Legebiltzarrak bere jardunari berrekin dio, Hezkuntza Legea ardatz hartuta
Otsailaren 2an, ostegunarekin, berrekin dio jardunari Eusko Legebiltzarrak. Urteko lehen bilkuran eta hurrengoetan, Hezkuntza Legea izango da zeresan handiena emango duen gaia.
2022a bukatu baino lehen aurkeztu nahi zuten testua, baina Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak 2023ko lehen hiruhilekora gibeleratu zuen akordioaren onarpena. Hori horrela, lege izan aurretik, Legebiltzarrean bideratuko dute proposamena, hauteskunde urtea izango den honetan. Batetik, udal eta foru hauteskundeak egingo dira maiatzean; bestetik, Espainiako hauteskunde orokorrak deituko dituzte urte bukaerarako. Baliteke deialdi horiek are gehiago atzeratzea Hezkuntza Legearen onarpena.
Gaur egun, aurreproiektuaren zirriborroa baino ez dute mahai gainean, nahiz eta aurreikusi duten apirilerako lege proiektu bihurtuko dela.
Tramitazioa urratsez urrats
Itun historikoa: 2022ko martxoaren 8an, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk akordio historikoa itxi zuten, Hezkuntza Legearekin lotuta. Abiapuntuan, 1993ko legearen aldaketa ekarriko duten oinarriak ditu itunak. (Hau da akordioaren testu osoa).
PP+Cs eta Vox alderdiek salbu, gainerako guztiek egin zuten horren alde Legebiltzarrean. Zehazki, 75 legebiltzarkideetatik 68k "ikuspegi bateratua" izan zuten orduan, "denborarekin egonkortasuna eta iraunkortasuna" ekarriko omen zituen arau horren aurrean, EAJk orduko hartan esan zuenez.
Hiru egun geroago, ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek bertan behera utzi zuten martxoaren 25erako deitutako greba.
Oinarriak onartu zituzten: Apirilaren 7an, berriz, Legebiltzarrak argi berdea eman zien Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea izango denaren oinarriei, ordezkarien % 90,6k babestuta (guztiek PP+Cs eta Vox salbu).
Hezkuntza itunak jasotzen du, besteak beste, euskal hezkuntza "euskara ardatz duen sistema eleaniztun" gisa egituratzea, eta eskola publikoaren pisua indartzeko eta segregazioari aurre egiteko neurriak ezartzea.
Oinarriak onartu eta bi hilabetera, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk zalantzan jarri zuten Hezkuntza Sailaren konpromisoa
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, baina, 2023-2024 ikasturterako legea indarrean egongo dela ziurtatu zuen ekainaren 15ean: "Ongi goaz, akordio sendoa dugu. Sustrai sakonak ditu".
Zirriborroa prest: Irailaren 19rako prest zuten zirriborroa. Horrekin batera, ekarpenak egiteko hilabeteko epea abiatu zuten.
Hezkuntza Legearen zirriborroaren gakoak
Non ezarriko da?: Hezkuntza Legea EAEn 40 urtean onartutako bigarrena baina hezkuntza sistema osoa arautuko duen lehena izango da; izan ere, zentro itunduak ere hartuko ditu barne lehen aldiz. Hori bai, argi utzi dute euskal hezkuntza sistemaren protagonista euskal eskola publikoa izango dela. Legeak ez du eraginik izango unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan, horiek araudi propioak dituztelako.
Doakotasun bermeak: Zirriborroaren arabera, EAEko hezkuntza sistema osoa doakoa izango da, itunpeko zentroak ere bai. Horrenbestez, ikastetxe horiek ezingo dute kuotarik kobratu derrigorrezko hezkuntza eskaintzeagatik.
Bereizketarik ez: Euskal hezkuntza zerbitzu publikoko ikastetxeetan ez da sexu-bereizketarik onartuko, eta ikastetxeek sexu- eta genero-askatasuna bermatuko dute, aplikagarria zaien araudian ezarritako baldintzetan. Era berean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik bereiztea saihesteko neurriak hartuko dira.
