Espainiako Gobernuak "larrialdiak kaltetutako eremuak" izendatu eta laguntzak iragarriko ditu gaur, suteak direla eta
Pedro Sanchezek Ministroen Kontseiluan onartuko du neurria, eta klima-aldaketari buruzko ministerioen arteko batzorde bat sortuko du, krisiari behar bezala heltzeko.
Pedro Sanchez, Jarillasko sutean, larrialdietako arduradun batekin. Argazkia: Europa Press.
Espainiako obernuak "babes zibileko larrialdiak kaltetutako eremuak" izendatuko ditu astearte honetan, aurten Espainian ia 400.000 hektarea erre dituzten baso-suteek kaltetutako lurraldeetan.
Era berean, Sanchezek beiezkoa emango dio klima-aldaketari buruzko ministerioen arteko batzorde bat sortzeari, eta astearte honetan bertan bilduko da, larrialdi klimatikoari aurre egiteko estatu-itun bat lortzeko helburuarekin.
Ministroen Kontseiluaren ostean, Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako presidenteordeak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak kaltetuentzako lehen laguntzak iragarriko dituzte, "behar duten guztientzat", Angel Victor Torres Lurralde Politikako ministroak baieztatu zuenez.
Oraingoz, hamahiru sute diraute piztuta, 2. egoera operatiboan: zazpi, Gaztela eta Leonen; hiruna Asturiasen eta Galizian. Bien bitartean, hiru egonkor daude, eta zazpi, kontrolpean. Larrialdi-egoera ezartzeak "baliabideen koordinazioa indartzea ahalbidetuko du", baita "Larrialdietako Unitate Militarraren parte-hartzea eta, beharrezkoa balitz, Europako laguntza logistikoa ere".
Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo oposizioaren buruak 50 neurriko plan bat aurkeztu zuen astelehenean. Horretan, honakoak jasotzen dira: piromanoen erregistro nazional bat, Babes Zibilaren profesionalizazioa eta landa-eremurako laguntza gehiago. Hala ere, Gobernuak ekimena zalantzan jarri du, eta "eskumenak argi eta garbi zehaztuta" daudela gogorarazi; zenbait proposamen, gauza positiboak badituzte ere, "errotik gaizki jaioak" direla azpimarratu du.