Galiziako hauteskundeen biharamunean, argitzeko geratu diren bost gako
Galiziako Parlamenturako hauteskunde autonomikoak igaro berritan, hauxe da emizikloaren osaera berria: 75 diputatutik 40 PPkoak izango dira, 25 BNGkoak, 9 PSdGkoak eta 1 Democracia Ourensanakoa. Bosgarren gehiengo absolutua lortu du jarraian PPk, BNGk errekor berria ezarri du nazionalismo galiziarrarentzat, sozialistek galera gogorra izan dute eserlekutan eta DO Parlamentuan estreinatu da. Sumarrek, Podemosek eta Voxek ez dute ordezkaritzarik lortu.
Biharamunak galdera batzuk utzi ditu mahaigainean, eta hilabete gutxitan argituko dira horietako batzuk; besteak beste, bi hauteskunde hitzordu berri daudelako ate joka.
Galiziako hauteskundeen emaitzek ziklo aldaketa iragartzen al dute Espainian?
PP "ziklo aldaketaz" hitz egiten hasi da jada. PSOEri "hauteskunde guztiak" irabazi dizkiotela nabarmendu nahi izan dute, "azken 16 autonomikoetatik 11". Cuca Gamarra idazkari nagusiaren esanetan, "hauteskunde-ziklo berri bat abian da, argi geratu delako Sanchezen ereduak ez duela espainiarren babesik".
PPren iritziz, Galiziako emaitzek herritarren mezu argia ematen diote PSOEri, ez dutela Amnistia Legea onartzen, alegia, eta datozen hauteskundeei begira, Maria Jose Saenz de Buruaga Kantabriako presidenteak adierazi du "aldeko haizea" dabilela EAEko eta Europako hauteskundeetarako.
Ez da hori, ordea, PSOEren interpretazioa. Emaitzak txarrak izan direla onartu arren, "bere hautagaiari ezagutzera emateko denbora falta izan zaiolako" izan dela uste dute sozialistek, ez duela Amnistia Legearekin zerikusirik, eta ukatu egin dute "ziklo aldaketaren abisua" izan denik. Esther Peña PSOEren Zuzendaritza Federaleko bozeramaileak defendatu duenez, "emaitza desberdinak ditugu autonomia erkidegoetan, baina ez gara gutxiengoa inon".
Gogoan izan behar da, dena dela, bi urteko bolada txarra daramala PSOEk Espainian. Lehen indarra izateari utzi zion Gaztela eta Leonen 2022ko hauteskunde autonomikoetan; babesa galdu zuen urte horretan bertan Andaluziako hauteskunde autonomikoetan, PPk gehiengo osoz irabazi baitzuen; eta botere asko galdu zuen 2023ko maiatzeko udal eta autonomia hauteskundeetan, eta horrek eragin zuen hauteskunde orokorrak aurreratzea.
Ahots kritiko ohikoenak, Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidenteak, alderdiak hausnarketa sakona egitea eskatu du beste behin ere: "gai batzuen inguruan hausnarketak eta zuzenketetak eginez bakarrik zuzendu dezakegu ziklo bat, alderdia eramango duen zikloi bat bihur ez dadin", ohartarazi du.
Podemos eta Sumar desagertze bidean abiatu al dira?
Sumarrek aitzakiarik gabe onartu ditu Galiziako hauteskundeetan izandako emaitza txarrak, baina erkidegoaren "testuinguru konplexuan" kokatu du gertatua eta bere markak "indartsu" jarraitzen duela ziurtatu du, nahiz eta botoen % 1,9ra baino ez iritsi. Etorkizuneko Amnistia Legeari buruzko eztabaidak ez duela eraginik izan emaitzetan uste dute, ezta Podemosekin izandako hausturak ere. Antolaketa-indarrean eta lurraldeko azpiegiturak landuko dituzte Euskadin beste horrenbeste gerta ez dakien.
IUtik esan dute, dena dela, Podemosekin izandako hausturak "ez duela itxura ona eman".
Sumarren iturriek EITBri adierazi diotenez, "Galiziako emaitzek ez dituzte hemengo erabakiak aldatzen. Toki ezberdinak dira eta hemen, duela astebete esan bezala, negoziaketa esparrua itxita dago. Podemosetik ez dute adierazpenik egin nahi izan gai honi buruz.
