Milaka lagun bildu dira Bilbon, "Konponbiderako giltzak" lelopean, Sarek deitutako manifestazioan
Dozenaka mila lagun bildu dira gaur arratsaldean Bilbon, "Konponbiderako giltzak" lelopean, Sare herritar plataformak deitutako manifestazioan, ETAko presoei ezartzen zaien salbuespen politikarekin amaitzea eta legedia arrunta aplikatzea eskatzeko, aro berri bati ekite aldera.
Urtero urtarrilean egin ohi den manifestazio jendetsua ordubete lehenago hasi da aurten, 16:15 aldera, milaka zale bildu dituen Athleticen eta Realaren arteko euskal derbia ere izan delako Bilbon gaur arratsaldean, eta Udaltzaingoarekin, klubekin eta beste hainbat eragile sozialekin kontsulta eginda, erabaki hori hartu ostean.
"Ideologia askotako milaka eta milaka lagun elkartu gara berriro Bilboko kaleetan, iraganeko ateak itxi eta etorkizuneko ateak irekitzeko konponbiderako milaka eta milaka giltza, elkarbizitzaren bidean salbuespen espetxe neurriekin amaitzeko garaia dela aldarrikatuz", esan dute antolatzaileek.
Sarek gogoratu duenez, "erakunde politiko, sindikal eta sozialekin batera urteetan egindako lanketaren emaitza izan zen urruntze politikaren amaiera, eta presoak Euskal Herriko kartzeletan daude orain". Etapa hori amaitutzat eman dute, eta hurrengoa "salbuespen espetxe politikarekin erabat amaitzea" dela defendatu, eta horretarako, euskal instituzioen esku-hartzea eskatu dute. "Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialek diseinatu eta erraztu behar dute euskal presoak etxera itzultzeko ibilbidea. Euskal gizarteak definitu behar du hauen etxera bidea. Eta horrek erabaki politiko ausart eta zuzenak eskatzen ditu", irakurri du Anaiz Funosasek azken mezuan.
Ordezkaritza sozial eta politikoa
ELA eta LAB sindikatuetako zein EH Bildu koalizioko eta EH Bai, Elkarrekin Podemos, ERC, Junts, CUP eta BNG alderdietako ordezkariek hartu dute parte manifestazioan. Aste hasieran, 18 europarlamentarik eman zioten euren atxikimendua Sareren mobilizazioari, alderdi horietakoek zein Unidas Podemoseko Idoia Villanuevak eta Eugenia Rodriguez Palopek, Antikapitalistetako Miguel Urbanek, Junts per Europako Carles Puigdemont eta Clara Ponsantik, Sinn Feineko Chris McManusek, Irlandako Independents 4 Changeko Clare Dalyk eta Syriza EP Internationaleko Dimitrios Papadimoulisek, tartean.
Manifestazioa abiatzear zela Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak salatu duenez, "euskal presoek ez dituzte gainerakoek dituzten eskubide berdinak", eta horrek "ez du inolako justifikazio politiko edo juridikorik". "Ez litzateke inoiz gertatu behar mendekuan oinarritzen den politika giza eskubideen gainetik egotea", salatu du.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren esanetan, "euskal presoen etxeratze bideari oztopoak kentzeko unea da, etxeratzea azkartzeko unea da. Dispertsio eta urruntzearekin amaitzeko izan den moduan, mobilizazio soziala espetxeetako ateak irekitzeko giltza ere bada".
EH Bilduko ordezkaritza Arnaldo Otegik, Miren Zabaletak, Oihana Etxebarrietak, Gorka Elejabarrietak eta Julen Arzuagak osatu dute. Euskal gizarteak "aurrera egin nahi du", eta horretarako "euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea ezinbesteko urratsa da", Arzuagaren hitzetan. "Gaur Bilboko kaleetan ikusiko da gure gizartean gehiengo sozial batek herri honek zentzu guztietan aurrera egitea nahi duela. Eta horretarako, euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea ezinbesteko urratsa da. Salbuespenezko legeriekin, urruneko auzitegietako interpretazio murriztaileekin, eta kausa berriak irekitzeko Estatu sakoneko aparatuen esku-hartzearekin amaitu behar dela aldarrikatzen dugu gaur", esan du.
Teresa Jorda ERCk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen ondokoak ere gogor gaitzetsi ditu "euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak", eta ohartarazi du "inoiz politikatik atera behar ez zuten gatazka" dela hau. Jordak azaldu du "Esquerra Republicanak herrien arteko anaitasunarekin duen konpromisoa dela eta" dagoela gaur Bilbon, eta, batez ere, "oinarrizko eskubideak ez ezik, giza eskubideak ere defendatzen dituelako". ERCren bozeramaileak argi utzi nahi izan du, era berean, bere alderdia "beti egongo dela Euskal Herriarekin", Kataluniak eta Euskal Herriak "irrika demokratiko eta nazionalak partekatzen dituztelako, betiere bakearen eta elkarrizketaren bidez".
Josep Rius Juntseko presidenteorde eta bozeramailea ere manifestazioan izan da, eta "Espainiako agintari guztiei euskal presoei ematen ari zaien salbuespenezko tratuari amaiera eman diezaiotela" eskatu die. Halaber, "adiskidetzearekin eta bizikidetzarekin" konpromisoa adierazi du, "giza eskubideen defentsarekin, babesarekin eta konpromisoarekin".
