HAUTESKUNDE PROPOSAMENA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EH Bilduk Industria Politikaren Diseinurako Kontseilua sortzea proposatu du, politika proaktiboak sustatzeko

Otxandianok azaldu du industriak egun bizi duen egoera konplexuaren aurrean, arazoei aurrea hartuko dieten politika "proaktiboak" behar direla. Bere hitzetan, Imanol Pradales lehendakariak joan den astean proposatutako industriaren defentsarako lantaldea "erreaktiboa" da.
Pello Otxandiano eta Ander Goikoetxea gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Pello Otxandiano eta Ander Goikoetxea gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

Industria Politikaren Diseinurako Herri Kontseilua sortzeko proposamena erregistratu du gaur EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. "Ehun industriala indartzea" eta "egungo erronkei aurre egiteko estrategia diseinatzea" izango lirateke bere funtzio nagusiak, horretarako "politika proaktiboa eta etorkizunera begirakoa" ardatz hartuta.

Pello Otxandiano EH Bilduk Gasteizko Ganberan duen eledunak eta Ander Goikoetxea legebiltzarkideak aletu dute proposamena, hedabideen aurrean egindako agerraldian. Azpimarratu dutenez, euskal industriaren egoera "gero eta kezkagarriagoa da hainbat sektoretan" —Guardian eta Talgo aipatu dituzte adibide gisa— eta ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak "rol proaktiboa" hartzea. "Jaurlaritza ezin da jarrera erreaktibo batera mugatu", ohartarazi du Otxandianok.

Zentzu horretan, koalizioak uste du Imanol Pradales lehendakariak joan den astean iragarritako Euskal Industriaren Ekintza eta Defentsarako Taldeak ez diela aurrea hartuko industriaren alorrean sortzen ari diren arazoei. Horren aurrean, EH Bilduk azaldu du "anbizio handiko industria politika baten aldeko apustua" egin nahi duela, "sektorearen indarguneak aprobetxatu, ahuleziei aurre egin eta Euskadi merkatu globalean posizio lehiakor batean kokatzeko".

EAEko "eragile ekonomiko eta industrial nagusiak bilduko dituen organo egonkor bat sortzea du xede" gaur aurkeztutako planak. Azaldu dutenez, Kontseilu horretan hainbat enpresa eta elkartek izango lukete ordezkaritza: sindikatuak, kooperatibak, unibertsitateak eta eskualdeetako garapen agentziak, besteak beste. Denen parte-hartzearekin industria sektorea suspertzeko "estrategia eraginkor bat diseinatzea" nahiko luke EH Bilduk, begirada "epe luzean" jarrita, baina "proposamen zehatzekin".

Ander Goikoetxea legebiltzarkideak azaldu duenez, "industria politikari lotutako eragile nagusiek osatuko lukete Kontseilua, aditu talde txiki baten aholkularitzak lagunduta". "Horren helburua 10 urterako industria estrategia garatzea eta urtero batzar espezifikoetan berrikustea izango litzateke", zehaztu du.

"Jaurlaritzarentzat eta Legebiltzarrarentzat proposamenak eta txostenak sortzeaz gain", Kontseiluak egunerokoan aplikagarriak diren neurri zehatzetan ere lan egitea proposatzen du EH Bilduk. "Ezin dugu inprobisazioz funtzionatzen jarraitu gure industriaren bideragarritasuna jokoan dagoenean". 

Zerrenda bateratuak

Bestalde, galde-erantzunen txandan, joan den asteburuan EH Bilduk proposatutako zerrenda bateratuen proposamena berretsi du Otxandianok, herri mailako interesak alderdien interesen gainetik egon behar dutela sinetsita.

Ezker abertzaleko koalizioak joan den asteburuan Iruñean egin zuen kongresuan jarri zuen proposamena mahai gainean: Senaturako, Kongresurako eta Europako Parlamenturako hauteskundeetarako beste alderdi batzuekin —EAJrekin eta ezker konfederalarekin— zerrenda bateratuak osatzea onartu zuten, "adostasun zabaleko gutxieneko programa komun bat oinarri hartuta". Berehala baztertu dute proposamena jeltzaleek, Sumarrek eta Podemos-Ahal Duguk, ez dela bideragarria iritzita.

Otxandianoren arabera, proposamena "egokia" da eta "dudarik gabe" bere horretan utziko dute aipatutako hauteskunde hitzorduetan. Uste du egungo egoera politikoan are beharrezkoagoak direla halako erabakiak. "Herri ikuspegia duen epe luzeko proposamena da", erantsi du.

Hori horrela, EH Bilduren ordezkariaren hitzetan, "gutxieneko programa adosteko gai" izan beharko lukete alderdiek, eta herriaren interesak lehenetsi.

Zure interesekoa izan daiteke

(Foto de ARCHIVO)

Una persona echa combustible, a 4 de marzo de 2026, en Barcelona, Catalunya (España). El repunte del precio del petróleo (crudo Brent) tras la escalada de tensión y nuevos ataques en Oriente Próximo está trasladándose a los carburantes. Las estimaciones apuntan a que, si se consolida el encarecimiento del crudo, el impacto podría ser de 8–10 céntimos por litro adicionales en el surtidor en las próximas semanas.



David Zorrakino / Europa Press

04 MARZO 2026;CATALUÑA;DIÉSEL;GASOLINA;GASOLINERA;CARBURANTE;CRUDO;PETRÓLEO;

04/3/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

EAJ "pozik" krisiaren aurkako neurriekin, baina EH Bilduren ustez, "ez da nahikoa"

Jeltzaleen arabera, neurri horiek "elektrizitatearen eta erregaien azken prezioa familientzat eta autonomoentzat eskuragarriagoa izaten lagunduko dute". Koalizio abertzaleak positibotzat jo du Sanchezi helarazitako hiru proposamen jaso izana, baina neurriek energia eta petrolio enpresa handien irabaziak handituko dituztela kritikatu du. Bestalde, PPk ez du bere babesa ziurtatu nahi, eta Podemosek salatu du krisiaren aurkako plana ez dela eraginkorra.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X