Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du atzerritarren lan-baimenen kudeaketa
Euskadik migratzaileen lan-baimenekin lotutako eskumen berriak kudeatuko ditu gaurtik aurrera; helburua integrazioa erraztea eta administrazio-izapideak arintzea da.
Fruta-denda bateko langile bat, jeneroa jartzen kalean. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak, gaurtik aurrera, Euskadin bizi edo lan egiten duten atzerritarrentzako lan-baimenekin lotutako hainbat kontu kudeatuko ditu. Espainiako Gobernuarekin adostutako eskumen-eskualdaketa berri bat da, eta, horri esker, Jaurlaritzak baimen horiek izapidetu ahal izango ditu, sasoiko kontratazioak barne.
Banakako kudeaketez gain, Eusko Jaurlaritzak jatorrian egiten den kontratazio kolektiboaren koordinazioa ere bere gain hartuko du, lan-izapideekin zerikusia duen guztian. Besteak beste, kontratuek errotze soziolaborala lortzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatuko du, baita migratzaileek jasotako prestakuntzak gizarte- eta prestakuntza-errotzea eskatzeko balio duen ere.
Baimen horiek arautzen dituen araudiak Estatuaren eskumena izaten jarraituko du, eta hark irizpide orokorrak markatzen eta jatorrizko herrialdeekiko harremanak kudeatzen jarraituko du kontratazio kolektiboen kasuan.
Transferentziak ekarriko du, halaber, Estatuko administrazioan hutsik dauden lau lanpostu Euskadira lekualdatzea: bi Bizkaian, bat Gipuzkoan eta bestea Araban.
Eustaten datuen arabera, 2024an 217.489 atzerritar bizi ziren Euskadin, hau da, biztanleria osoaren % 9,9. Pertsona horien % 14,7 langabezian zeuden. Lanbideren bidez 5.000 pertsonak baino gehiagok prestakuntza jaso duten arren, horietako askok ezin izan dute lan-merkatuan sartu, dokumentazio faltagatik.
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du eskumen berri horrek aukera emango duela harrera-ibilbideak osatzeko, migratzaileen gizarteratzea eta laneratzea errazteko eta egoitza-baimenak arintzeko.