Kongresuko Mahaiaren gakoak: zer da eta zergatik da hain garrantzitsua?
Datorren abuztuaren 17an, ostegunarekin, eratuko dira Espainiako Gorte Nagusiak, U23ko hauteskundeen emaitzak oinarri hartuta. Saioan, Behe Ganberaren organo nagusia aukeratuko da: Kongresuko Mahaia. Hala, organo horren osaera negoziatzen ibili dira asteon alderdi politikoak. Hartu-eman biziak izaten ari dira, Mahaia kontrolatzea baitute helburu alderdi nagusiek. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, Mahaia Estatuko hirugarren erakunde garrantzitsuena baita. Hortaz, Kongresuko presidentea Espainiako Estatuko hirugarren agintaria da, erregearen eta Gobernuko presidentearen ostetik.
Baina zer da Kongresuko Mahaia? Nola dago osatuta? Zeintzuk dira horren funtzioak eta zergatik da horren garrantzitsua? Honatx erantzunak:
Zer da?
Diputatuen Kongresuko Mahaia "Ganberaren zuzendaritza organoa eta kide anitzeko ordezkaritza organoa" da, hura arautzen duen legearen arabera. Bestela esanda, Ganberaren egunerokoa gidatzen du, osoko bilkuren eta batzordeen jarduna zehaztuta, baita horien egitaraua ere.
Nortzuk osatzen dute eta nola aukeratzen dituzte?
Bederatzi kide ditu: presidentea, lau presidenteorde eta lau idazkari. Kongresua eratzen den egun berean aukeratzen dute, bozketa bidez.
Presidentea hautatzen dute aurrena. Diputatuek euren hautagaiaren izena idazten dute paper batean. Gehiengo osoa duena (176 boto) aukeratuko dute presidente. Babes hori lortu ezean, boto gehien jaso dituzten bi pertsonen artean hautatzeko beste bozketa bat egingo da. Kasu horretan, gehiengo sinplea nahikoa da hautatua izateko.
Ondoren, presidenteordeak aukeratzen dira, antzeko sistema baliatuta. Izenak boto paperetan idazten dituzte diputatuek, eta lau presidenteordeak botoen araberako hurrenkeran aukeratzen dira. Idazkariekin, beste horrenbeste.
Mahaiaren ordezkari kopurua (bakoitia) ez da ausaz aukeratutakoa, berdinketak saihesteko pentsatua baitago. Hori horrela, organo horretan gehiengoa izateak hura kontrolatzea dakar. Eta hori da, hain zuzen ere, alderdi politikoen lehen borroka: zein bloke, aurrerakoia ala eskuinekoa, gailentzen den.
Zeintzuk dira horren egitekoak, eta zergatik da horren inportantea?
Kongresuko Mahaiak osoko bilkuren eta eztabaiden erritmoak eta edukiak ezartzen ditu. Legeak eta taldeen proposamenak tramitera onartu ala ez erabakitzen du. Ondorioz, ekimen parlamentarioak azkartzeko edo moteltzeko eskumena du. Adibide ugari daude: PSOEk denbora errekorrean onartu zituen sedizio delituaren edota "Bakarrik bai da bai" legearen erreformak. Ifrentzuan, eskuineko gehiengoak (PP+Cs) PSOE eta Unidas Podemosen hainbat lege-proposamen (Memoria Historikoarena edota Eutanasiarena) geldiarazteko erabili zuen.
Organo horri dagokio, bestalde, Ganberak zenbat talde parlamentario izango dituen ebaztea —talde propioa edukita diru gehiago eta hitz egiteko denbora tarte handiagoa dutela diputatuek—. Mahaiak erabakitzen du batzorde kopurua, eta ikerketa batzordeak sortzea ere bere egitekoen artean dago.
Mahaiak Behe Ganberaren aurrekontua erabaki, onartu eta kontrolatzen du, eta aurrekontua kontrolatuta, gastuak zehazten ditu. Ildo berean, berari dagokio diputatuen soldatak eta komisioak ebaztea, baita gainerako funtzionarioenak ere.
Kongresuko Mahaiaren presidenteak, azkenik, eztabaidak gidatzen ditu. Diputatuei hitza eman edo kentzeko eskumena du, eta baten bati hiru aldiz kargu eginez gero, Ganberatik kanpora dezake.
Nola daude negoziazioak?
Eserleku gehien eskuratu dituen taldeak izan ohi du Presidentetza, baina ez beti. Horixe da negoziazioen eta itunen gakoa. Talde handiek (PSOE eta PP) presidentea eurena izatea negoziatzen dutenean, talde txikiagoei Presidenteordetzak edo Idazkaritzak utzi ohi dizkiete, baina badira hortik kanpo geratzen diren trukeak ere.
Parlamentuko iturriek Europa Pressi zehaztu diotenez, sozialistak buru dituen bloke aurrerakoiaren asmoa da Mahaiaren 9 kideetatik 5 eurenak izatea: presidentea (PSOE), bi presidenteorde (bat PSOErentzat eta bestea Sumarrentzat) eta bi idazkaritza (PSOE eta En Comun).
Presidentea sozialista izan dadin, batzorde jakin batzuk gidatzea edota talde parlamentarioa bermatzea eskaintzen ari da PSOE.
Hori omen da ERCren eta Juntsen kasua. Kataluniako bi indar horiek ez dituzte legez eskatutako baldintza guztiak betetzen, eta Mahaiak egin lezakeen interpretazioaren menpe daude. Errepublikanoek esana dute PSOErena izan behar dela Presidentetza. Horien ustez, "hori da agenda katalan batean aurrera egiteko modu bakarra". Teresa Jorda ERCren diputatuak atzo esan zuenez, talde parlamentarioa nahi dute, eta bizpahiru batzorde gidatzea.
EH Bilduk (6 ordezkari) ez ei du Mahaian egoteko interes berezirik, eta aurreko legegintzaldian ez zuten batzorde bakar bat zuzentzeko eskatu. Koalizio subiranistak gauza bakarra nahi du: organoak gehiengo aurrerakoia izatea.
EAJrentzat (5 diputatu) interesgarriagoa omen da batzorde bat zuzentzea Mahaian leku bat izatea baino.
Argitu ez den beste kontu bat: PSOEk nor proposatuko duen Kongresuko presidente izateko. Meritxel Batetek aurrekoan iragarri zuenez, ez da berriro aurkeztuko.
Eskuineko blokean, PPk iragarri du Coalicion Canariaren aldeko botoak eskuratzear dituela (Voxekoak ere zenbauta, 171). Nolanahi ere, ultraeskuinak ez ditu bere botoak doan emango: Mahaian gutxienez leku bat eskatu du. Gainera, alderdi independentistak (batez ere Junts) hizpide hartuta, esan du ez dela tartean dauden edozein negoziaziotan sartuko.
Nuñez Feijooren alderdikoen esanetan, EAJrekin hitz egiteko prest daude, baina ez dute Juntsekin negoziatuko. "Gauza bat da denekin hitz egitea, eta beste bat, dena onartzea", adierazi du Elias Bendodo PPko koordinatzaile nagusiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.