Espioitza politikoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

CNIko zuzendaria kargutik kentzea nahikoa ez dela esan dute Sanchezen Gobernua sustengatzen duten alderdiek

Kataluniako Gobernuak ere adierazi du Paz Estebanen kargugabetzea ez dela nahikoa eta iragarri du akusazio partikular gisa aurkeztuko dela Auzitegi Nazionalean abiatutako prozesu judizialean.
Gabriel Rufian (ERC), gaur, Kongresuan.
Gabriel Rufian (ERC), gaur, Kongresuan. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuari sustengua ematen dioten alderdiek eta Kataluniako Generalitateak ohartarazi dute ez dela nahikoa Paz Esteban Inteligentzia Zentro Nazionaleko (CNI) zuzendari kargutik kentzea eta, besteak beste, sekretupean dauden dokumentuak argitara ateratzeko eskatu dute.

Pedro Sanchezen Exekutiboak Esteban kargugabetzea erabaki du, baina horrek ez du baretu Kataluniako eta Euskal Herriko politikari independentistei egindako espioitzak eragindako krisia. Hala, Generalitateak iragarri du akusazio partikular gisa aurkeztuko dela Auzitegi Nazionalean abiatuko prozesu judizialean.  

Gabriel Rufian Esquerra Republicanak Kongresuan duen bozeramailearen ustez, "logikoa" da Inteligentzia Zentro Nazionaleko (CNI) zuzendaria kargutik kentzea, 'Pegasus auziak' agerian utzi duelako segurtasun arrakala izan dela, Espainiako Gobernuko presidentearen eta beste kide batzuen mugikorrak kutsatu direlako. Hori bai, Margarita Robles Defentsa ministroaren egoera "sostengaezina" dela uste du oraindik, Robles baita kargutik kendu duten Estebanen arduradun politikoa.

Kongresuan emandako prentsaurrekoan Rufianek adierazi duenez, Gobernuak berak presidentearen, Defentsa ministroaren eta, agian, Kontseiluko beste kide batzuen mugikorra "legez kanpo" zelatatu dela onartu duen herrialde batean, "logikoa" dirudi Inteligentziako agintari gorenak erantzukizunak bere gain hartzea, "hori guztia oharkabean pasatu bazitzaion".

Nolanahi ere, Rufianek ez du uste Estebanen kargu-gabetzea independentismoaren garaipena denik; are gehiago, jada filtratzen hasiak diren CNIren dokumentuak desklasifikatzeko eta Kongresuan ikerketa batzordea martxan jartzeko beharra azpimarratu du  "Oker daude hau ERC pozik uzteko  egin dela uste dutenak", gaineratu du.

EAJren ustez, "ez da Pegasus sofwarearen bidez egindako espioitza politikoagatik kargu-gabetze eta dimisioetarako unea", azalpenak ematekoa baizik. Hala ere, Pedro Sanchezen Gobernuak bere "arrazoiak" izango dituela uste du Paz Esteban CNIko zuzendaria kargutik kentzeko, eta azaldu egin beharko dituela arrazoi horiek. Hala ere, jeltzaleek espioitza politikoaren "eskandalua faltsuan ez ixtea" eskatu dute.

PDeCATek Kongresuan duen bozeramaile Ferran Belek ohartarazi duenez, Paz Esteban arduradun kargutik kentzea ez da "nahikoa", ezta "politikoki garrantzitsua" ere, eta Gobernuari berriro exijitu dio independentisten espioitzari buruzko azalpenak emateko eta ikerketa parlamentarioa irekitzeko. Belek esan du Esteban kargutik kentzeko Gobernuaren justifikazioa jakin behar dela, izan ere horrek zerikusi handiagoa izan dezake Ministro Kontseiluko kideen espioitzak agerian utzi dituen "akats garrantzitsuarekin", bera bezalako alderdi independentistetako kideek jasan dutenarekin baino.

Mireia Vehí CUPeko diputatuak uste du Estebanen kargugabetzea "ez dela nahikoa". Bere ustez CNIko zuzendariaren kargu-gabetzea "ke-gortina bat" da. Paz Esteban "turko-buru bat" baino ez dela uste du, Robles delako "arduradun politikoa" eta Gobernuko presidenteak, legearen arabera Inteligentzia Zerbitzuen jardueren berri duelako. "Aginduak betetzen dituena ezabtzen dute, baina zer gertatzen da agindu horiek ematen dituztenekin? Aurpegia eman dezatela" esan du.

Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak Pegasusen krisia "faltsuan" ez ixteko eskatu dio Gobernuari. Demokrazia birsortzeko agenda bultzatu eta erantzukizunak bere gain hartzea galdegin dio. Bere ustez, bermeak ezartzea da lehentasuna, politikarien, kasu honetan independentisten eta nazionalisten, espioitza "masiboa" berriro gerta ez dadin.

Alberto Nuñez Feijóo PPko buruak gogor egin du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren aurka, Paz Esteban Inteligentzia Zentro Nazionaleko (CNI) zuzendaria kargutik kentzea "justifikaezina" delako. Urrats hori Espainiari "benetako iraina" egitea dela ziurtatu du. Horren ustez, haren burua independentistei "eskaintzen" die eta Estatua "ahultzen" du "bere biziraupen propioa bilatzeko".

Santiago Abascal Voxeko presidenteak Twitterren idatzi duen mezu batean esan duenez, "Sanchezek erabaki du babesten gaituztenak kriminalizatzea eta erasotzen gaituztenei indultua eman eta haiekin elkartzea". Abascalek kritikatu duenez, Gobernuaren erantzun hori "bere pertsonaren zerbitzura dagoen autokrazia bat da", Sanchezi erreferentzia eginez. "Estatuaren mekanismoek gure subiranotasuna, eskubideak eta askatasunak erasotzen dituzten terroristengandik, kolpistengandik eta kriminalengandik babestu behar gaituzte", aldarrikatu du Voxeko buruzagiak.

Zure interesekoa izan daiteke

(Foto de ARCHIVO)

Una persona echa combustible, a 4 de marzo de 2026, en Barcelona, Catalunya (España). El repunte del precio del petróleo (crudo Brent) tras la escalada de tensión y nuevos ataques en Oriente Próximo está trasladándose a los carburantes. Las estimaciones apuntan a que, si se consolida el encarecimiento del crudo, el impacto podría ser de 8–10 céntimos por litro adicionales en el surtidor en las próximas semanas.



David Zorrakino / Europa Press

04 MARZO 2026;CATALUÑA;DIÉSEL;GASOLINA;GASOLINERA;CARBURANTE;CRUDO;PETRÓLEO;

04/3/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

EAJ "pozik" dago krisiaren aurkako neurriekin, baina "ez da nahikoa", EH Bilduren ustez

Jeltzaleen arabera, neurri horiek "elektrizitatearen eta erregaien azken prezioa familientzat eta autonomoentzat eskuragarriagoa izaten lagunduko dute". Koalizio abertzaleak positibotzat jo du Sanchezi helarazitako hiru proposamen jaso izana, baina neurriek energia eta petrolio enpresa handien irabaziak handituko dituztela kritikatu du. Bestalde, PPk ez du bere babesa ziurtatu, eta Podemosek esan du krisiaren aurkako plana ez dela eraginkorra.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X