Ikastetxe hautaketa eta matrikulazioa: Herritarrek eskubidea izango dute nahi duten ikastetxea hautatzeko. Gainera, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxeetan, ikasleak onartzeko prozedura bakarra arautuko dute.
Euskara eta beste hizkuntza batzuk: Euskara ardatz izango duen sistema eleanitza izango da EAEn, bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bitartez bideratuz. Zentzu horretan, ikasleek, jatorririk kontuan hartu gabe, ikasketak amaitutakoan bi hizkuntza ofizialetan antzeko maila eta gutxienez atzerriko hizkuntza baten ezagutza izatea da legearen erronka.
Laikotasuna: Irakaskuntza laikotasunera bideratuko dute ikastetxeek, erlijioak errespetatuz, eta sinesmen aniztasunaren gaineko funtsezko ezagutza bultzatuz.
Testuinguru soziopolitikoa
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako akordioak une gorabeheratsuak igaro ditu. Urak oso nahasita egon dira 2022ko martxoaz geroztik; iazko azaroan, esaterako. Eusko Jaurlaritzak 2023ko aurrekontuen negoziazioaren barruan PP+Cs taldeari egindako eskaintzak eragin zuen harrabotsa: eskola pribatuetan bi urtera arteko gelak itunpetzea eskaini zion, eta ezkutuko interesen bat ikusi zuten horren atzean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Bi taldeon iritzian, hezkuntza itunera batzeko atea zabaldu nahi izan zien Gasteizko Gobernuak popularrei.
Elkarrekin Podemos-IUk "hezkuntza ituna haustea" leporatu zion Jaurlaritzari, PP+Cs taldeari egindako azken eskaintza horrekin egoerak "gainezka" egin zuela iritzita.
Testuinguru horretan, EH Bildu ere "mesfidati" azaldu zen Jaurlaritzak egindako eskaintzaren aurrean, baina "lasaitasuna" eskatu zuen, hezkuntza itunari buruzko premiazko bilera egitea beharrezkoa zela sinetsita.
Gainerakoan, bi dira eztabaidagune nagusiak. Alderdi edota gizarte eragile batzuen ustez, itunpeko ikastetxeak "gailenduko" dira publikoen aurretik. Eusko Jaurlaritzak gezurtatu egin ditu iritziok. Bada, halaber, hizkuntza eredu "orokortu eta inklusiboagoa" nahi duenik ere (Kontseilua eta beste zazpi gizarte eragile tartean).
Horrek guztiak ituna begi onez ikusi ez dutenei bide eman die kalera atera eta beren nahiak haizatzeko. Iazko azaroaren 5ean, milaka pertsona bildu ziren Bilbon, Hezkuntza Legearen "norabide aldaketa" aldarrikatu eta sistema publiko baten alde egiteko, eta azaroaren 30ean iritsi zen lehen greba eguna. 30.000 behargin zeuden deituta egun batez lana uztera, aurreproiektuaren zirriborroa errefusatzeko. Protestak jarraipen "zabala" izan zuen, sindikatu deitzaileen arabera. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, % 38,6ra mugatu zuen parte hartzea.
Berriro ere, abenduaren 13ko greba deialdian sistema publiko eta euskaldun baten aldarria zabaldu zuten grebalariek. Egun berean, Zupiriak iragarri zuen lege berria 2023ko lehen hiruhilekoan onartuko zutela.
Etorkizunari begira, zer?
Oraindik luze jo lezake prozesuak. Behin ituna martxan dela, Gobernu Kontseiluan onartu beharko dute zirriborroa lehenik, eta Legebiltzarrean tramitatu ondoren. Han, itunaren sinatzaileek 2022ko martxoan adostutakoa betetzen den ala ez egiaztatuko dute, osoko bilkuran onartu aurretik.
