PSE-EE
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Andueza: "Oposizioak irudimen gehiago behar du izan, eta aurrekontuei zuzenketa onak egin"

PSE-EEko idazkari nagusiak oposizioko alderdien "parte hartzea" espero du, eta "eztabaidatzea merezi duten zuzenketa erakargarriak" aurkezteko eskatu die.
Eneko Andueza (PSE), Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media.
Eneko Andueza (PSE), Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media.

Oposizioko alderdien "parte hartzea" eta aurrekontuen proiektuari ekarpenak egitea espero du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, Radio Euskadiko "Crónica de Euskadi Fin de Semana" irratsaioan eskainitako elkarrizketan adierazi duenez. Horrela, "irudimen gehiago eta eztabaidatzea merezi duten zuzenketa erakargarriak" aurkezteko eskatu dio oposizioari. "Orain oposizioaren ordua da, ez Gobernuarena", ondorioztatu du Anduezak.

Bestalde, Anduezaren hitzetan, "berri ona da" Kupoaren Bost Urteko Legearen berritzea, iraungita zegoelako. Ez du uste gaurko portzentajea asko aldatuko duenik, bere ustez, egungo baldintzak "onak" baitira.

Deflaktazioa "auzi teknikoagoa da, ideologikoa baino" eta, gogoratu duenez, aurretik EAJren eta EH Bilduren Gobernuek ere PFEZren tarte batzuk deflaktatu zituzten. Dena dela, "progresiboagoak diren" beste neurrien alde egin du, eta horretan lanean dabiltzala iragarri du. "Datozen egunetan eta asteetan denbora izango dugu Gobernuetan horretaz eztabaidatzeko", esan du.

Errioxako Jatorri Izendapena Arautzen duen Kontseiluaren Osoko Bilkuraren erabakiaz galdetuta, PSEko idazkari nagusiak esan du nahiago dituela upeltegi guztiak Errioxa izendapenaren azpian. Ika-mika laster bukatzea espero du, eta arreta jartzea kalitatezko ardoen ekoizpenean.

Basurtuko Ospitalean izandako haurtxo baten bahiketaren harira, "akats txikia" izan dela adierazi du Anduezak, baina espero duela euskal ospitaleetako barne segurtasun protokoloak berrikuskatzea, "horrelakorik berriro gerta ez daitezen". Bukatzeko, ez du baztertzen protokoloak "birdoitu" behar izatea.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Londresera Euskadi "kritikatzera" eta etxebizitzaz hitz egitera joatea egotzi dio EAJk EH Bilduri, bere ekarpena "zero" izan arren

Iñigo Ansola EAJren BBBko presidenteak Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bildu koalizioko burua kritikatu du aste honetan Londresera joateagatik, EH Bilduk etxebizitzari buruz egindako proposamena aurkeztera, "Euskadi zalantzan jarri eta kritikatzeko". Horren harian, Euskadin etxebizitza publikoa eraikitzeko egin duen ekarpena "zero" dela esan du.

Euskaltzaleon martxa Iruñea Gaztelu plaza
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskararen lurgunea gero eta zabalagoa da Nafarroan, baina estuturik dauka Euskararen Legeak berak

Euskararen Foru Legeak 40 urte betetzen ditu aurten, eta euskara lekua irabazten joan den arren, legeak bere horretan jarraitzen du, lurraldea hiru eremutan banatzen, bai eta nafarren hizkuntza eskubideak mugatzen ere. Euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea askoren aspaldiko eskakizuna da, baina tramite administratiboaz harago, borondate politiko argia eta negoziazio gaitasuna eskatzen ditu prozesuak.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X