Galizian izandako emaitzek txarrak onartu ditu Podemosek ere, botoen % 0,26 besterik ez baitute lortu. Eszenatoki "zailetik" abiatzen zirela esan dute, baina porrota "adierazgarria" dela eta orain Galizian zein Estatu osoan alderdia "berregitea" tokatzen dela. Pablo Fernandez Podemoseko Antolakuntza idazkariak adierazi duenez, "berreraikuntzarako lehen froga Euskadin" izango da. Hemen egoera desberdina dela defendatu du, alderdiak presentzia duelako erakundeetan, lurraldean errotuta daudelako eta urteetan "finkatutako" proiektua dutelako.
Juan Carlos Monedero politologo eta Podemosen sortzaileetako bat izan zenak X sare sozialean idatzi du Sumarren eta Podemosen arteko "borrokak" "biak ala biak garrantzirik ez izatera" eraman dituela eta hori ikusita, esan du "egoagatik eta haserreagatik mugitzen denak hobe lukeela etxera joatea".
Voxen hazteko ezintasunak ultraeskuinaren burbuilaren amaiera irudikatzen al du?
Haserre hitz egin dute Voxeko buruzagiek Galiziako hauteskundeetan botoen % 2 eskuratu eta Parlamentuan eserlekurik gabe geratu ondoren. Alderdi ultraeskuindarrak ez du lortu, berriz ere, ordezkaritzarik.
Voxen ustez, hautesleei euren mezua helaraztea galarazten diete, "komunikabideek isilarazi egiten dituztelako" eta beste alderdiek "beldurraren botoa"-ren karta jokatzen dutelako.
Ekainaren 23ko hauteskunde orokorretan 19 diputatu galdu ondoren egin bezala, oraingon ere ez dioten euren jardunari akatsik aurkitu Santiago Abascalen taldekideek eta besteen eraginari egotzi diote euren porrota. EAEko eta Europako hauteskundeei begira, PSOE-Sumarren "ahultasuna" aprobetxatzeko deia egin dute, eta Sanchez eta nazionalismoa "zuritzeari" uzteko eskatu diote PPri.
Erantzun gisa edo, Javier De Andres EAEko PPko presidenteak bideo bat argitaratu du sare sozialetan Galiziako hauteskundeetan Voxi botoa emateak "ezertarako ez duela balio" erakutsi duela esanez.
Xuntara iristeko moduan ikusten al du BNGk bere proiektua?
Hauteskunde Batzorde Nazionala bildu du gaur BNGk, emaitzak aztertzeko: 25 diputatu eta 467.074 boto eskuratu dituzte, datu historikoa. Ana Ponton buruzagi nazionalistak hitz eman du lanean jarraituko duela euren proiektua "pertsona gehiagorengana zabaltzeko" eta sektore gehiagotara iristeko. Hala, helburu berari eusten diotela defendatu du, BNG PPren alternatiba gisa sendotu eta egunen batean popularren "nagusitasuna" hautsiko dutela ziurtatu du
"Egia da ez dugula PPren gehiengo osoa garaitzea lortu, baina ezer ez da berriro berdina izango. Galizia aldatu egin da eta etorkizunerako alternatiba sendoa eta itxaropen eta ilusio emaria dago", azpimarratu du Pontonek.
"Badakit ez dugula helburua lortu eta pertsona asko desengainatuta daudela, baina esan nahi diet ez egoteko, itxaropenerako arrazoiak ditugula. Aldaketa sakonek denbora asko daramate, baina argi dago herri hau aldatu egin dela eta aldaketa horiek iritsiko direla", berretsi du, itxaropenaren aldeko aldarria eginez.
Galiziako emaitzek euskal alderdi subiranistak indartzen al dituzte?
EH Bildu ERCrekin eta BNGrekin aurkeztuko da Europako hauteskundeetara. Arnaldo Otegi koalizio independentistako koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, BNG "etorkizuneko indarra da Galizian" eta "Estatuko lurralde-eztabaidarako bidelagun" izango da.
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ere esan du "biziki" pozten dela BNGk atzo Galiziako hauteskundeetan lortutako emaitza "bikainengatik". Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, PPko hautagaia zoriondu ondoren, Ortuzarrek salatu du Estatu mailako lehia eraman dutela PPk eta PSOEk hauteskunde horietara eta biei gaizki atera zaiela gainera du: "Biak atera dira galtzen estrategia horretan, PP bi eserleku atzera eginez eta PSOE bost".
Javier de Andres EAEko PPko presidenteak iritzia eman nahi izan du Ortuzarrek esandakoari buruz ere. EAJ ez duela ulertzen esan du, eta alderdi jeltzaleak BNGren "arrakasta ospatzen" zer egiten duen galdetu die, "gauza bera gertatzen bada EAEko hauteskundeetan edo Europako hauteskundeetan ere poztuko al dira?", galdetu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.