Erregearen bortxaezintasuna mugatzeko lege-proposamena atzera bota dute PSOEk eta PPk
Joan den astean, EAJk lege-proposamen bat aurkeztu zuen Espainiako erregearen bortxaezintasuna mugatzeko, baina gaur ekimena bertan behera utzi dute PSOEk eta PPk.
Kongresuko zerbitzu juridikoek ebatzi zuten proposamen horrek Espainiako Konstituzioa urratuko lukeela eta ekimen hori gauzatzeko modu bakarra Konstituzioa erreformatzea izango litzatekeela.
Abokatuen ebazpena ez da loteslea, baina PSOEk eta PPk argudio hori baliatu dute Kongresuko Mahaian egindako bozketan EAJren lege-proposamena indargabetzeko. Unidas Podemosek soilik bozkatu du ekimenaren alde.
Zehazki, EAJk Botere Judizialaren Lege Organikoko 55. artikuluan beste puntu bat gehitzea proposatu zuen, Auzitegi Gorenari Espainiako erregeak kargu horretatik kanpo egiten dituen ekintza pribatuak, hala nola, negozio partikularrak, ikertzeko eta epaitzeko eskumena aitortuz.
Alabaina, beste behin, Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak beraien botoak batu dituzte erregearen bortxaezintasuna mugatzeko enegarren ekimena bertan behera uzteko.
Zure interesekoa izan daiteke
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri