Lehendakariak atzerriko unibertsitate tituluak balioztatzeko eskumena eskatu dio Espainiako Gobernuari
Iñigo Urkullu lehendakariak atzerriko unibertsitate tituluak baliozkotzeko eskumena transferitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Sare sozialetan gaur goizean zabaldutako mezu batean azaldu duenez, tituluak baliozkotzeko "arazoari" erantzuna eman behar zaio. Horren hitzetan, "atzerapenak etengabeak dira, bi urterainokoak kasu askotan", eta horren ondorioz, lan merkatuan "gaitasun handiko pertsonak sartzeko aukerak" galtzen ari dira.
Lehendakariaren esanetan, prozesuak "arindu" ezean, "denok aterako gara galtzen".
Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak atzerriko tituluak baliozkotzeko ahalmena izatea aldarrikatu du.
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroari gutuna bidali diola jakin eta biharamunean iritsi da lehendakariaren mezua. Idatzian, eskaria egin dio atzerriko unibertsitate tituluak homologatzeko eta baliozkotzeko eskumena Eusko Jaurlaritzari transferi dezaten. Sailburuaren aburuz, tituluak baliozkotzeko ahalmena beharrezkoa da, batez ere, medikuen eskasiari aurre egiteko.
Eusko Jaurlaritzak atzo azaldu zuenaren arabera, transferentzia hori 2021eko urrian Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin adostu zuen transferentzien kronograman sartuta dago.
Zure interesekoa izan daiteke
Astelehen honetan egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"