektronikoa Fiskaltzak bidali zuela esateko.
Aitor Estebanek euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu du, “nazioarte mailan ikusgarritasuna izateko”
EAJren EBBko presidentea Mendozan izan da, Munduko Pilota Txapelketa antolatu duen hirian. Pilotako euskal selekzioaren ofizialtasuna lortu izanak duen “garrantzia” nabarmendu du bertan.