Zure interesekoa izan daiteke
EAJk Sanchezen gaineko presioa areagotu du, eta PPk "Parlamentua isilaraztea" leporatu dio
Kongresuan egin duten Gobernuaren kontrol saiak bi gai nagusi izan ditu. Batetik, EAJk Sanchezi aurrekontu batzuk aurkezteko edo hauteskundeak deitzeko eskaria egin dio. Bestetik, PPk kritika ugari egin dizkio hauteskundeak aurreratzeko bere bozketa proposamena atzera bota ondoren.
Aske utzi dute Enrique Maya Iruñeko alkate ohiari egindako erasoarekin lotuta atxilotu duten gizona
Joan den ekainaren 9an, Iruñeko alkate ohia iraindu eta bularrean kolpatu zuten Estafeta kalean, inolako kalterik jasan gabe. Egun batzuetako ikerketaren ostean, atzo, asteartea, gizon bat atxilotu zuten autoritatearen aurkako atentatu delitu bat egotzita.
Epaileak ez dio kautelazko neurririk ezarri Zapaterori, ez baitu ihes egiteko eta frogak suntsitzeko arriskurik ikusi
Epailearen esanetan, “ez ditu ezeztatu inputazio autoan jasotako delitu zantzu arrazoizkoak”.
Pradalesek elikagaien eta energiaren BEZa jaistea eskatu dio Sanchezi, eta oposizioak erantzun falta kritikatu du
Eusko Legebiltzarrak bizimodu duina bermatzeko osoko bilkura monografikoa egin du gaur, EH Bilduk bultzatuta. Otxandianok ohartarazi du ongizaterako arrisku nagusia ez dela balizko "inbasio militar bat", etxebizitzen garestitzea eta soldata txikiak baizik, eta sektorea "desmerkantilizatzea" eskatu du.
Zapaterok deliturik egin izana ukatu du epailearen aurrean: "Egia nagusituko da, eta zalantzan daudenei konfiantza itzuliko diet"
Espainiako Gobernuko presidente ohia eraikinaren atari nagusitik sartu da, eta hiru orduz deklaratu du. Ondoren zabaldu duen oharrean, errugabea dela berretsi du: "Mingarriena da jakitea jende asko etsita senti daitekeela, nitaz esaten direnak sinesten baditu".
Albiste izango dira: Zapateroren deklarazioa Auzitegi Nazionalean, lehendakariari elkarrizketa eta Azkena Rock jaialdiaren aurkezpena
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Pradales: “Neurri nagusia etxebizitza gizarte funtsa da, eta 2027ko aurrekontura begira neurri berriak sartuko ditugu”
Imanol Pradales lehendakariak azpimarratu du etxebizitzaren arazoa ezin dela "egun batetik bestera" konpondu, eta uste du legealdiaren bigarren erdian ereindakoaren lehendabiziko fruituak jasoko direla.
Lehendakaria: "Sanchezek orain arte eman ez dituen azalpenak eman beharko ditu, gardentasunez"
Euskal Telebistan elkarrizketa egin du Imanol Pradales lehendariak, agintaldiaren erdira iritsi denean. Espainiako gobernuburuak "zentzua eman" behar dio legealdiaren azken txanpari, adibidez, transferentzien negoziazioan. Horri dagokionez, aurreratu du Transferentzien Batzorde Mistoa datorren astelehenean, ekainaren 22an, bilduko dela.
Lehendakaria: "Aukera eman behar zaie Enplegu Legearen inguruan zabalik dauden negoziazioei"
Imanol Pradales lehendakariak "itxasopentsu" ikusten du enplegu publikoan euskara eskakizunak arautuko dituen legea adosteko EAJren eta EH Bilduren arteko negoziazioa. Ekainaren 25ean egingo da gaiaren inguruko bozketa Eusko Legebiltzarrean.
Kongresuko Mahaiak ez ditu onartu hauteskundeak aurreratzea eskatzen zuten Juntsen eta PPren zuzenketak
Bilera telematiko batean, Mahaiaren gehiengoa (PSOE eta Sumar) osatzen duten alderdiek argudiatu dute eskumen hori Gobernuko buruarena dela esklusiboki, eta ez botere legegilearena.