Gasteiz
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Karguekin askatu dituzte Gasteizen lanean ez zebilen ertzain bati erasotzeagatik atxilotutako hiru lagunak

Erasoa igande iluntze gauean jazo da Alde Zaharrean, Aiztogile kalean. Ertzainak irainak eta ukabilkada bat jaso zituen.
Gasteizko kaleak. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Gasteizko kaleak. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

Aske utzi dituzte astelehen arratsaldeko lehen orduan, Gasteizen lanean ez zebilen ertzain bati eraso egiteagatik atxilotutako hiru gizonak. Igandeko iluntzean, Gasteizko Alde Zaharrean, Aiztogile kalean, ertzain bati eraso eta iraintzeagatik atxilotu dituzte.

Ertzaintzak astelehenean ohar bidez zehaztu duenez, atxilotutako lagunak 21, 22 eta 25 urteko gizonezkoak dira, eta 21:25 aldera eraso egin zioten lanean ez zebilen ertzainari. Ertzaina aisialdiaz gozatzen ari zela, hiru gazteak irainka hasi ziren; bertatik alde egiteko eskatu zioten.

Gazteetako batek ertzaina kolpatu zuen; agentea ospitale batean artatu zuten, lesioak zituelako.

Gasteizko Ertzain Etxeko agenteek ikertzeari ekin zioten, erasotzaileak identifikatu eta atxilotu nahian. Azkenean, atxilotu egin dituzte, eta polizia-bulegoetara eraman, beharrezko eginbideak hastea helburu.

Ordezkari instituzionalen gaitzespena

Hainbat ordezkari instituzionalek Gasteizen jazotakoa izan dute hizpide astelehen goizean. Iñigo Urkullu lehendakariak gaitzetsi egin ditu zerbitzuz kanpo zeuden ertzainei egindako erasoak, eta Ertzaintzaren kide guztiei bere "babesa, gertutasuna eta elkartasuna" helarazi die.

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Facebooken esan duenez, "sektarioa" da gertaturikoa, "erabat onartezina"; esan duenez, espero du "legeak lana egitea, tartean daudenekin".

"Aste honetan, bigarren aldiz ikusi dugu Ertzaintzako agenteak, bizitza pribatuan, ezker abertzaleko gazte batzuen jazarpena pairatzen ari direla", esan du Erkorekak Mutrikun duela egun batzuk jazotakoa gogora ekarriz. "Kasu honetan, gainera, marra arriskutsua zeharkatu dute, alegia, indarkeria fisikoarena", nabarmendu du. Sailburuaren iritziz, "ezker abertzaleak asko du esateko, ea behingoz iraganekoak diren jarrera horiek amaitu egiten diren".

Erkorekak, halaber, "maitasuna eta elkartasuna" agertu dizkio erasoa jasan duen ertzainari, eta adierazi du hori bera egin zuela ostegunean Mutrikuko ertzainaren kasuan.

Twitterren, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak "gaitzespenik irmoena" agertu du "onartezina den eraso honen aurrean". Biktimari eta ertzainari babesa eskaini nahi izan dio: "Euskadin, jarrera bortitzak eta demokraziaren aurkakoak baztertu behar ditugu; izan ere, ez dute gure gizartean gertatzerik", zehaztu du.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Udalaren "gaitzespenik irmoena" adierazi du, "hau ez baitago onartzerik". Urtaranek "gertutasun osoa" agertu dio erasoa pairatu duen ertzainari: "Ertzainak", nabarmendu du, "gasteiztarrak ere badira, eta eskubide osoa dute jaietan ondo pasatzeko", gogorarazi du.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok ere salatu du erasoa: "Gorrotoa eta intrantsigentzia oraindik ere daude nolabait Euskadin, eta horren aurka borrokatzen jarraitu behar dugu. Ertzaintzari eraso egitea eta Ertzaintza mespretxatzea arrisku demokratikoa da, baldin eta euskal gazteengan hori finkatzea uzten badugu", txiokatu du ertzainei babesa agertu aurretik.

Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusi eta legebiltzarkideak ere lotu du Gasteizen jazotakoa Mutrikun aurreko astean gertatutakoarekin; izan ere, nabarmendu du ez dela kasu bakandua. Bere alderdiaren gaitzespena agertu du, eta Ertzaintzari babesa eman dio. Horrez gain, alderdi politiko guztien gaitzespena eskatu du.

EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaile Felix Gonzalez San Vicentek, txio baten bidez, "gertatutakoa argitzeko zain gaudela", berretsi du "erabat gaitzesten dugula edozein eraso mota. Era berean, herritarrei dei egiten diegu jaiak errespetuz gozatzeko".

 

Zure interesekoa izan daiteke

SEVILLA,05/07/2026.- El líder del PP-A, Juanma Moreno, pronuncia la fórmula de juramento de su cargo para tomar posesión por tercera vez como presidente de la Junta en el Palacio de San Telmo, sede de la Presidencia de la comunidad, este domingo, en Sevilla. EFE/Julio Muñoz
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Juanma Morenok Andaluziako presidente kargua hartu du hirugarrenez

Juanma Moreno Andaluziako Alderdi Popularreko buruak hirugarrenez hartu du Juntako presidente kargua. San Telmo Jauregian egin da ekitaldia eta bertan izan da Manuel Gavira presidenteordea, Voxen Andaluziako burua. Karguaren zina egin ostean Andaluziako presidentea "harro" agertu da. Aipamena egin die Andaluzian jaio zirenei eta baita "gaur egun kanpotik etorri eta berea den lurrarekin konpromisoa hartu dutenei" ere. Voxekin koalizioan abiatu duen legealdia "emankorra" eta "luzea" izatea espero duela gaineratu du.

VITORIA, 02/07/2026.- La alcaldesa de Vitoria, la socialista Maider Etxebarria, este jueves durante el pleno de debate general de política municipal. El Ayuntamiento de Vitoria está ultimando la ordenanza que permitirá la habilitación de viviendas en locales situados a pie de calle, que tendrán precios topados y que deberán destinarse a domicilios habituales y permanentes con la prohibición de otros usos para evitar la especulación. EFE/ADRIAN RUIZ HIERRO
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Lonjetan etxebizitzak eraikitzeko ordenantza amaitzear du Gasteizko Udalak, prezio mugatuekin eta espekulazioa saihesteko neurriekin

Maider Etxebarria alkateak politika orokorreko osoko bilkuraren lehen eguna aprobetxatu du, besteak beste, Udal gobernuaren hiru urteen balantzea egiteko, besteak beste, etxebizitza arloan. Osoko bilkurak oposizioaren erreplikekin jarraituko du ostiralean, baina hiru alderdiek, EH Bilduk, PPk eta Podemosek, dagoeneko adierazi dute euren atsekabea eta "etsipena".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X