CUPeko Montserrat Vinyets diputatu katalana ere Bilbon izan da, eta, beste ordezkari katalanek bezala, gogor gaitzetsi du "salbuespeneko espetxe politika". "Etsaiaren zigor kodearen adibide garbia" dela esan, eta bertan behera uzteko eskatu du.
ANC plataformako presidente Dolors Feliu ere izan da gaur Bilbon, eta "elkartasun osoa" adierazi die euskal herritarrei.
Azken hitzartzea
Anaiz Funosasek (euskaraz) eta Joseba Azkarragak (gaztelaniaz) irakurri dute azken mezua Bilboko udaletxearen atarian.
"Eskerrik asko Euskal Herriko zein Euskal Herriko mugetatik kanpoko alderdi politikoei, sindikatuei eta elkarteei, eta, batez ere, euskal herritarrei, zuen presentziarekin ozen eta argi esaten ari zaretelako presoen eskubideak aitortzen ez badira bidegabekeriak iraungo duela eta arazo batek konpondu gabe jarraituko duela. Ahalegin kolektibo honi esker, bidea irekitzen ari gara euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxera itzul daitezen. Eta hori lortzeko modu bakarra da denok eskutik helduta joatea, edonor dela ere ondoan duguna, presoen eskubideak defendatuz. Horixe da elkarbizitzan oinarritutako gizarte baterantz aurrera egiteko modu bakarra", esan dute hitzaldiaren hasieran.
"Indarkerien zikloa itxi nahi dugu, eta egiazko baketzea lortu, elkarbizitza eta konponbidea ekar ditzan, giza eskubideen eta bakearen kultura ezar dezagun. Indarkerien zikloa ez errepikatzeko benetako bermea litzateke hori. Garaile eta garaituen mendekuzko agertoki bat marrazten tematzen diren horiei esan behar diegu agertoki hori asmakeria dela, eta, gainera, ez duela zerikusirik euskal gizartearen gehiengoak duen bake nahiarekin", azaldu dute.
"Konponbiderako Giltzak" leloaren arrazoiari helduta, "salbuespen espetxe politikarekin erabat amaitu eta euskal presoak etxera bidea egin dezaten ateak zabaltzea" lortu behar dela aldarrikatu dute, "sufrimenduari ateak itxiz eta elkarbizitzarako ateak irekiz".
Presoak etxeratzeko ibilbidea Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialek "diseinatu eta erraztu" behar dutela defendatu dute, eta hori lortzeko, "espetxe politikan eta politika judizialean salbuespeneko arauak desagertzea" galdegin dute berriz ere: "Ez dira pribilegioak, legezkotasun arrunta aplikatzea eskatzen dugu, ez besterik".
"Zaballan, Iruñean, Martutenen, Basaurin eta Frantziako espetxeetan dauden euskal presoei berriz esaten diegu jarraituko dugula lanean etxera itzul daitezen", baita "Venezuelan, Cabo Verden eta Kuban deportaturik daudenen zein munduan sakabanaturik dauden iheslariei guztien itzuleraren alde ere", esan dute.
"Ekitaldi honetan ez ditugu ahantzi nahi gure herrian nahiz hemendik kanpo sortutako indarkeria guztien biktima guztiak. Horregatik, salatzen ditugu biktimen minaren erabilera politikoa etengabe egiten dutenak. Biktimei errespetua, sostengua, aitortza, erreparazioa eta haien sufrimenduan elkartasuna zor dizkiegu. Esan nahi diegu haiek ere ezinbestekoak direla elkarbizitza berreraikitzeko prozesuan bake sendoa lortzeko. Gure gizartea plurala da, eta giza eskubideen defentsa du helburu, baina oso garrantzitsua da defentsa hori modu kolektiboan egitea", adierazi dute biktimei erreferentzia eginez.
Azkenik, babesa helarazi nahi izan diete "datorren apirilaren 2an eta 3an Parisko auzitegian epaituak izanen diren Txetx Etcheverry eta Bea Molle bakegileei", eta horiek errugabetzea eskatu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.
Sozialistak, Parisko Alkatetzari eusteko moduan
Emmanuel Gregoire buru duen ezkerreko koalizioak irabazi du, eta Anna Hidalgoren lekukoa hartzen saiatuko da bigarren itzulian.
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Madrilen bilduko dira aireportuen aldebiko kudeaketa negoziatzeko
Ubarretxenak argi utzi du Jaurlaritzak ez duela onartuko Estatuak ostiralean egindako kontra-proposamena, Jaurlaritzak egindako "eskakizun guztiak bertan behera" utzi baititu. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, ordea, baikor azaldu da, akordioa lortuko delakoan.
PPk irabazi ditu Gaztela eta Leongo hauteskundeak 33 eserlekurekin, PSOEk 30 lortu ditu, eta Voxek 14
Bestalde, PSOE izan da indar bozkatuena Trebiñuko konderri historikoan, eta Vox izan da bigarrena. Gaztela eta Leonen, oro har, % 65,22ko parte-hartzea izan da hauteskunde hauetan, baina % 48,26koa Trebiñun.